GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-08
Arantza FERNANDEZ DE GARAIALDE (STEE-EILAS) Maixabel GAZTAÑAGA (LAB) Izaskun GUARROTXENA (Bilgune Feminista) Isabel OTXOA (Zaintzarako Euskal Sistema Publiko eta Unibertsal baten aldeko Plataforma) Itziar GABIKAGOGEASKOA (ELA)
«Jendarteak emakumea zaintzailea izatea behar du. Sistema guztia horren gainean eraikita dago»
Batzuk horretara jarriak daude espresuki, beren etxean ingurukoak zaintzera. Beste batzuk lan merkatuan aritu, etxera iritsi eta hango zaintza lanak egiten jarraitu behar dute, sekula amaitzen ez diren lanaldietan. Beren lanaldiak murriztera-eta jotzen dutenak ere badira. Eta badaude lan horiek beste batzuen eskuetan uzten dituztenak, ordainduta eta ez oso ondo, gainera. Zaintzaren ardura emakumearena da beti, eta ez berak libreki horrela erabaki duelako, gaur egungo gizarteak beste biderik ez diolako irekitzen baizik.

Zaintza lanetarako eskaintzen diren zerbitzu publikoak eskasak dira. Horretan bat datoz mahai-inguru honetan bildutako bost emakumeak. Guztiek dihardute behar horien inguruan lanean, eta garbi daukate aldaketa bi norabidetan etorriko dela: zerbitzu duinak eta osoak behar dira emakumeak ez dezan segitu lan horien karga hartzen, eta gizartearen pentsamoldeak ere buelta eman behar du, zaintzarena guztion ardura baita, eta ez bakarrik emakumearena.

­Nola definituko zenukete Euskal Herrian zaintzaren egoera?

Maixabel Gaztañaga.­ Une honetan lau eredu daude zainketaren arazoari erantzuteko: bata sentimenduei lotuta dagoena eta lana kontsideratzen ez dena, familiaren eremuan izaten delako. Eta familian emakumeak egiten du lan hori. Beste batzuetan emakumea lan merkatuan ari da, eta bere lanaldiari ondokoen zainketa eta arreta lana gehitu behar dizkio. Beste eredu bat da lan jarduera murrizteko neurrietara jotzen duen emakumearena. Horren ondorioz, soldaten eta eskubideen murrizketa izaten ditu. Eta ezin dugu ahaztu soldatapean diharduen zaintzaileen kolektiboa. Lan merkatuan ari diren langile prekarioenak dira.

Isabel Otxoa.­ Aipagarria da etxeko langileen jarduera. Emakunderen txosten batean jasotzen denez, %89k egunean hamar ordu baino gehiago egiten dituzte lan. Erdiak baino gehiagok gaueko atsedena zortzi ordu baino laburragokoa dauka, eta gehiengoak ez du egunero etxetik irteterik.

Itziar Gabikagogeaskoa.­ Azken finean, ezagutzen dugu eskaintza, baina ez dakigu eskaera zenbatekoa den. Ez daukagu aukerarik diagnosi zehatza egiteko, errealitatean zenbat eskari dagoen, zenbat betetzen den eta zenbat ez zehatz jakiteko. Gauzak airean daude. Baina, errealitatea hor dago; ez dira inondik inora dauden eskaera guztiak betetzen, eta dauden zerbitzuak ez dira nahikoak.

Arantza Fernandez de Garaialde.­ Haurren kasuan gauza bera gertatzen da. Familia planak zioen 2005erako bi urtera arteko haurren %40rentzat haur eskoletan plazak izango zirela, baina gaur egun eskaintza ez da %30era iristen. Arlo horretan, eskaintza publikoaren falta agerian geratzen da, baita pribatizazio progresiboa ere.

M.G.­ Zerbitzu publikoak urriak izan dira beti, eta azken urteetan are urriagoak dira. Lehen eskaintzen ziren hainbat zerbitzu ez dira eskaintzen, edo pribatizatu egin dira. Behar horiei erantzuteko dirua daukanak merkatuan erosten du zerbitzu hori, eta dirua ez daukanak etxe barruan betetzen du. Eta etxean emakumeek egiten dute lan hori, eta inongo errekonozimendurik gabe.

