Ertzainek Mentxakabarriko gaztetxea utzarazi dute
Atzo goizean zehar, Ertzaintzak Algortako gaztetxea hustu zuen. Ehun bat gazte eraikineko inguruetan batu ziren eta ertzainek haien kontra kargatu eta jipoitu egin zituzten. Horrez gain, mutil batek Mentxakabarriko teilatuan geratzea lortu zuen, baina ondoren, atxilotu egin zuten.
BILBO
Ertzaintzak Algortan dagoen Mentxakabarri gaztetxea hustu zuen atzo. Utzaraztea goizeko zortzi eta erdietan hasi zuten eta benetan jarrera bortitza izan zuten istearen aurka agertu zirenekin, eraikinaren inguruan bildutako gazteek salatu zutenez. Gainera, ertzainek oinezkoei ez zieten sartzen utzi inguruko kaleetan; hala, bada, udaltzainek Telletxe kaletik San Martinera sartzeko errepidetik autobusak baino ez zituzten pasatzen utzi. Bien bitartean, 40 bat gazte Constantino Tenorearen plazak Jaime Morarekin muga egiten duen tartean elkartu ziren, gaztetxean gertatzen ari zena ezin ikusirik egoera hori salatzeko asmoz. Pixkanaka elkartu ziren gazteen kopurua handituz joan zen, eta eguerdirako ehun bat topatu ziren. Ondoren, gaztetxeko arduradunek bertaratzeko deia egin zuten, eta, jarraian, Ertzaintzaren unitate mugikorreko hiru bat furgoneta ere inguruan zeuden, han bertaratutakoek jakinarazi zutenez. Bestalde, mutil batek gaztetxearen teilatuan geratzea lortu zuen. Antza, suhiltzaileak etortzeko zain zeuden ertzainak gaztetxean sartu eta utzarazteko. Hartara, suhiltzaileak joan zirenean, gazteek errepidean gora egitea oztopatu zieten, eta ertzainak oldartu egin zitzaizkien eta kolpeka hasi ziren han zeudenen aurka. Hasiera batean, errepidean behera, Bidezabaleko biribilguneraino bidali zituzten gazteak ertzainek, eta han bidea moztu zuten eta auto ilara luzeak sortu. Tarte horretan, suhiltzaileak gaztetxeraino heldu ziren, eta poliziek ertzainekin negoziatu ostean, gaztetxetik 25 metrora jartzen utzi zieten. Teilatuan zegoen gazteak okupazioaren ikurra jarri zuen, eta, bitartean, ertzainen negoziatzaileak suhiltzaileekin hitz egin zuen eraikina husten hasteko. Azkenean, gaztea teilatutik jaistea adostu zuten, eta jaitsi bezain pronto, ertzainek furgonetan sartu eta atxilotuta eraman zuten. Ondorioz, bertan zeuden gazteak kotxearen atzetik irten ziren eta orduan, ertzainek berriz ere kargatu eta jipoitu zituzten, gogor salatu zutenez.
Atxilotuta ertzain-etxera
Ondoren, teilatuan geratu zen gaztea, Neguriko ertzain-etxean ordu erdi igaro ostean, askatu egin zuten. Gazteak uko egin zion ertzain-etxean deklaratzeari eta haren abokatuaren presentzia eskatu zuen. Hori dela-eta, poliziek aske utzi zuten desobedientzia larria eta erresistentzia delituak leporatuta. Halaber, gazteari egotzitako delituen inguruko auzia Getxoko 2. epaitegian tramitatzen ari den Mentxakabarriko inguruetan identifikatutako beste bost lagunen prozedurari gehituko zaion edo aparteko bidea hartuko duen ikusi beharko da. Izan ere, azken asteotan ohiko bihurtu dira gaztetxeen aurkako halako ekintzak. Arratsaldeko 19.30ean manifestaziora deitu zuten gaztetxearen itxieragatik protesta egiteko. Gazte dezente bildu zen protestara eta, nahiz eta indar polizialaren presentzia egon zen, ertzainek ez zuten kargatu manifestazioan parte hartu zuten pertsonen kontra. Hala ere, ibilbide guztian atzetik izan zituztela jakinarazi zuten manifestariek. Manifestazioa gaztetxetik atera zen eta Algortako kaleetan zehar ibili ostean, istilurik gabe bukatutzat eman zuten. Bukaera aldera manifestariak lurrean eseri ziren gaztetxearen parean protesta egiteko. Gaztetxearen itxiera ez ezik, Ertzaintzaren gehiegizko bortizkeria ere salatu zuten manifestazioan bildutako gazteek, eta lokal propioak edukitzeko eskubidea aldarrikatu zuten beste behin ere.
|