BILBO
Gorka Ribadulla gaztea iragan asteazkenean Bilbon atxilotu zuen Guardia Zibilak, institutu armatuaren garita bati 2000. urtean erasotzea egotzita. Hurrengo egunean inkomunikatuta pasa zen Auzitegi Nazionaletik, eta Teresa Palacios epaileak aske utzi zuen.
Atzo, agerraldia egin zuen 24 ordu horietan jasandakoaren berri emateko, eta Guardia Zibilaren aurka tortura salaketa jarriko duela aurreratu zuen.
Gogorarazi zuenez, hamasei hilabete geroago berriz ere atxilotu zuten guardia zibil berberek (2004an ere antzeko prozedura izan baitzuen agente berekin) inkomunikazioa aplikatu zioten. «Madrilerako bidean ginela hasi ziren kolpeak, mehatxuak, eskua zabalik kolpeak buruan, barrabiletan... nire aurkako froga inkriminatorioak bilatu nahian», salatu zuen.
Madrilera lau orduko ibilbidean erabat bakartuta, begiak estalita, ezin ikusita, alboan zituenak zeintzuk ziren jakin gabe eraman zutela esan zuen, eta helmugara iristean ere segi ei zuen egoera horrek: «Aurreko aldian torturatua izan nintzela uste banuen, oraingoan tortura zer den benetan ikusiko nuela adierazten zidaten. Eta jarraitzen zuten kolpeek, mehatxuek, irain sexualek... biluzteko esaten zidaten, kolpatzen segitzen zuten, poltsa jarri zidaten pare bat aldiz... eta horrela izan nintzen haiekin pasatako 24 orduetan; 24 ordu lazgarri», gaitzetsi zuen.
Ribadullak esan zuenez, gainera, haren aurkako froga bakarra ADN lagin bat da orain: «Teresa Palaciosi itaun nion ea 2001ean ertzainek atxilotu nindutenetik lagin hori izanda nolatan datozkidan orain jazoera horiek leporatzera», esan zuen.
Gerora, TATeko kide Aiert Larraldek 2004ko azaroan Ribadullak jarri torturen salaketaren nondik norakoak azaldu zituen agerraldian.
Hala, gogorarazi zuen Bilboko auzitegia inhibitu egin zela Madrilgo epaitegiaren alde, eta azken horrek tortura kausa artxibatu egin zuela. Horretarako eman argudio bakarra auzitegiko medikuak egin azterketetan tortura zantzurik ez dagoela izan da. Halaber, salatu zuen auzitegiko mediku hori bera izan dela orain ere berriz aztertu duena Ribadulla.
Bestetik, 2004ko inkomunikazioa altxatu ziotenean, bilbotarra Basurtoko erietxean izan zen gau oso batez ingresatuta, eta zentro horretako txostena Bilboko epaitegira pasa eta gero, Madrilgo epaitegiak hartu zuen ikerketaren ardura. Bi ikerketa paralelo, beraz, Ribadullaren tortura salaketen gainean. Epaileak erabaki zuen erietxeko txostena Bilboko auzitegiko mediku batek aztertzea, eta torturak jasan izanagatik zantzu psikologikoak egon litezkeela antzeman zuen.
Bestetik, odol analisiek ziotenez, zenbait elementu «desfasatuta» zituen gazteak, eta hori gorputzak berez sortu izana edota torturen ondorio ote den argitzeko eskatu zuten, baina epaileak ez du oraindik ere froga gehiago egiterik onartu. «Adierazpen ponpoxoetatik jarrera duinetara pasatu eta tortura bukatzeko benetako konpromisoak hartzeko ordua da», esan zuen Larraldek. Bide horretan, gainera, esan zuen gaur bilduko direla Lakuako Giza Eskubideen Batzordearekin.
Gurasoak taldeko Txusa Etxeandiak zein Askatasuneko Julen Larrinagak «gazteen kriminalizazioa» eta torturen inpunitatea salatu zuten: «Egoera ez demokratikoan sakontzen du».