Izaskun Guarrotxena.­ Zainketa jendarterako oinarrizkoa da, eta eremu pribatuan egiten den lana da. Emakumeak egiten du lan hori %80n, errekonozitu gabe eta modu ikusezin batean, gainera. Gure ustez, horren gainean hitz egin behar da eta aldarrikapen ugari egin behar dira. Baina, finean, familiaren esparruarekin lotzen da zaintza, afektibotasunarekin, sentimenduekin... eta emakumeak nola hezi gaituzten ikusita, arlo hori jorratzera sartu beharko genuke. Gure eskubidea da zainduak izatea, eta zaintzaileak ez izateko eskubidea ere badaukagu. Hortik abiatuta kontzientzia lana egin behar da, bai emakume helduekin ­zaintzen ari direnekin eta bizitza guztia zaintzen eman dutenekin­ baina baita emakume gazteekin ere. Finean, hezkuntza ere lanketa hori egiten ari da gu etorkizunean zaintzaileak izateko. Jendarte honek gu zaintzaileak izatea behar du.

­Zaintza lan horien karga familiarengan eta emakumearengan erortzen da.

Itziar.G.­ Politikariek behin eta berriz esaten dute gaur egun badaudela lana eta bizitza pribatua uztartzeko neurriak. Berba politak baino ez dira, errealitatea oso bestelakoa baita. Argi dagoena da emakumeak lana uzten badu, bai eszedentzia bat hartzen duelako bai lanaldia murrizten duelako, bere lan etorkizunerako prestazioak kaltetzen ari dela. Normalean, gainera, emakumeak lan kaskarragoak eta soldata baxuagoak dauzka, eta sarritan emakumea izan ohi da murrizketa horiei heltzen diena.

M.G.­ Ezin dugu ahaztu kapitalista eta patriarkala den gizarte honek pertsonak sexuaren arabera banatzen dituela, eta nahiz eta emakumea lan merkatuan ari, gizonezkoek izaten jarraitzen dute lehentasun osoa. Emakumeak lan merkatuan sartu garenean, desoreka bat izan da zaintzan. Horren aurrean hartzen diren neurriak partzialak dira eta helburua da emakumeak, lan merkatuan bai, baina aldi berean zaintza lanak betetzen jarraitzea. Neurri horiek oso jende gutxiri eragiten diote, normalean administrazioan-eta lan egiten duten emakumeei. Kontuan hartu behar da araudietan jasotzen diren neurri horiek disfrutatzeko lana eduki behar dela, eta emakume gehienak ezkutuko lanean eta eskubiderik gabe aritzen direla. Ez dute, beraz, inongo aukerarik hainbeste saltzen dizkiguten neurri horiez gozatzeko. Lan harremanen eremu hori aldatzea ezinbestekoa da.

Izaskun G.­ Badago emakume multzo handi bat ekonomia ezkutuan lan egiten duena, eta horiek ez daukate inongo neurririk edota murrizketarik hartzeko aukerarik.

A.F.­ Ez da soilik emakumeak enpleguan sartzeko baldintza kaskarragoak dituela, zaintza lana ezkutuan egiten da, familia barruan; ez da ordaintzen eta ez da baloratzen. Bada gizartean ideia bat inoren beharrik gabe bizi behar dugula dioena, eta hori ez da egia. Gure bizitzan zaintzak behar ditugu, une batzuetan besteetan baino gehiago, eta besteen beharra dugu. Autosufizientzia eta autonomia ez dira gauza bera. Eta laguntza eta zaintza mespretxatu egiten dira, hain justu, emakumeek egiten duten lanak direlako.

M.G.­ Ahaztu egiten dugu zainketa pertsona guztien bizitza gurutzatzen duen zerbait dela. Baina gaur egun zainketa behar duten pertsona horiek marjinal gisa hartuak dira.

I.O.­ Familia bizitza, finean, zaintza da. Eszedentziak eta lanaldi murrizketak ez dira hartzen familiakoen urtebetetzea ospatzeko, haiek zaintzeko baizik. Lana eta zaintza uztartzeko neurriak dira; eta ez saldu nahi diguten modura, familia bizitza eta lana uztartzekoak. Hala ere, emakume guztien egoera ez da berdina. Lanpostu onak dituztenek badaukate lan hori kanpora ateratzea etxeko langileen bitartez. Kontua da hori ez dela emakumearen gauza, gizon eta emakumeena baizik.

