GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Ben Jellounen Maroko

Arabiar kutsua duen orotan exotismoa bilatzeko ohitura izaten dugu mendebaldekook. Tahar Ben Jellounen (Fez, Maroko, 1944) liburuek zerbait arbuiatzen badute, hain zuzen, exotismoa da. Bere herriaz mintzo denean, argilun guztiekin egiten du. Fezeko kaleetako espezia usainak aipatuko ditu lerro batean, eta jarraian diziplina esparrura joango zaio gogoa, aurpegi samurrenak ere izaten baitu bere alde ezkutua, iluna. Eta, tamalez, Maroko ederrean itzalak ugariak dira. Idazteari ekin zionean, Ben Jellounek bere gain hartu zuen bere herrialdeari justizia egitearen betebeharra, onerako zein txarrerako. Horrek ezinikusi handiak irabazarazi dizkio, arabiar munduan eta Europan. Izan ere, bere jaioterriko ustelkeria salatzen duenean, Mendebaldearen hipokrisia kritikatzen ari da aldi berean, ez baitugu ahaztu behar Afrika zein Asiako lurralde askoren gaitzak kolonialismoaren garaitik -eta oraindik irauten duten eskuhartzeetatik- datozela. Ben Jellounen hitzei askatasun, justizia eta bizi nahi izugarria darie. Horren adibide da «Cette aveuglante absence de lumière» (Sufrían por la luz, RBA), orain arte egilearen obrarik biribilena. Benetako gertakarietatik abiaturik -erregearen kontrako estatu kolpean parte harturiko militar gazte batzuek jasotako zigorra deskribatzen du urratsez urrats-, marokiarrak gizakiaren ankertasuna noraino irits daitekeen azaltzen du, baina halako egoera batean ere ez dugu gorroto zantzurik aurkituko, ezta mendeku goserik. Gertatzen dena ulertu eta gainditzeko premia, eta, batez ere, berriro errepika ez dadin irakasgaia aintzat hartzearen beharra aldarrikatzen du.