GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Aizkolarien Bigarren Mailako finala

Lehen Mailara igotzeko azkeneko aukera izango da

Ruben Saralegi, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugertza, Juanjo Lopez, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza neurtuko dira bihar arratsaldean, Aizarnazabalen.

p042_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatuko da bihar Aizarnazabalgo plazan, 18.30etik aurrera. Eguraldi txarra egiten baldin badu, pilotalekuan jokatuko da. Azken saio honetan, abuztuaren 17an Azkoitian jokatu zen kanporaketako sei onenak arituko dira nor baino nor. Ruben Saralegi, Larrañaga, Mugertza II.a, Lopez, Zaldua eta Mugertza III.a izango dira. Lehen bi sailkatuek lortuko dute datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu.

Ruben Saralegi izan zen Azkoitiko kanporaketako onena, eta itxura oso ona emanez lortu zuen garaipena. Lehen urtea du Bigarren Mailan, pasa den urtean lortu baitzuen Hirugarren Mailakoa irabaztea. Kanporaketakoa baino luzeagoa da lana, eta hor nola moldatuko ote den zalantza dute zaleek. Garbi dago biharko txapela irabazteko faboritoen artean dagoela.

Mikel Larrañaga azpeitiarra da txapela lortzeko faborito nagusia. Kanporaketan bigarren izan zen, baina epaiekin asmatu izan balu berak irabaziko zuen. Horrek sortzen ditu bere inguruan zalantzak, izan ere, Azkoitian besteen gainetik agertu zen, baina gero enborra partitzerakoan arazo dezente izan zituen, eta lehenengo amaitzeko aukera kendu zion. Garbi dago, halere, gauzak gaizki egiten ez baditu lehen bi postuetan egon beharko lukeela azpeitiarrak.

Ugaitz Mugertza da kontuan hartu beharreko beste aizkolari bat. Oraindik gaztea izan arren, eskarmentu handia dauka, eta maila ere oso ona dauka. Bere maila ematen baldin badu aurrean ibiliko da, eta datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratzen baldin badu, ez da ezuste handia izango.

Juanjo Lopez da kontuan hartu beharreko beste aizkolari bat. Finaleko zaharrena izango da. Lehen Mailan urte askoan ibilitakoa da, baita finaletan sartutakoa ere. Maila nagusiko podiuma ere ongi ezagutzen du, baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta hortik etorri da bere beherakada.

Xabier Zalduarekin inork gutxik kontatzen du, baina aizkolari honekin ere adi ibili beharko da. Zumarragakoa beti ongi prestatuta egoten den horietakoa da, eta saiatuko da lehen bi postuetan sartzen. Hori lortzen baldin badu, ez da ezuste handi horietakoa izango, nahiz eta zaleek ez duten aurreneko bi aizkolarien artean ikusten.

Ugaitz Mugertzak, berriz, helburua bete zuen finalerako txartela lortuta. Hemendik aurrera datorren guztia ongi etorria izango du. Bihar lan on bat egin, eta itxura ona ematea izango da bere helburua. Finaleko sei aizkolarietatik, lau 26 urtetik beherakoak dira, eta etorkizunari begira, hori oso berri ona da.

Nazabalek eta Olasagastik Txapeldunen Ligako neurketa jokatuko dute

Floren Nazabal eta Joxemari Olasagasti neurtuko dira Zorrotzan, 12.30ean, jokatuko den Txapeldunen Ligako neurketan. Juanjo Lopez zen aritzekoa, baina Lezaungoak bihar Bigarren Mailako finala dauka, eta bere ordez neurtuko da Igeldokoa.

Aizkolari bakoitzak lan ezberdinak egin beharko ditu, eta denetako denborak batu ostean, onena duenak lortuko du garaipena. Iraupen probarekin amaitzen da saioa, eta normalean, gainera, hortxe erabakitzen da ekinaldia.

Nazabal Txapeldunen Ligako sailkapen nagusian lehenengo doa, eta bera izango da gaurko saioa irabazteko faboritoa ere. J.L.

Jauzia

Sailkapeneko aurreneko bi aizkolariek lortuko dute datorren urtean Euskal Herriko Lehen Mailan aritzeko txartela. Pasa den urtean Irazuk eta Erasunek lortu zituzten.

Lana

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko ditu. Lehen Mailako kanporaketan egiten duten lan bera egin beharko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo