GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-03-08
Eta karrikak gaztez bete ziren
Hirugarrenez hilabete eta erdi eskasean, Baionako karrikak Lehen Enplegurako Kontratua salatzeko lekuko bilakatuziren. Atzo, ordea, neurriak bete-betean harrapatuko dituenak izan ziren protagonista.Legea erretiratzeko eskatu zioten Parisi «lan-munduan sartzen diren une beretik prekaritatea inposatzea onartezina delako».

L ehen Enpleguko Kontratua (CPE) deiturikoa bazter dezatela eskatzeko Baionan bildu ziren lau mila manifestarien batez besteko adina jaitsi zela nabarmena zen atzo. Izan ere, orain hilabete bat ez bezala, gazte ugarik parte hartu zuen Dominique de Villepinen Gobernuak sustatutako neurria erretira dezatela exijitzeko egindako manifestazioan.

CFDT, CGT, UNSA, FO, FSU, UNEF, UNL eta FCPEren pankartaren atzean ere kasik ez zen ikusten sindikatu horien ohiko ordezkaririk, gazte andanak eusten baitzion ibilaldia irekitzen zihoan pankartari.

Manifestazioak ziztu bizian igaro zuen Saint Esprit auzoa erdigunetik banatzen duen zubia. Ezohiko abiadurak Philippe Mediavilla CGTko ordezkariak bozgorailutik «e!, gazteok, hau manifa bat dela, ez lasterketa» igorritako gomendioa eragin zuen.

15-16 Urte

Gehienak kostaldeko lizeo eta institutuetatik etorritako hamabost eta hamasei urte bitarteko gazteak ziren. «CPE, gazteen lanaren genozidioa», «SOS gazte; etorkizuna arriskuan» edota «Villepin, zure froga epea bukatu da» zioten eskuetan zituzten panel eta kartelek.

Atzerago, Segiren, IAren, LAB-gazteen, ACren eta Les Apatridesen pankartaren atzean euskaraz jaurtiriko ia lelo bakarrak entzun ziren:«Geroari begi. Ez, ez CPEri» edo «Pre- karitatea garaitu, borrokatu».

Honela arrazoitu zuen Manuel Lubet lizeoetako UNL ikasle sindikatuko kideak orain artean izandako mobilizazioetan gazteek izandako inplikazio eskasa:«Kontuan izan behar da aurreko deialdiak oporraldi garaian izan zirela. Gainera, langabeziari aurre egiteko neurritzat saldu izan du Gobernuak, baina orain jabetu dira CPEk prekarietatea areagotu besterik ez duela egingo. Ikasketen helburua bera, hau da, profesionalizazioa, zalantzan jartzen dela ohartu dira. Alde batetik, ikasketak egitera bultzatzen gaituzte, eta, bestetik, bi urtez inolako arrazoirik gabe, ugazabek kalean jar gaitzakete, eta bera, aldiz, kotizatzetik salbu geratzen da. Lotsagarria da!».

Gazteek ez ezik, sindikatuen deialdia askok jarraitu zuten Lapurdiko hiriburuan. Bost egun greban daraman Castoramako langileek bloke berezitua egin zuten eta elkartasun adierazpen ugari jaso zuten ibilaldian zehar, baita bukaerako hitzartzea izan aitzin ere.

Neska gazte batek irakurri zuen sindikatu guztien artean adostutako mezua. Lehenik, Asanblea Nazionalean legea eztabaidatu zutenean erabilitako metodoa kritikatu zuen:«Ez da demokratikoa izan 49-3 artikulua erabiltzea diputatuen esku-hartzea mugatzeko».

CPE gazteekin zer ikusia duen proiektu baten beste urrats bat dela esan zuen, Fillon legea deituriko hezkuntzako erreformari gehitzen zaiona. Gazteen gaueko lana baimentzea eta 16 urtetik beherakoentzat berrikitan ikastun kontratuak onartu izana jarri zituen adibidetzat. «Hau guztia, maila orotan kalitatezko hezkuntzari uko egin dion politika baten froga garbia da. Gazteei prekaritatea inposatzen zaie lan-munduan ibilbidea hasten duen une beretik; hain justu, langile gaztea ahulena den unean», esan zuen bozeramaileak, CPE, CNE eta antzeko neurriak erretiratzea exijitu baino lehen.

Bertan behera utzi arte

Zerbitzu publikoetan egun dagoen prekarietatea amaituta eta lanpostu iraunkorrak sortuta, Estatuak berak eredua eman dezala eskatu zuen.

CPE bertan behera geratzeko, aurrerantzean egingo dituzten ekimenetan parte hartzera deitu zuten sindikatuek, ordezkaritza bana suprefetarekin eta Jean Grenet UMPko diputatuarekin elkarrizketatzera joan ziren bitartean.

Hitzorduan aldez aurretik adostuak baziren ere, Grenetek ez zuen nahi izan ikasleen ordezkaririk hartu, eta ez zuten bilerarik egin harekin. CFDTk Baionako auzapezaren jarrera salatu zuen eta «gazteak mespretxatu» dituela esan.

Alta, litekeena da oso berak zuzentzen duen hiria antzeko beste mobilizazio askoren gunea izatea. Atzo gazteek honako hau azaldu zuten: «Legea onartu baldin badute ere, inoiz ez da berandu, eta erretiratzea lortuko dugu». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cuidado con este 8 de Marzo
Jendartea
«Jendarteak emakumea zaintzailea izatea behar du. Sistema guztia horren gainean eraikita dago»
Euskal Herria
El tribunal reconoce que importantes pruebas contra Arregi y Alegria «no están»
Jendartea
Dos muertos y cuatro heridos al caer una avioneta
Ekonomia
Eta karrikak gaztez bete ziren
Jendartea
Las mujeres vascas cubren el déficit del sistema socio-sanitario público
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea