GARA > Idatzia > Kultura

«Gogoz noa nortasunen arteko jolasera eta txapelketaren jokora»

p054_f01.jpg

Odei Barroso

Bertsolaria

Jaiotzez bizkaitarra da Odei Barroso (1988), baina betidanik Urruñan bizi izan da. Puntako bertsolaria izateaz gain, txikiek bertsolaritzaren mundua ezagutu dezaten lanean ari da. Izan ere, bertso irakaslea da. 2008an Xilabako finalista izan zen, eta 2010ean bigarren.

Jon GARMENDIA | DONOBANE-GARAZI

Hitzarekin jolastu egiten du, eta baita jokatu ere. Bertsoarekin gozatu, eta ahal delarik gozarazi. 24 urte bete berri ditu Urruñako bertsolariak. Gaur, kantuan ariko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapelketaren finalerdian. Orain bi urte, ezustekoa eman zuen finalean, Amets Arzallus eta Sustrai Colinaren artean sailkatzea lortu baitzuen. Bera da egungo txapeldunordea.

Hirugarren aldiz hartzen duzu parte Xilaba txapelketan, nola sentitzen zara zu?

Egia erran azken egunotan aski urduri sentitzen naiz; gure txanda dator. Galderak eta gogoetak buruan itzulika darabilzkit. Beste aldietan baino esperientzia gehiagorekin noa txapelketara, nahiz eta azken asteetan ez naizen biziki eroso eta fresko sentitu bertsotan. Nahi dudanaren eta egin dezakedanaren artean nabil borrokan, baina ilusioz eta gogoz hartzen dut txapelketa.

Aitzineko txapelketan bigarren egin zenuen, sorpresa izan zen askorentzat...

Oroitzen hasirik, eroso sentitu nintzen, urduritasunak ez zidan gaina hartu, eta gozatzera ere iritsi nintzen. Sorpresa... sorpresarik handiena neuk eraman nuen! Hala ere, ongi dakit egun bateko kontua izan zela, eta egun hartan ongi atera zen gisan, beste batean gaizki ere ateratzen ahal zaidala.

Hori du txapelketak, egun horretan egin behar da, momentu horretan. Hor ateratzen ez bada, besteak ez du balio. Lan baten fruitua ere izan zen, talde baten eta bakarka egindako lanaren fruitua. Txapelketan bigarren gelditu izanak poz handia eman zidan baina ez ninduen itsutu. Egun hori aitzin nintzena, naiz.

Zein helbururekin zoaz aurten txapelketara?

Beste guztiak bezala ahal dudana egitera noa txapelketara. Nire aletxoa uztera. Helburu zehatzik gabe, dakidana egitera joan nahi dut, gaizki ere atera daitekeela jakinez. Nirea egin nahi dut besteekin, besteek berea egin ahal dezaten nirekin. Ilusioz, gogoz eta kolektibotasunez bizi nahiko nuke txapelketa. Niretzat txapelketa tresna bat da, bertsolariarentzat eta bertsolaritzarentzat. Xilaba helburu pertsonaltzat baino erronka kolektibotzat hartzen dut.

Bertsolari gutiagok eman dute izena aurten txapelketan, zeren ondorio dela uste duzu?

Plazetan Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarreko zenbat bertsolari dabiltzan ikusirik hain kopuru tipia ere ez da. Anitz falta dira hala ere, bakoitzak bere arrazoiak izanen ditu eta errespetagarriak erabat. Txapelketara ateratzea ez da erraza. Presioa eramaten jakin behar da eta eskema zehatz batzuen barnean egin bertsotan. Denboraldi batean burua hor murgildurik ukan behar duzu, eta luze ere joan daiteke. Hasieratik argi genuen ginenon artean eginen genuela, hor ari gara eta horra goaz.

Bertso irakaslea ere bazara, nola ikusten duzu Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna?

Ipar Euskal Herrian bertsolaritza gorantz doala ezin uka. Gero eta haur gehiago daude bertso eskoletan eta etorkizunak kolore argi bat izanen duela espero dut. Orain, dagoenari eustea dagokigu, lan egiten segitzea eta eremu berriak sortuz sorraraztea.

Zurekin finalerdian kantatuko dutenak nola ikusten dituzu?

Finalerdietan saio polita aterako dela sinesten dut. Bertsolagunek sasoi polita erakutsi dute aitzineko saioetan eta plazerez kantatuko dut horiekin. Uste dut Xilaba, mailak maila, nortasun handiko txapelketa dela, eta Garazin ere sei nortasun ikusiko dira oholtzan. Ramuntxok biziki kolpe politak ditu eta edonor harritu dezakeela uste dut. Egoitzek lanketa sakon bat erakutsi du bere ideia konplexuak bertsotara eramateko.

Maddi Anek eta Maddik gazteen freskotasuna dute, indarra eta bereziki ideia aberatsak. Sustrairi buruz zer erran, lanaren eta berezko gaitasunaren uztarketa bikain bat da. Bideak irekitzen maisu eta erantzuten nagusi. Txapeldun horien guzien artean nik ere neure alea utzi nahi nuke eta gogoz noa nortasunen arteko jolasera eta txapelketaren jokora.

Donibane Garazin da azken finalerdia, Baxenabarreko hiriburuan, batzuentzat aldarrikapenaren ardatz, besteentzat turismo postala...

Gu aldarrikatzera joanen gira. Ipar Euskal Herria aspaldian da turismo postala, baina gurea ez da hori. Guk geure hizkuntzan bizi nahi dugu. Gure interesa ez da ekonomikoa, kulturala baizik.

ESKARMEnTUA

«Beste aldietan baino esperientzia gehiagorekin noa txapelketara, nahiz eta azken asteetan ez naizen biziki eroso eta fresko sentitu bertsotan»

PRESIOA

«Txapelketara ateratzea ez da erraza. Presioa eramaten jakin behar da eta eskema zehatz batzuen barnean egin bertsotan»

Donibane Garaziren zain dago Baiona

Azaroaren 10ean Baionako Laugan jokatuko da 2012ko Xilaba bertsolari txapelketako finala. Han, Ipar Euskal Herriko sei bertsolari arituko dira kantuan, eta oraingoz Amets Arzallusek du tokia segurtatua. Gaur, Donibane Garaziko Vauban zineman jokatuko da bigarren finalerdia, arratsaldeko bostetatik goiti, eta bertan argituko da zeintzuk diren txapeldunari lagunduko dioten beste bost bertsolariak. Itsasuko Maddi Sarasua, Aiherrako Ramuntxo Christy, Hendaiako Egoitz Zelaia eta Maddi Ane Txoperena, eta Urruñako Sustrai Colina eta Odei Barroso lehiatuko dira toki horren xerka.

Sarasua eta Txoperena dira gazteenak, bertso eskoletatik txapelketa handirako urratsa egin berriak, lehen aldiz hartzen dute parte txapelketan, eta biziki lan polita egina dute orain arteko bidean. Zelaiak eta Christyk bigarren parte hartzea dute, eta biek dute gauza interesgarririk eskaintzeko hitz neurtuen jokoan. Colinak ez du aurkezpen anitzen beharrik, erreferentzia nagusietako bat baita bertsolaritzaren munduan, eta batez ere Bidasoaz haragoko lur hauetan. Barroso berriz txapeldunordea da, eta titulu horren zama uxatzea lortzen badu, hitz ederrak elkarrekin josteko abilidade berezi bat baduela erakusteko gai da.

Eneritz Zabaletak eta Xumai Muruak ere aukera dute finalean kantatzeko, baina gaur zer gertatuko zain egon beharko dute. J.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo