GARA > Idatzia > Kultura

Gazteek, aldarrikapena eta sormena uztartuz, auzolanaren emaitza plazaratu dute Agurainen

Garaion Naturartea elkarteak bultzatuta, gaztetxoek sormenaren bidez, denak elkarrekin, euren errebindikazioak plazaratzeko ekimenak Aguraingo kaleak bete zituen atzo. Amaieran bi artelan aurkeztu zituzten.

p052_f02.jpg

N.B. | AGURAIN

Artea oinarri auzolana bultzatzen duen Garaion Naturartea elkarteak ekintza artistiko bat burutu zuen atzo Agurainen. Taldeak natur elementuak erabiliz herriko espazioetan artelan iragankorrak sortzen ditu, eta hauen bidez gazteen kezkak eta nahiak adierazten dituzte.

Atzoko ekintzan, musikaren erritmoan, Aniturri institutuko DBHko laugarren mailako ikasleek bi artelan egin zituzten goizean. Lehenari «Gazteak batu, indarrak lortu» izena jarri zioten, elkarri helduta dauden bi esku erraldoi irudikatzen zituelako. «Bi esku hauek gazteen indarrak batuta gauza pila bat lor ditzakegula adierazi nahi dute», azaldu zuen Uxoa Agirrezabal antolatzaileetako batek.

Beste artelanak «Obra gutxiago, gazteentzako gehiago» zuen izena eta kritika zuen oinarrian. Izan ere, Agirrezabalen esanetan, «Agurainen azken urteetan alferrikako obra handitan diru pila bat gastatu dela kritikatu eta gazteen beharrei kasu gehiago egiteko eskatu nahi izan dute». Lan honetan okupazioa, presoak herriratzeko nahia, euskararen erabilera, independentzia, genero berdintasuna eta musika irudikatzen zituzten ikurrak sortu zituzten, besteak beste, mosaiko moduan jarriz. Gainera, herrian zehar zenbait ikur zeramatzaten kartelak zabaldu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo