Su Ta Gar taldeak bere diskorik orekatuena kaleratuko du apirilean
Apirilaren 6an kalean egongo da Su Ta Gar taldearen zortzigarren diskoa. Haren izena «Jainko hilen uhartean» izango da, eta bertan, hamaika abesti egongo dira entzungai. Eibartarren musika ibilbidean ongi uler daitekeen diskoa da, eta metala eta melodia bateratu ditu. Aitor Gorosabelen konposatzeko ahalmena ere agerian geratu da berriro.
Arratsaldeko lau eta erdiak dira eta Berrizko San Lorentzo auzoan lasaitasun izugarria dago. Kotxea non-nahi uzteko aukera dago, beste auto bat baitago soilik. Bertan, baserri berriztatu baten barnean, Euskal Herrian egon den estudio mitikoetako bat dago: Lorentzo Records. Atean eskegita dagoen zurezko kartel batek hala adierazten du. Txirrina jo eta gero, atea bakarrik zabaldu da, eta igotzera gonbidatzen duten eskailera batzuk atzean utzi eta gero, Aitor Ariño teknikaria agurtzera irten da. «Oraindik Galder bakarrik heldu da, mutilak laster helduko dira», esan du Ariñok.Galder Arrilaga gaur egungo Su Ta Garreko bateria jotzailea da. Eibarko taldearen lehen bateria jotzailearen (Borxa Arrilaga) anaia da, eta bi etapatan laukotearen parte izan da. «Aupa, garaiz zatoz, jendea bostetarako helduko da. Disko berriaren kanta batzuk entzuten joango gara, eta heltzen direnean elkarrizketarekin hasiko gara», argitu du Galderrek. “Uniformeen pasarelak” da Aitor Ariñok prestatu duen lehenengo abestia. «Singlea izango da, hemendik gutxira irratietan entzuten hasiko da», nabarmendu du Galderrek. Ez da kanta erraza, ez da irratirako egiten diren horietakoa, baina dudarik gabe ona da. Energia, melodia, kalitate instrumentala eta konposaketaren magia behar diren dosietan agertzen dira. Su Ta Garren abesti garbia da, baina, hala ere, berritasun bitxi eta goxoak ditu. “Uniformeen pasarelak” hirugarrenez entzutean atetik Asier Osoro agertu da. Taldeko baxu jotzaileak eskua luzatuz galdera hauxe egin du: «Zer? gogorra, eh?». Jarraian taldeko ahotsa, gitarra jotzailea eta konposatzailea heldu da. Aitor Gorosabelek elkarrizketa beste gela batean egitea proposatu du. Baffleek “Estralurtarra” eta “Jainko hilen uhartean” entzuteko aukera ematen dute. Itxura ezin hobea dute kantek lehenengokoan. «Abesti komertzialagoak daude, baina orain kañeroenak entzuten ari zara», esan du Aitor Gorosabelek. Falta zen Xabi Bastida ere Lorentzo Recordsera heldu da. Bostak aulki baten inguruan eseri gara, eta grabagailua martxan ipini eta gero, solasaldi erabat lasaia hasi dugu. «Urtarrilaren 7an etorri ginen Berrizera, eta aste honetan amaitzeko asmoa dugu. Ezer txarra edo arraroa gertatzen ez bada, apirilaren 6rako dendetan egongo da», azaldu du Xabi Bastidak. «Jarraitutako ibilbidea ikusi eta gero, urrats naturaltzat jo dezakegu disko hau. Eta ni ziur nago, grabatu dugun onena ez bada, onenetarikoa izango dela», esan du Aitor Gorosabelek. Egia esateko, Su Ta Garren diskografian oso zaila da atzerapausurik bereiztea. Agian, “Sentimenak jarraituz” egoerak bultzatutako diskoa izan zen, inolaz ere atzerapausua, baina handik aurrera, Su Ta Garrek izandako eboluzioa naturala eta bikaina izan da. Zortzi disko grabatu eta gero, ideien agortzearen edo errepikapenaren biktima ez direla izango pentsatzen dute eibartarrek: «Ez. Agian kontrakoa gertatzen zaigu. Batzuetan kanta bat grabatzen dugu, eta entzuterakoan oso ezberdina dela iruditzen zaigu. Gainera, ez dut uste gure estrategia formula errepikatzea izan denik; gure soinua dugu, gure nortasuna, baina ez dut uste errepikatu garenik», azaldu du Aitor Gorosabelek. «Niri Aitorren kantak idazteko estiloa oso originala iruditzen zait. Harritu egiten gaitu behin eta berriro, eta abesti batek inoiz ez digu beste bat burura ekarri. Guztiak ezberdinak dira», nabarmendu du Asier Osorok.