­ Zertan aldatu da gizartea orain gaia mahai gainean jartzeko?

M.G.­ Gai hau eskubideen alde borrokatzen ari diren emakumeen aldetik ez da berria; mahai gainean aspalditik dago. Zainketaren inguruan urteak daramatzagu hitz egiten, baina bitxia da egun gizartean gai hau mahai gainean jarri izana. Hor dago Estatu espainolaren legea, hor dago EAEn duela gutxi atera den araudi antzeko bat ere... Egia da une honetan egoera kezkagarria dela: emakumeak lan merkatuan sartzen ari gara; orain arteko familia egiturak aldatzen ari dira; banaketa gehiago daude... aldaketa horiekin guztiekin behar batzuk sortu dira, eta arazoa zera da: nork zainduko du? Emakumeek planto egin dugu. Gero eta jende gehiago dago bakarrik-edo bizi dena, eta arazo horri aurre egiteko araudi bat atera dute. Ez da kasualitatea haur txikiak kanpoan uztea, oraindik emakumeek puntu horretan ez dugulako esan ezetz eta zaintza hori gure gain hartzen jarraitzen dugulako. Baina neurri horiek ez dira benetako hausnarketa baten ondorioa; ez dute helburutzat gizarte justuago eta parekideago bat eraikitzea.

Itziar G.­ Naturaltasunez, emakumea zaintzarekin lotu da. Badirudi zaintzaren profesionalak garela. Hori horrela izan da; ezkutuan lan egin izan dugu, eta ez politikariek ezta gizarteak ere ez du onartu lan hori. Orain horren inguruan hitz egiten hasi gara beharrizan bat dagoelako, baina hitz egitea ez da nahikoa.

Izaskun G.­ Finean, sistemak behar hori bete behar du, baina egia da ez duela berdintasunaren izenean egiten. Beraiek saldu nahi diguten berdintasun formal horren izenean egiten dute; hainbat neurri hartzen dituzte emakumeok sinets dezagun aukera berdintasunean gabiltzala.

A.F.­ Beharrak handitu egin dira. Adinekoen kopurua asko igo da. Gainera, haur baten hezkuntzak askoz ere lan handiagoa exijitzen du gaur egun duela 30 urte baino. Emakumeari egozten zaio ardura hori, eta planto egiten zaila dago, txarto ikusten delako. Ez da espresuki esaten emakume batek haur bat daukanean bi urte beste ezer egin gabe eman behar dituenik, baina praktikan hori egiten da, ez baitago zerbitzu nahikorik. Horri buelta eman behar zaio, eta galdetu beharko genuke zergatik nik edo zergatik emakume guztiek egin behar ditugun lan horiek.

Izaskun G.­ Gainera, zerbitzu sozialekin batera zaintza funtzio sozial modura aitortu behar da. Ados nago zerbitzuak daudenean jendeak naturaltasunez hartuko duela horiek erabiltzea, baina, horrez gainera, kontzientziazio lana egin beharko da, eta hori oso inportantea izango da. Zainketarekin sentimenduak eta afektibitatea nahasten dira eta ez da batere erraza horri buelta ematea.

I.O.­ Erabat ados nago, baina zerbitzu onak baldin badauzkagu, hori aldatuko da. Zuk bidaliko al zenuke haur bat haurtzaindegi ziztrin batera? Adinekoen egoitzekin gauza bera gertatzen da. Hemen jende gehienak egoitzetan ez dauka logela propiorik; partekatu egin behar izaten du, eta horrela zentro batean sartzeko birritan pentsatzen duzu. Nolabait horri buelta eman behar zaio.

M.G.­ Orain artean, zaintza lanak etxetik atera direnean azken alternatiba gisa egin da. Hori behin eta berriz errepikatutako mezuaren ondorioa da. Eta horregatik dira gaur egungo zerbitzuak kalitate eskasekoak. Orain beste behar batzuk sortu dira eta ezinbestekoa da zerbitzu duinak izatea. Modu horretan jendearen pentsakera aldatuko da. Lehen, haurrak etxean egoten ziren sei urtera arte, eta astakeriatzat hartzen zen haurrak hiru urterekin eskolara eramatea. Orain, erabat normala da duintasunezko eta kalitatezko zerbitzuak sortu direlako. Gauza bera gertatuko da zaintzarekin.

