GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-03-12
Julen Murgoitio
Autoa

Urtero ohi bezala aurton ere hastear da egunotan 1 Formulako munduko txapelketa. Eta hori horrela, motorren burrunba hasia da zabaltzen, urruneko zirkuitoetan ez ezik Euskal Herriko bertako bulego batzuetan ere, Euzkadik txapelketa horretan talde propioa izatea nahi dutenen bulegoetan. Itxura batean, nahiko arin doaz aurreko lanak hurrengo urtean eskuderia bat izateko zirko horretan. Jelkideak ari dira prestaketa horretan buru-belarri, talde lehiakorra gauzatzeko ahaleginetan murgilduta. Pneumatikoena izaten dute 1 Formulako talde ezagun askok arazorik nagusienetarikoa, baina jelkideek hasieratik izan dute argi euren erabakia, batere zalantza izpirik gabe: Mitxelin. Gainera, ez dituzte zertan inportatu, etxe barrukoak berak baliatuko dituzte, hainbat urterako beste badute eta; beste taldeek baino entrenamendu gehiago eginda ere, sobera. Gaurkoan dirauen iraganak erakusten duenez, mitxelin horiek ederto batean eusten diote galipotari zein moketari, lurraren gainean oso eskasak badira ere. Autoa bera izaten da taldeen beste burukomin iturri, eta horretan ere jelkideen apostua argia da, auzitegi nazionaleko autoak hartuko dituzte oinarri. Auto horiek mitxelinez jantzita, bestelako osagarriak ipini gabe ere, nahiko lehiakorrak izan daitezke, pole position bera ez bada hortik gertu izateko modukoak. Autoa osatuz joateko hurrengoa suspentsioa da, eta horretan ere badirudi jelkideek ez dutela buruko minik izango; berriz ere entzutegi nazionalera joko dute eta han ezker abertzalea taldeari agindutako suspentsioaz baliatuko dute euren autoaren azpiak babesteko. Hori ere konponduta! Honaino ondo joan zaie entzutegi nazionalarekin egindako join venture hori. Baina tira! autoa osatu beharra dago eta!

Autoa osatzen joateko alez aleko puzzle-bidean aleroiena da hurrengoa. Horretan bai zalantza uxatubakoa jelkideona! Ez da erraza gero, autoaren atzealdea hegalez janztea!, ondo pentsatu behar da helburua bete-betean betetzeko: euro batzuk irabaztea kurba bakoitzean. Hortaz, parke teknologiko batekin ari omen dira tratuan, I+D beti ere. Behin autoa osatuta jendea da bilatu behar dena taldea gauzatzeko, batez ere boxetako lana egiteko jende egokia. Eta hori ere, antza, konponduta daukate jelkideek; izan ere, Arkautetik ateratzen diren horiek kaputxa janzten badakite, kaskoa janzten ere, mangera ederto erabiltzen ere, zer gehiago eskatu ahal zaie autoaren mitxelinak segundo gutxi batzuetan harrotu behar dituztenei? Gidariarena beste kontua da; hau ezin da Arkautetik aterea izan, horrela balitz, seguruenik, zirkuito erdian derrepentean dzart! gelditu, eta auto-zulotik ziztu bizian salto egin eta aleroi-zatia eskuan hartuta Ferrariren pankartari eusten dauden tiffosien aurka oldartuko litzaieke, dinbi-danba. Ez, beste norbaiten atzean dabiltza jelkideak postu horretarako. A! eta zein bandera jarri autoan? Jelkideek argi baino argiago dute hori hasiera-hasieratik: ikurrina, jakina! ez daude horiek prest agindu arrotzei men egiteko. «Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?» bota zuen lehengoan haserre bizian eskuderia berriko ordezkari jelkide batek. «Bai zera!» gehitu zuen. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de viviendas sin luz e inundaciones a causa del fuerte viento y la lluvia
Ekonomia
«El problema está en que las empresas no compran máquina-herramienta»
Mundua
El ex presidente yugoslavo fallece en la cárcel del TPIY
Kirolak
La unión y la experiencia hacen la fuerza
Euskal Herria
Milaka lagun sakabanaketaren aurka.
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea