Asier AIESTARANDONOSTIA
2006. urteko Binakako Txapelketaren finala Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko da martxoaren 19an, Esku Pilota Enpresen Ligak (EPEL) atzo jakitera eman zuenez. Erabakia EPELek Gasteiz eta Donostiako udalekin izandako harremanen ondorioa da, Asegarce enpresako ordezkarien hitzetan.
Sarreren salneurria 110 eurokoa izango da kantxako eserlekuetan, 50 eurokoa harmaila nagusikoetan, eta 30 eurokoa errebotekoetan. Gaur goizeko hamar eta erdietatik aurrera jarriko dira lehenengo sarrerak salgai, telefono bidezko erreserbak eginez. Sarrera horiek partida eguna baino lehen jaso beharko dira Gasteizen material hautaketa egunean (12.00-13.00) edota Labriten martxoaren 17an (19.00-20.00). Saltzen ez direnak eta zutikakoak final egunean jarriko dira salgai (12.30-13.30 eta 15.30).
Aspaldiko partez
Azken urteotan final nagusi ia guztiak Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu eta gero, oraingo honetan Gasteizko Ogetara itzuliko da Binakakoaren finala. 2005eko martxoaren 6tik ez da txapelketa horretako norgehiagokarik jokatu Gasteizen. Orduan Irujo eta Goñi III.ak 22 eta 8 menderatu zituzten Olaizola I.a eta Zearra finalerdietako kitarako lehian.Ez da arraroa. Garai horretan askotan jokatzen zen Arabako frontoietan. Beste finalerdia ere bertan erabaki zen otsailaren 27an, Oinatz Bengoetxea eta Belokik 22 eta 20 irabazi baitzioten Titin eta Barriolari.
Arduradunek diotenez, Donostian baino pertsona gehiago sartzea da Gasteizen aldeko erabakia hartzeko arrazoietako bat. Atanon 1791 pertsona sartzen dira, eta Gasteizen, berriz, 2095 pertsona kabitzen dira. Hala ere, Udalak enpresen ligari eskaintzen dion diru-kopurua ere kontuan izan behar da. Ogeta 1979ko martxoaren 31n inauguratu zuten.