Pobrezia erdira murriztea, 146 urte barru
Elikadura eta Nekazaritzarako NBEren erakundeak (FAO) antolatuta, 80 herrialdetako ordezkariak pobrezia erdira murrizteko NBEk ezarritako helburua eztabaidatzen ari dira Porto Alegren. Erakunde horrek 2015eko epea jarri zuen, baina egungo politikekin 2150ean ere nekez lortuko dela iritzi zion FAOko idazkari nagusiak.
PORTO ALEGRE
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO) Nekazaritza Erreforma eta Nekazaritza-guneen Garapenaren II. Konferentzia egiten ari da Porto Alegren (Brasil). Bertan elkartutako 80 herrialdetako ordezkariek NBEk pobreziaren gainean hartutako konpromisoak aztertuko dituzte. Nazio Batuek 2000. urtean ezarritako helburuaren arabera, pobrezia tasa erdira murriztu behar zen 2015erako. FAOko idazkari nagusiak, Jacques Dioufek, ostera, ohartarazi zuen helburu hori oso urrun dagoela, eta egungo aurrerapauso motelekin 146 urte beharko liratekeela gosez daudenen kopurua erdira murrizteko, Dioufen esanetan. NBEren arabera, mundu osoko pobreen hiru laurdenak, 900 milioi pertsona, nekazaritza-guneetan bizi dira, eta bizirautea lurzoruak ematen dituen fruituen menpekoa da. Arazo hori konpontzeko gakoa lurraren eta uraren bidezko banaketa da.Konferentzian esaten direnak hurbiletik behatzen ari den Lurrik Gabeko Mugimenduko (MST) kideen iritziz, munduko ekonomiaren arauen erabateko erreforma derrigorrez egin behar da NBEren helburua lortu nahi izanez gero. Miguel Rossettok, Brasilgo Nekazaritza Garapeneko ministroak, nabarmendu zuenez, globalizazioak pobrezia eta berdintasunik eza areagotu ditu, eta familien nekazaritza ekoizpena bultzatzea horri aurre egiteko modua dela proposatu zuen. Bere herrialdea muturreko desberdintasun horren adierazle nagusia dela onartu zuen. Brasilgo lurjabeen %2,7k lurzoruaren erdia baino gehiago (%57) dute beren esku.
Emakume nekazariak
Bestalde, Brasilgo emakume nekazariek gogorarazi zuen haiek ezaugarri bi horiengatik jasaten dutela diskriminazioa. Haien esanetan, nekazaritzaren ekoizpena «herrien beharrei eta usadioei begira» egin beharko litzateke, eta ez orain gertatzen den legez, «dozena erdi bat multinazionalen interesak soilik kontuan hartuta».
|