- Berezkoen Bakarkako finala -
Ezkurrak bikain jokatuz lortu du lehen txapela
·Urruñarrak erabat menderatu zuen Ozafrain, hari jokoan sartzen ere utzi gabe
EZKURRA II 40
OZAFRAIN 19
DONIBANE GARAZI
Paxkal Ezkurra da berezkoen Bakarkako txapeldun berria. Urruñarrak 24 urte besterik ez ditu, atzo zaleak kontuak ateratzen ari ziren, urte asko baitira horren txapeldun gazterik izan ez dela. Askoren ustez, Panpi Laduxe da Ezkurra baino txapeldun gazteagoa, eta hori duela urte pila ederra izan zen. Gainera, Ezkurrak berriro ere txapela Lapurdira eramatea lortu du, azkeneko txapeldunak, Muskarditz eta Ozafrain, biak baitziren Nafarroa Beherekoak. Lapurdiko azkeneko txapelduna Paxkalen anaia izan zen, Patrick, orain dela bost urte.Ozafrain zen azkeneko txapelduna, eta bera zen faboritoa. Paxkal Ezkurra, ordea, lasai atera zen trinketera. Gauzak oso garbi zituen, eta bazekien zer egin behar zuen, bazekien nola jokatu behar zuen txapelduna menderatzeko. Horixe egin zuen, eta azkenean txapela jantzita etxeratu zen. Hura hasi zen aurretik markagailuan, baina Ozafrainek norgehiagoka adostea lortu zuen (3-3). Hortxe amaitu zen finala, hortik aurrera urruñarra jaun eta jabe izan baitzen. Pilota fite mugitzen hasi zen, Ozafrain menderatzen, hari jokoan sartzen utzi ere egin gabe, Bankakoak egiten duen jokoa egiten ez zion utzi. Ozafraini lasai jokatzea gustatzen zaio, kintzea ongi landu, eta gero amaitzea, baina hori egiten ere ez zion utzi urruñarrak. Konturatzerako hamaika kintzetako aldea lortu zuen Paxkalek, eta 17-6 aurretik zen markagailuan. Oso denbora gutxian Paxkalek alde handia atera zuen, eta ez zen ikusten Ozafrainek erreakzionatuko zuenik. Gero, txapela jantziko zuen pilotariak ez zion aukerarik ematen. Ordurako, Bankako atzelaria jadanik etsi samartuta ikusten zen. Ezkurra gazteak bazekien aurkaria bolada txarra ari zela pasatzen, ezinean zebilela, eta aukera handia zuela garaipena eskuratzeko. Haren jokoa ez zuen ezertan aldatu, eta lanean jarraitu zuen, ordurarte egin zuen gauza bera, eta zuloa geroz eta handiago egin zuen, 33-16 aurreratu baitzen. Pilotan edozer gauza gerta daiteke, baina garbi zegoen atzo oso zaila zela emaitza horri buelta ematea, Ezkurrak ez baitzuen behera egiteko inongo itxurarik ematen, eta atzora arteko txapeldunak, berriz, ez zuen horri buelta emateko gai zenaren inongo itxurarik. Beraz, Bankakoak zenbat kintze egin zitzakeen jakitea bakarrik falta zen, txapela norena zen garbi baitzegoen. Azkenean, Ozafrainek beste hiru kintze egin zituen, eta 19an geratu zen. Ezkurra II.ak bere lehenengo txapela lortu zuen, eta ez da harritzekoa bere poza, bere txapelik garrantzitsuena lortu berria baitzuen, eta seguru, gainera ,ez dela azkenekoa izango.
«Hura hobea izan da»
Amaieran Patrick Ozafrainek ez zuen inongo aitzakiarik jarri: «Hura hobea izan da. Partida handia egin du, gauza guztiak oso ongi egin ditu, eta ez dago ezer esatekorik. Pilota fite ibili dit, ez dit jokoan sartzen utzi, eta ongi merezita irabazi dit», esan zuen Bankakoak.Aukera izan zuenean ere ez zuela asmatu onartu zuen: aukera oso gutxi izan ditut jokoan sartzeko, eta kintzea egindakoan, gero, botearekin ez dut asmatu. Gero, aukera izan dudanean saiatu naiz sarea bilatzen, baina hor ere ez dut asmatu. Ez dut nire egunik onena izan, baina zaila da zerbait egitea besteak askoz ere gehiago jokatzen duenean». Azkenik, zera esan zuen: «Txapela galtzeak pena ematen du, baina bestetik 24 urteko gazte batek irabaztea poztekoa da, garbi utzi baitu trinketeko esku pilota osasuntsu dagoela. Hura pilotari handia da, eta zorionak eman besterik ez dago», gehitu zuen.
Ezkurra II.a: «Dena ongi atera zait»
DONIBANE GARAZI Paxkal Ezkurra gustura zegoen txapela jantzita: «Dena ongi atera zait. Benekien zer egin behar nuen irabazi nahi baldin banuen, eta horixe egin dut, eta ongi joan zait», esan zuen finala amaitu bezain laster. «Ozafraini irabazteko beti mendean eduki behar duzu, ezin diozu ezertan utzi, jokoan sartzen hasten bada, min handia egiten baitu. Pilota fite ibili dut, ez diot pentsatzeko ere tarterik utzi, eta trinketean gustura egoten ez diot utzi, eta azkenean nire lehenengo txapela jantzi dut», erantsi zuen urruñar gazteak. 24 urte besterik ez ditu, eta askoren ustez urte askotarako txapelduna izan daiteke, baina hark lasai, presarik gabe joan nahi du: «saiatuko naiz txapelari eusten. Hau gauza ederra da, baina ez da ahaztu behar besteak hor daudela. Patrick Ozafrain pilotari handia da, eta beti hor egongo da, bera ere gaztea baita, eta gero beste batzuk ere badaude, txapela irabazteko modukoak», esan zuen Paxkalek. Azkenik, txapelaren eskaintza ere egin zuen. «Lehenengo nire familia osoari eskaini nahi diot txapela, badakidalako nik bezainbesteko poza dutela. Gero, nire aitari eta entrenatzaileari, egunero hor izaten baitira nire ondoan, nire maila hobetzeko asmotan», esanda agurtu zen Paxkal, atzoko garaipena ederki ospatu nahi baitzuen.
|