Julen Murgoitio
Oilarra
Hauxe kolpea! Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitzarmena sinatu berri du Hego Amerikako lurretan Peru eta Txileko Osasun ministroekin, aurrerantzean estatu bi horiek Euskadiko osasun-sistema hartuko dutela eredu. Une bereantsu, kupoz kupo, euskal Ogasunak diruz lagundutako espainiar ziegetan euskal herritar bi hil dira, ganorazko osasun zainketarik gabe. Non da euskal osasun-sistemaren eredua? Seguruenik, sailburua ministro ez izatean datza kontua. Baina ez da Osasun Sailaren kontua bakarrik, beste Sailena ere bada. Horra, kasurako, Barne sailburuarena, kanpoko legeen zerbitzari eredugarria. Euskal biodibertsitatearen adibide eskasa. Oso eskasa. Zaila da sailek duten buru batzuekin ganorazko bidea egitea. Zailburu larregi dira Lakuako erreinuan. Hortaz, ikusi beharko lehendakariak zorionezko irailean zer proposatzen duen. Tira ba, gorabeherak gorabehera habemus Lurzoru Legea! Hori behintzat esan digute. Kanpotik ikusita kezkatzeko modua badut. Izan ere, Legea Lege, zer ondorio izango ote du horrek burujabetzaren aldekoek nazioa eraikitzeko dugun orubean? Beharbada, batzuek egoeraren iluna nahi izango dute baliatu nazio eraikina BOEkoa izan dadin, hau da, Babes Ofizialeko Eraikina. Jakina, ofizialitatea beheko estatuaren babesean. Jabea ala maizterra, horra kontua. Burumaizter izateak ez du arazoa konponduko, euskal etxean behintzat.
Sarritan aipatua izan den nazio orubea erabaki esparru bihurtu behar da, ezer ez eraikitzea erabakitzeko bada ere. Baina esanetan behintzat, ez dirudi beheko estatuburua horretarako prest dagoenik. Hiru biderrez ukatu zuen lehengoan, jauregiko jaun-andre txit gorenen aurrean, autodeterminazio eskubi- dea. Euskal Herriaren kasuan, jakina; gu ez gara Montenegro. Azken finean, Montenegro han dago, pentsatuko zuen buruak, eta Euskal Herria hemen, bueltan. Bai, hiru biderrez ukatu hark, San Pedrok egin bezala oilarrak kukurruku egin baino lehen. Haren kasuan hiru biderrez ukatuta ere ez da oilarrik entzun. Batek daki zergatik. Gehiagotan segituko duelako ukatzen akaso? ala oilarrari gripearen lehenengo sintomak igarri eta etxaldera bildu dutelako? Batek daki. Jainkoak berak baleki! Dena dela, esaten dutenez, gripea hegaztiak utzi gabe katuak ere hartzen hasi da. Katu gizajoak! zazpi bizi zutelakoan harro zeuden eta horra! izorra! Gripearen globalizazioa. Hainbeste piztia eta abere gripeak jota egotea susmagarri egiten zait. Ez ote dira zenbait administrazio-kontseilutako buruak izango genetikoki aldatutako animaliak basoratu nahian naturak berez sortuen ordez?. Hainbeste dirutza inbertituta naturaren okerrak zuzentzen! Litekeena da. Baina ez al du inoiz Lur Amak birus jatorrik sortuko? kontseiluotako buruak osasunaren izenean kutsatzeko modukorik? Horra, Etxe Zuriko jendarme nagusia bisitan India aldetik; nuklearrean lankidetza sinatu berri dute. India bai, Iran ez. Ona eta Txarra. Kawen! Zein orubetan dira, bada, birus jatorrak? Greban al zara Lur Ama? sortu birus jatorrak, mesedez! sortu urakanak inposizio orubeetan! Oilarrak kukurruku egin dezan, aurretiko inongo ukaziorik gabe. -
|