Itziar G.­ Oraindik kostatu egiten zaigu onartzea ama edo aita egoitza batean sartu dugula. Kontzientziazioa oinarrizkoa da eta pausoak eman behar dira ildo horretan.

I.O.­ Zaindua denaren ikuspuntua ere oso inportantea da. Adineko jendea eta ezintasunen bat dutenak subjektuak dira, eta ez objektuak, eta zainduak izateko eskubidea dute. Adineko jendeak ez du beti nahi izaten familiak zaintzea, autonomia nahia ere hor dago. Azken finean, beren aukera da eta kontua da eurek zer nahi duten. Ezinduek autonomia nahi dute, baina baita familiatik ere. Bitartekoak nahi dituzte bere bizitza bideratzeko, eta adinekoen kasuan ere gauza bera gertatzen da.

M.G.­ Joera daukagu adinekoen inguruan hitz egiteko, baina zainketaren kontzeptuan gauza gehiago sartzen dira. Gerta daiteke gutako edonork istripu bat izatea eta zainduak izateko beharra izatea. Gauza horiek guztiak ahaztu egiten dira, orain arte familiaren eremuan betetzen zirelako. Zainketak lehentasuna beharko luke jendarte honetan, eta horren arabera antolatu gainerakoa. Sare sozial handi bat behar da pertsona guztiek bizitzako edozein etapatan dituzten zaintza beharrei erantzuteko.

­Zaintza eta emakumea lotuta egon dira beti.

M.G.­ Pertsonak bizitzeko mila behar dauzka, ez bakarrik lan merkatuan aritzea. Baloratzen diren behar bakarrak lan merkatukoak dira; besteak, halabeharrez etorritakoak, ardura gisa hartuak izan dira. Baina planteatu beharko litzateke gizon eta emakumeek orekan bizitzeko hainbat behar mota aseta izan behar ditugula, eta horiek bien artean banatu behar direla. Arazoa da sozializatzeko garaian sexuaren araberako lan banaketa batean egiten dutela, gizonei ardura batzuk egozten zaizkie, eta emakumeei, beste batzuk.

Izaskun G.­ Zaintza eta emakumea batu izana sistema patriarkalaren sexuen araberako lan banaketaren ondorio da.

I.O.­ Zerbitzuen alde borrokatzeak ideia horiek aldatzea ekarriko du. Ezin gara hitzetan soilik geratu. Horregatik proposatzen dugu intsumisioa, plantoa eta zerbitzuak. Eta horrekin ez dugu esan nahi aldaketa guztia zerbitzuen bitartez soilik lortuko dela, baina zerbitzuak dauden heinean, jendeak ikusiko du egokiak direla eta zaintzaren inguruko ideiak aldatzen joango dira.

Itziar G.­ Hor gizarte ereduaren kontua dago. Nik ez dut sekula ulertu nola izan daitekeen posible haurrek hiru hilabeteko oporrak izatea eta lan merkatuan halakorik ez izatea. Gizartea aldatu da, baina ez zaio erantzunik eman hainbat eta hainbat beharri.

Izaskun G.­ Badaude zaintzaileak izan nahi duten emakumeak, eta hori ez da ahaztu behar. Zaintzaileak izateko edo ez izateko eskubideaz hitz egin behar dugu. Aukeratzeko modua egon behar du eta zaindu nahi ez izatea ez da delitu gisa hartu behar. Zainduak kontuan izan behar diren bezala, zaintzaileak ere aintzat hartu behar dira. Badaude zaintzaileak izan nahi duten emakumeak, eta agian egin beharko genukeena horien lan estatusa errekonozitzea da.

M.G.­ Edozein arrazoirengatik ez dutela zainduko esan duten emakumeak gutxienez errudun senti ez daitezen lortzeak izan behar du helburua. Hori lortuta ere, agian, arrazoi asko direla-eta, zaintzen jarraituko dute emakume askok.

Izaskun G.­ Intsumisioaren aukera ere hor dago.

I.O.­ Aukera hori ez da hain garbia. Zenbakiek diote zaintzaileen artean %80k ez dutela beste lanik. Hori ia dugun aukera bakarra baldin bada, zaila da aukeraz hitz egitea.

