Bi urte eta erdiko espetxe zigorra bi azpeitiarrei
AZPEITIA
Bi urte eta erdiko espetxe zigorra batzen duen epaia ezarri zien atzo Donostiako Auzitegiak bi azpeitiarrei, 2003ko ekainaren 14an, udaletxeetako kargu hartzeen egunean, bi ertzain zauritu izana leporatu eta «nahasmendu publikoa» eta «aginpidearen aurkako atentatua» egotzi ostean. Nahiz eta hasieran 5 eta 3 urteko espetxe zigorra eskatu, bi gazteak akordiora iritsi ziren azkenean Fiskaltzarekin.
2003ko udal hauteskundeetan herritar plataformen aurkako legez kanporatzea medio, ekainaren 14an Hego Euskal Herriko kasik udaletxe guztietan aipa herri plataformek izandako emaitzak ez ziren errespetatu, eta euren kargu hartzea galarazi zuten. Hala, Azpeitian, Habea plataformako kideek eta hainbat herritarrek Udalera jo zuten eta liskarrak sortu omen ziren.
Iñaki Azkue eta Unai Lizaso azpeitiarren aurka 5 eta 3 urteko espetxe zigorraldia eskatu zuen Fiskaltzak hasiera batean, 2003ko ekainaren 14an bi ertzain zauritu izana leporatuta. Azkenean, atzo egin zen epaiketan, akordiora iritsi ziren bi aldeak eta bien artean bi urte eta erdiko espetxe zigorra batzen duen epaia jaso zuten.
Lizaso urtebeteko espetxealdia eta 360 euroko isuna ordaintzera kondenatu du Donostiako Auzitegiak, eta Azkue, aldiz, urtebete, sei hilabete eta egun bateko kartzela zigorraldira. Gainera, zazpi eta hamaika eguneko baja hartu zuten bi ertzainei ere ordainsaria ematera kondenatu ditu Donostiako Auzitegiak. Hain justu, 189 euro eta 506 euro ordaindu beharko dituzte bi gazteek, atzo Auzitegiak kaleratutako epaiaren arabera.
|