GARA > Idatzia > Kultura

Xalbador Egunak bertsolari baxenabartarra eta Joakin Berasategi omenduko ditu

GARA | BAIONA

Urepelen, Xalbador zenaren herrian, ospatuko da aurten ere bertsolariaren omeneko asteburua. Aurten Joakin Berasategi bertsozalea ere omenduko dute. Bihar Kintoa eta Nafarroari buruzko mahai-ingurua eta afaria egingo dituzte, eta iganderako egun osoko programa prestatu du Deiadarra elkarteak.

Martxoan zendu zen Joakin Berasategi bertsozale eta Sendoa argitaletxeko sortzailea gogoan hartuko dute aurtengo Xalbador Egunean. Deiadarra elkarteko kidea ere bazen Berasategi, eta haren omenez igandean bideo emanaldia eskainiko dute 14.00etan. Bazkalostean, bertso saioa izango da Jose Luis Gorrotxategi, Aitor Sarriegi, Xebastian Lizaso eta Juan Jose Loidisaletxeren eskutik, Joxe Mari Iriondoren gaiei erantzungo dietelarik.

Biharko egitaraua Eider eta Gorka Zabaletaren kantaldiarekin hasiko da. Kintoa eremuari eta Nafarroari buruzko mahai-inguru baten ondoren afari alaia egingo dute. Xenderaineko ahizpak eta Mutrikuko trikitilariak gehituko dira giroari beraien musikarekin.

Igandea egun nagusia izango da. Urtero Xalbadorren etxolara egiten den ibilaldiarekin abiatuko da egitaraua. Mezaren ondoren Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko bideo emanaldia izango da. Urepeleko karrikak Donapaleuko joaldunen eta Baigorriko Indart trikitilariekin girotuko dira, Larraineko dantzariei tokia eginez.

Bazkariaren aurretik Donazaharre eta Mutrikuko taldeen artean zoingehiagoka eginen da sokatira, segan eta orga eta lasto altxatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo