Sexu-jazarpenen testigantzak eraman zituzten Donostiara
DONOSTIA
Emakumeen Eskubideen Gutunaren aurkezpen ekitaldia festa giroan egin bazen ere, Donostiako Bulebarrean ezarritako kartelek munduko emakumeek bizi duten egoeraren ikuspegi gordina azalerarazi zuten. Mugimendu feministak ez zuen ahaztu eskolara joaten ez diren haurren bi herenak neskatoak direla, ez eta sexuaren industriak milioi bat haur gehienak emakumezkoak bereganatzen dituela urtero. Kartelek datu kezkagarri gehiago ere salatu zituzten, besteren artean, munduko emakumeen %38 analfabetoa dela, lautik batek bortxaketaren bat jasango duela, munduko pertsona txiroen %70 andreak direla, eta haur eta adineko pertsonen zainketa lanak hartzen dituzten pertsonen %80 emakumeak direla ekarri zuten gogora.Nekazaritza ekoizpenaren inguruan, emakumeek munduko nekazaritza-eskulanaren %40 osatzen duten artean, soilik lurren %1en jabe dira. Nazio Batuen arabera, botere ekonomikoaren goi postuetako ordezkaritza gizon eta emakumeen berdintasunean oinarritua izateko, beste 500 urte beharko dira. Emakumeen Mundu Martxako plataformaren iritziz, hori guztia ez da kasualitatea. Errealitate horren eragileak aurkitu eta Euskal Herriko egoera irudikatzeko ahalegina egin zuten plataformako kideek eta, helburu horrekin, zenbait testigantza eraman zituzten Donostiako Bulebarreko kioskoraino.
Sexu-jazarpenei aurre egin
Emakume batek kontatu zuen bere lantokian hamaika pertsonek egiten dutela lan; sei emakume eta bost gizon. «Horietatik lauk guk baino kategoria altuagoak dituzte. Eskoletako patioetan mutikoek neskatoek baino leku gehiago hartzen duten gisara, nire lantegiko gizonak ere espazio psikologikoaren jabe dira», azaldu zuen. «Txisteak, adierazpen zirikalariak eta sexu jazarpenetik gertu dauden jarrerak eguneroko kontua dira. Atetik sartu bezain pronto, gure gorputzaren azterketa sakona egiten dute, janzkeraren gaineko zehaztapenak egiten dituzte, argal gaudela, gizen gaudela... Orain hilabete batzuk sexu diktadura horren aurka agertu eta mahaiz aldatu nintzen. Jada ez naute sexu objektua banintz bezala tratatzen, eta ez ikusiarena egiten dute ni azaltzen naizenean. Kexatzen hasi nintzenean kasurik ez egiteko esaten zidaten lankideek, eta hori da arrazoia; beti isilik geratzen bagara eta inork ez badie ezer esaten, ez dugu sekula amaituko egoera honekin».
«Hil da, ala hil egin dute?»
Emakumeen aurkako indarkeriaren gainean ere mintzatu ziren. «Komunikabideek hil diren emakumeez hitz egiten dute, ez hil dituztenez. Indarkeriaren biktima izan diren emakumeez hitz egiten dute, baina ez da hiltzaileen profilaren daturik ematen», salatu zuten. Bizkaiko Aldundiaren arabera, hiru emakumetik batek bortxakeria jasaten duela azaldu zuten eta maiztasun zehatzarekin tratu txarrak salatzera joaten diren emakumeak ekarri zituzten gogora. Emakumeei helarazten zaien «informazio eskasia» salatu zuten eta eskari zehatza egin zuten: «Biktimez hitz egiten dute, baina ez dute zehazten erasotzaileen kopurua, eta guk datu hori nahi dugu. Bizkaian hiru gizonetatik bat erasotzailea dela ulertu behar al dugu?», galdetu zuten.Hizlariek ondorioztatu zutenaren arabera, emakumea biktimatzat hartzen bada ere, kolpatu duen gizonekoa ez da erasotzaile moduan irudikatzen. «Gizartean, aipatzen ez dena ez da existitzen, eta badirudi inori ez diola axola. Emakume askoren bizitza, ordea, datu horien baitan dago».
|