1.000 egun hildakorik barik?, gezurra galanta. zuen sakabanaketa politikaren azken mila egun horietan gure hildakoak daude; 1.000 egun hauetan zuek eragindako gure hildakoak. Ez da hala?
Matematikak eta zenbakiak ez dira beti zehatzak; zenbaki hutsik ez dago; hutsa ez da zenbatzen. Zenbakiek ere engainatu egiten gaituzte: ¿1.000 días sin muertos?; kartzeletan edo kartzeletetara joan etorrian hildakoak Matematikaren curriculumetik kanpo ote dira, bada?
Martitzenean Igor, barikuan Roberto. Horiek ez al dira muertos en estos 1.000 días?
Presoen sakabanaketa PSOEri bururatu zitzaion; bere txalet partikularra, Arteagan, ezin legeztatu dabilen Ardanzaren PNVk bultzatu egin zuen, eta gure seme-alabak heriotzaraino eramaten ari da. Herenegun eguerdian Baskongadetako gobernuko bozeramaileak, besteak beste, lasaitasunerako deia egin eta ETAri armak uzteko eskatu zuen.
Gibelak behar dira gero, bere partiduko kideak hauspotutako politika hiltzailearen ondoren, gorpuaren aurrean lasaitasuna eskatzeko! Hori ez da etikoa, hori inmorala da; lotsagabekoa deitzea, eufemismoa. Eta hemen eta orain «mahai gainean» hildakoak jartzen dituena PSOEren kartzela politika da, eta hilketen erantzuleekin tratuak egiten dituena lehen eta orain, PNV.
Lasaitasuna egoera animikoa da, antza. Eta gure seme/alabak, lagunak, herritarrak urruntzeko babesaren ondorioak sufritzen ditugunok mantendu beharrekoa. Egunak aurrera doaz eta kartzelan, kartzelara bidean... hau dela edo bestea dela hilotzak ari zarete ipintzen; zuentzat pozgarri diren 1.000 egun horietan heriotza erein da gure etxeetan, heriotzaren sega zorrozten ikusten zaituztegu behin eta berriz, lasaitasuna enkarguz barneratzen delakoan. Horraitio!
Guri lasaitasuna eta ondoren, albora eskaerak. Jar itzazue bitartekoak behingoz! eta utz gaitzazue bakean zuen politika sakabanatzailearen ostean hildakoei azken agurra egiten gaudenean, amaitu ezazue politika errepresiboa, presoen osasun eskubideak defenda itzazue... Hemen denok daukagu zer egina; guri une honetan negar egitea dagokigu, (zuen poliziaren baimenarekin?) baina aurrera begira tinko jarraituko dugu gure seme-alabak hemen ikusi arte; eskubidezkoa delako eta ez ustezko normalizazioaren pausoak aurrera edo atzera doazelako; PSOEk eragin eta PNVk bultzatutako sakabanaketak hil egiten du, mendeku hutsa da presoekiko, gazteekiko, euskal gizartearekiko eta guraso, lagun edo familiarrekiko. Matematikek berriro ere gezurretan harrapa ez zaitzaten, mugi gaitezen.
Robertoren etxeko eta lagunoi zer esan!; berriro ez dugu elkar ikusiko Aranjuezeko hallean. Besarkada handi eta musu handi bana. Animo eta aurrera, hala ere! Negarrez bai, baina tatarrez ez gaituzte ikusiko dispertsioaren erantzuleek.
J. A. Aranburu -
Etxerat-eko kidea
eta Aranjuezen preso daukaten Peru Aranbururen aita