Bi herritarren aurkako «muntaia» eta eskubide falta salatu dituzte Azpeitian
2003ko ekainaren 14an, Udalen osaketa egunean alegia, Ertzaintzak ez zien utzi Habea plataformako kideei udaletxean sartzen, ezta «apartheida» salatzeko han bildu ziren herritarrei ere. Orain, Gipuzkoako herri salataritzak bost eta hiru urteko espetxe zigorra eskatu ditu bi azpeitiarren kontra. Egoeraren larritasuna, eskubide falta eta EAJren ardura nabarmendu zituen atzo ezker abertzaleak. Hori guztia salatzeko batzarra antolatu dute astearterako.
AZPEITIA
Gipuzkoako Herri Salataritzak «aginpidearen aurkako atentatua» eta «nahasmendu publikoa» leporatu dio Iñaki Azkue azpeitiarrari, eta bost urteko espetxe zigorra eskatu du. Ertzain bati eskutan zuen ikurrinaren makilarekin jo izana leporatu dio. Unai Lizasoren aurka, berriz, hiru urteko espetxe zigorra eskatu du, «nahasmendu publikoa» akusazioarekin. Polizia bati eskumuturra bihurritu ziola esan du herri salatariak.
Azpeitiako ezker abertzalearentzat hori «muntai polizial» baten ondorio da. «2003ko ekainaren 14an, Euskal Herriko beste hainbat udaletxetan bezala, udal zinegotziak karguak hartzera joan ziren Azpeitiko Udalera, eta noski, Habea herri plataformakoak ere bai, dagozkien aulkiak eskatzeko. Herritar ugari hurbildu ziren bazterketa politikoa salatzeko, baina ez zen denbora asko pasa EAJk txistua jo eta haien morroi diren ertzainak azaltzeko. «Haiek hasi ziren herritarrei irainka», gogora ekarri zuten atzo eginiko agerraldian. Egoera larria dela nabarmendu zuten; izan ere, «demokrazia formal batean herritar orok behar lituzkeen eskubideak ukatu zaizkigu».
Era berean, EAJ eta EAren ardura azaldu zuten. Estatu espainolarekin agertu duten «sumisioa» salatu zuten. «Adibide gisa, EAJk estatuen esanetara kudeatzen duen ilegalizazio prozesua, horretarako ertzainak herritarren aurka oldartuz», gaineratu zuten. Horren harira, Ertzaintzak Guardia Zibila eta Polizia espainolarekin «lankidetza» diharduela helarazi zuten. Euskal herritarren kontrako «errepresio ekimen» horiei erantzun beharra dagoela nabarmendu zuten.
«Zor dizkiguten eskubide demokratikoen defentsan antolatu eta abian jarri behar dugu ezinbestean. Modu horretan, gatazka politikoa gainditu eta eskubideen errespetua bermatuko lukeen egoera demokratikoaren aldeko urratsak ematen ariko gara», aditzera eman zuten. Horrekin batera, astear- tean enparantzan 19.30etan egingo duten batzarrera joatera deitu zuten.
|