Bidea eginez
Su Ta Garren lehenengo diskoa 1991. urtean kaleratu zen, “Jaiotze basatia” izenburupean. Une hartan Euskal Herrian talde heavyen presentzia oso eskasa zen, eta laukote eibartarra indartsu agertu zen agertokietan. “Hortzak estuturik” (1992) diskoan hasierako heavy klasikoa somatikoago bilakatu zen, eta Metallica edo Annihilator taldeen eragina argi geratu zen, besteren artean. “Munstro hilak” diskoak (1993) taldearen lehen etapari bukaera eman zion. Lorentzo Recordsen grabatu zuten lehenengo diskoa izan zen, eta, ondorioz, soinua guztiz borobildu zuten. «Lorentzon etxean gaude, Aitor Ariñok asko laguntzen digu eta zer esan asko uzten digu; komunikazioa oso ona da. Gainera, guretzako, duda barik, askogatik Euskal Herrian dagoen estudiorik konpetenteena da, nahiz eta jendea beste estudio batzuetara joan», nabarmendu du Gorosabelek. «‘Munstro hilen’ garaian talde erreferenteak geneuzkan. Iron Maiden eta Judas Priest, lehenengo diskoan, edo Annihilator eta Pantera bigarrenean, talde erreferenteak izan dira guretzako. Baina gaur egun ez da hori gertatzen aitortu du Aitor Gorosabelek garai bateko taldeen kutsuei buruz. Talde berriak baino, kantak daude, baina ez gaituzte lehen bezala betetzen», gehitu du. Borxa Arrilagak istripu larria eduki zuen 1995ean eta haren anai Galder hasi zen bateria jotzen. 1996an “Sentimenak jarraituz” lanak argia ikusi zuen, eta, izenburuak esaten duen bezala, Borxaren istripuak sortutako egoerak bultzatutako kantak bildu zituen. 1997. urtean Galder Arrilagak bere lekua Iban Zugarramurdiri utzi zion, eta taldeak bere bigarren etapa hasi zuen “Agur jauna gizon txuriari” diskoarekin. Heldutasunez doinu berriak jorratzera ausartu ziren, arrakastaz. 2000. urtean Su Ta Garren diskorik biribilenetakoa dendetara iritsi zen, “Homo Sapiens?” izenekoa. Bertan oreka guztiz lortu zuten eta metalaren indarra eta Aitor Gorosabelek sortutako melodiak batera agertu ziren, era ikusgarrian agertu ere, gainera. Zuzeneko bat eta bideo bat kaleratu eta gero, 2003. urtean taldeak “Itsasoz beteriko mugetan” kaleratu zuen; eboluzioa ziurtatu zuten, eta bide propioa eta naturala jorratu. «Gure ibilbidea hain naturala eta propioa izatea, gu musika munduan hezi garen prozesutik etor daiteke. Autodidaktak izan gara, guztia gure artean ikasi dugu. Aitorrek bere konposatzeko era dauka eta denon artean soinu bat lortu dugu», agertu du Asier Osorok, taldeko baxu-jotzaileak.
Aurkezpenak
Apirilean, diskoa kalera irteten den unetik, Su Ta Gar “Jainko hilen uhartean” zuzenean aurkezten arituko da, nahiz eta oraindik ikuskizunaren inguruan xehetasunik ez eduki. Oraingoz, ondorengo datak dituzte ziurtatuta: Bilboko Santana 27 aretoan apirilaren 21ean, hurrengo egunean Gasteizko Azkenan, 28an Viña Rocken, eta 29an Gatikan. Maiatzean Iruñean joko dute 6an, Donostiako Rock Star Aretoan 12an, Cuencan 19an eta hurrengo egunean Madrilgo Caracol aretoan. «Horiek dira ziurtatuta ditugun datak, nahiz eta beste proiektu batzuk buruan eduki; Bartzelonan eta beste leku batzuetan egon nahi dugu». -
Comienza una nueva aventura casi veinte años despues
Su Ta Gar nació en un momento de cambio en el que ellos mismos eran parte del cambio. Euskal Herria asistía espectante al fin del llamado Rock Radical Vasco y parecía el momento idóneo para que nuevas propuestas apareciesen en la escena.
Hace 19 años que la mejor banda vasca de metal de todos los tiempos se puso en marcha y, tras siete discos de estudio, uno en directo y varias producciones audiovisuales, Su Ta Gar comienza una nueva aventura: el nacimiento de un sello discográfico en el que verán la luz los próximos lanzamientos del cuarteto de Eibar. «Era algo que llevábamos barajando desde hace tiempo pero no nos hemos atrevido hasta ahora», asegura Xabi Bastida, guitarrista del grupo.
Jo Ta Ke Ekoizpenak dará cobijo a “Jainko hilen uhartean”, nueva creación de Su Ta Gar, que certifica que con los años sus composiciones han ido completándose hasta conseguir un nivel al que pocos grupos pueden acceder.
«No creamos el sello con la intención se sacar a otros grupos. Es para nosotros», indica Aitor Gorosabel, compositor, voz y guitarra de la banda.
«El recibimiento que estamos teniendo es muy bueno, todo el mundo se interesa por el disco y por la discográfica», agradece Bastida.
Los tiempos que corren en el medio musical hacen pensar que su decisión viene determinada por la dictadura del espacio-tiempo, pero ellos lo niegan rotundamente: «No tiene nada que ver con la situación. Es el momento para hacerlo, no es por desconfianza ni por llenarnos los bolsillos. Si no hubiese crisis, también lo haríamos».
«Funcionamos a nuestro ritmo, hablamos mucho entre nosotros y vamos decidiendo qué pasos podemos dar. Nos falta por hacer pero también es cierto que hemos hecho mucho explica Bastida. Estamos aprendiendo mucho. Por una parte, con la promoción, la distribución y todo eso y, por otra, con la contratación y los conciertos, labor que ahora hace Aitor», añade.
En cierto modo, para Su Ta Gar, Jo Ta Ke Ekoizpenak puede ser una apuesta de futuro, una escuela, ya que «no vamos a ser un grupo de rock siempre».
|