BILBO
Bilboko Itsasadar Museoak 2006rako aurreikusita dituen jarduerak eman zituen ezagutzera atzo, 2005eko balantzearekin batera.Behin behineko lau erakusketa ziurtatuta daude aurtengo. Lehenak suhiltzaileak izango ditu protagonista. Lotura estua izan dute itsasadarrarekin, uretan izandako istripuak izan direla-eta. Erakutsiko den materiala museoan dute dagoeneko, eta datorren apirilean izango da jendearen aurrean zabaltzeko moduan.
2006 honetarako bigarren proiektu handiak Bilboko Arte Eder Museoarekin jarri du harremanetan Itsas Museoa. Pinakoteka horrek itsasoko gaiak jorratzen dituzten hainbat pintura utziko dizkio.
Gainera, itsasargiei buruzko muntaia bat ekarriko dute Bilbora. Gobernu espainoleko Sustapen Ministerioarena da erakusketa hori. Penintsulako portuei buruzko ibilbidea ere egingo dute aurrerago.
Bestetik, museoak funtsa pieza eta elementu berriekin hornitzen jarraituko du. Ontzi baten barrualdea birsortzeko asmoa du, eta Euskalduna ontziolari buruzko historian sakondu. Gainera, nabigaziorako tresneria berria erakustea aurreikusi du.
Ontzi gehiago bisitan
Orain arteko ildoari jarraiki, jardunean diren ontziak bisitatzeko aukera emango du museoak. ‘‘Mercedes’’ek martxora arte jarraituko du bertan, eta ‘‘Tenacious’’ eta ‘‘Ooterschelde’’k etorrera errepikatuko dute. ‘‘Shtandart’’ eta ‘‘LE Emer’’ gureganatuko diren beste bi ontzi dira.
Hitzaldien zerrendan, batetik, itsasoko tresneriari buruzko berbaldia ageri da, eta, bestetik, Euskaldunak eta Pazifikoaren gainekoa.Tailerrei dagokienez, berriz, itsas-salbamendua zertan datzan jakiteko aukera emango zaie umeei, suhiltzaileen laguntzarekin. Itsasoratzeko modurik ere aurkituko dute gaztetxoek. Aurreko urtean martxan jarritako tailerrekin jarraituko da, eta, hala, egitasmoa osatu.
Itsas Museoaren Adiskideen proiektua zehazteko dago. Erronka garrantzitsua da, beste museoetan gertatzen ez den bezala: «Izan ere, jendeak bere eskuekin gauzak egin nahi ditu, eta horri bide eman behar diogu», azaldu zuen atzo Patxi Garai museoaren zuzendariak.
Zentzu berean, etxean itsasoarekin lotutako piezak dituztenengana jo nahi dute, askotan baliorik ematen ez zaielako museoak ondarean gustura hartuko lituzkeen piezei. Publizitate berezia egingo da emate horiek bultzatzeko.
Museoaren edukiekin katalogoa argitaratuko dute, baita gida didaktikoa ere.