Itziar G.­ Zaintzaile izan nahi duena, izan dadila, baina ez zerbitzu nahikorik ez dagoelako. Norbaitek esan dezake ‘nik zaindu egin nahi dut’, baina galdetu beharko genioke ea zerbitzu eta sistema egokiak egongo balira, zaintzen jarraituko lukeen. Kontua da gaur egun derrigortuta zaudela zaintzera; ez daukazula kasik beste aukerarik.

M.G.­ Zainketa eskubidea onartuko balitz eta zerbitzu sare publikoa egongo balitz, pertsona guztiei onartzen zaiena, izugarrizko aurrerapausoa izango litzateke egin behar diren aldaketak egiteko.

­Zerbitzuak aipatzen dituzue. Zer deritzozue Estatu espainoleko Gobernuak proposatu duen Dependentzia Legeari buruz?

M.G.­ Ez da gure legea, Estatu espainoletik inposatuta etorriko zaigun beste lege bat da hori. Ez dugu parte-hartzerik izan eta ez dugu izango ere, beraz, marko hori ez dugu aintzakotzat hartzen. Pentsatzen dugu gai hau mahai gainean jartzeko modua izan dela, eta Euskal Herrian beste jendarte eta babes politika bat eraikitzen hasteko eta eragile sindikalak eta emakumeen taldeak elkartu eta lanean hasteko bidea ireki dezake.

Izaskun G.­ Ez dugu legearen azterketa egin eta ez dugu egingo. Gaia hartu eta Euskal Herrian dauden beharrak eta konpondu behar diren hutsuneak aztertu ditugu. Gure iritziz, inposatutako legea da. Bi administraziotan banatuta gaude, eta bi administrazio horietako parlamentuek momenturen batean hartu beharko dute legea, eta hainbat ekimen eraman beharko dituzte aurrera. Baina guk exijitzen duguna Euskal Herriak behar duen sistema publikoa da. Hori aurrera eramateko zer bide ireki behar diren eurek erabaki beharko dute.

M.G.­ Guk ez dugu onartzen legea, baina badakigu bizi dugun errealitatean lege hori onartuko balute, eragina izango lukeela. Alde horretatik, lege horrek ez du ahalbidetzen ezinbestekoa den jendarte aldaketa. Benetan ez du onartzen pertsona guztiek zainduak izateko beharra dugula.

I.O.­ Legeak eragina izango du, beste hainbat legek bezala. Kritika asko ditugu lege horrentzat, baina uste dut proposamen bat izatea ez dela txarra, gaiaren gainean eztabaidatzeko aukera ematen duelako. Era berean, bertan esaten da jendeak menpekotasun egoeran dagoenean baduela zaindua izateko eskubidea. Orain artean hemen ez dugu horrelakorik izan, menpekotasuna zutenak gizarte asistentziara eta aldundietara joaten ziren erregutzen. Aurrerapauso bat da. Era berean, iruditzen zait ezintasunen ezaugarriak zehaztea ez dela batere txarra. Baremo batzuetan zehaztuko dira ezintasun mailak. Nolabait objektibizatu egingo da zer den ezintasuna, zer besteek zaindu behar izatea... Jendeak esnatu eta lotara joan bitartean behar batzuk ditu, zein behar? Bada, zehaztu egingo dira. Gero arazoa da lege hau oso zehaztugabea dela, gauza asko airean geratzen direlako.

Itziar G.­ Gai hau eztabaidatzeko eta gizarteratzeko aukera eman du, baina gu ez gaude lege horrekin inondik inora ados. Espainiako lege bat da, zentralista, eta horretaz gain, hainbat hutsune eta zehaztugabeko alderdi ditu. Gainera, dena geratzen da apur bat airean. Ez da zehazten benetan nola gauzatuko diren paperean biltzen direnak. Hor dago adibidez, epeen kontua. Bestetik, emakumeak izango gara kaltetuenak; izan ere, legeak menpekotasun egoeran dauden pertsonak, ahal den neurrian, euren bizitza garatzen duten lekuan geratuko direla jasotzen du, eta diru bat emango zaiela, noski soldata bat baino baxuagoa izango dena. Beraz, jarraituko dute zerbitzurik eman gabe eta berriz ere emakumeek jarraituko dute behar hori estaltzen.

