Errazti: «Emakumeek konponbidean parte aktibo izan behar dute»
BILBO
Gatazkaren konponbidearen prozesuan emakumeak egotearen garrantzia nabarmendu zuen atzo Begoña Errazti EAko presidenteak. «Etorriko zaigun gizarte ereduaren parte izan behar dugu; autogobernuan sakontzea dela, edo subiranotasuna dela, gizarte hobea eta orekatuagoa ekarriko digun normalkuntza prozesu horretan ezinbestekoa da gure parte-hartzea», adierazi zuen.
Martxoaren 8ra begira, «Emakumea eta gatazken konponbideak» lelopean hitzaldia eskaini zuen atzo Bilbon Erraztik. Harekin batera, María Villeillas Paueko Kultura Eskolako irakaslea egon zen, besteak beste. Azken horrek emakumeen parte-hartze aktiboa izan duten prozesuez hitz egiteko hartu zuen hitza.
Aurreko urteetan EAk emakumearekin lotutako beste hainbat gai jorratu izan ditu, baina, aurten, genero ikuspuntua oinarri hartuta, «Euskal Herrian gauzatuko den bake eta normalkuntza politikoaren prozesuan» emakumearen paperaz aritu ziren Bilboko La Bolsa eraikinean.
|