I.O.­ Iragarri dute dirua emango dutela eta horrekin etxeko langileak kontratatuko dira zerbitzu publikoak ez daudenean. Horretara bideratuko da zaintza kopuru handi bat eta horren kontra gaude erabat. Legean batzen da, gainera, arlo hori Madrilen zehaztuko dutela eta, beraz, hemen halakorik ez dugula nahi erabakitzen badugu ere, behartuta geundeke onartzera.

M.G.­ Nik uste dut ezin dugula ahaztu emakume batzuei onura ekarriko diela lege honek. Pertsona helduei ere laguntza handiagoa eta modu hobean jasotzeko aukera emango die. Baina hori guztia emakumeen bizkar gainean egingo da, batez ere etorkinen eta lan prekarioenak dituztenen bizkar gainean. Hori gero eta argiago dago.

I.O.­ Zerbitzu kontzertatuak ere ugalduko dira. Horretan aitzindariak dira gure gobernukoak. Egoitzen herena jada pribatua da; eta gero eta gehiago, gainera.

Izaskun G.­ Lege honek ekarriko dituen neurriak emakumeen ahotsa isilarazteko erabiliko dituzte, esanez jada neurriak badaudela. Azken finean, gobernuak eta sistemak berdintasuna bereganatu du emakumeen aldarrikapenak alde batera uzteko. Sinetsarazi digute berdintasunean bizi garela, baina hori gezurra da.

M.G.­ Lege honekin salduko digute zainduago egongo direla dependentzia duten pertsonak, emakume gehiagok egingo dutela lan... Baina etorkinen lan- baldintzak benetan kezkagarriak izango dira. Gainera, segur aski beraiek ez dute izango zainduak izateko aukerarik, ez dutelako zaintza hori erosteko modurik izango.

A.F.­ Legean aipatzen da enpresaburuekin, sindikatuekin eta adinduen foroekin akordioak hartu dituztela. Ez da inon ere aipatzen mugimendu feminista ezta emakumeen instituzioak ere. Deigarria da legean aipatzea emakumeak direla lan hori egiten dutenak, baina gero eurekin ez hitz egitea.

­Zein litzateke sistema ideala?

M.G.­ Sistema batek printzipioz hiru eremu hartu behar ditu: Neurri arautzaileak izan behar ditu, zerbitzu sare publiko eta integrala, eta politika fiskal justu eta banatzailea. Guztiek bermatuko lukete zaintza sistema publikoa eta unibertsala izatea.

Izaskun G.­ Behar luke izan herriaren beharrei erantzuten dien sistema bat. Euskal Herrian dauden beharrak aztertu eta haien arabera erabaki beharko da zer sistema publiko sortu behar den.

Itziar G.­ Horretarako interesa eta nahia izan behar dute instituzioek. Ez da nahikoa hau edo bestea behar dela esatea, beharrezkoa da diagnosi bat egitea eta benetan jakitea zeintzuk diren beharrak.

Izaskun G.­ Instituzioek ez dute jendarte hau eraldatu nahi, sistema mantendu nahi dute. Sistema patriarkala mantentzen duten heinean eta sexuen araberako lan banaketak irauten duen bitartean, egungo zaintza sistema bere horretan mantenduko da.

­Zein izango litzateke eragile sozialen lana?

Izaskun G.­ Zaintzaren gaiarekin aldarrikapen argiekin atera behar dugu kalera. Kaleko esparrua asko landu beharrekoa da eta emakumeak mobilizatu behar dira.

I. O.­ Sindikatuen zereginean ere ikuspegi feminista sartu behar da. Norberaren lan hitzarmena negoziatzen ari denean beste ikuspuntu bat izan behar da eta zehaztu zer motatako egitura eta zerbitzuak sortu nahi ditugun eta zertarako.

M. G.­ Jendarte osoaren arazoa da. Mugimendu feministak egin du bere lana, bai eta sindikatuetako emakumeek ere, baina orain ez dagokigu guri bakarrik borroka hori aurrera eramatea. -

 


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cuidado con este 8 de Marzo
Jendartea
«Jendarteak emakumea zaintzailea izatea behar du. Sistema guztia horren gainean eraikita dago»
Euskal Herria
El tribunal reconoce que importantes pruebas contra Arregi y Alegria «no están»
Jendartea
Dos muertos y cuatro heridos al caer una avioneta
Ekonomia
Eta karrikak gaztez bete ziren
Jendartea
Las mujeres vascas cubren el déficit del sistema socio-sanitario público
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea