GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-03-12
Kirmen Uribe - Idazlea
Misterioa

1906an Dario de Regoyos pintore ezaguna Ondarroan egon zen. Aste Santuan egon ere. Ez zen euskal kostaldea bisitatzen zuen lehen aldia, askotan egoten baitzen gurean margolaria, hemengo bazterrak pintatzen. Itsasaldeko paisaiak eta barrualdekoak, olatuak eta basoak. Inpresionismoan aitzindaria zen Regoyos, eta inpresionismoaren iraultza pintura estudioetatik kalera ateratzean zetzan, natura pintorearen beraren begiekin jasotzea. Inpresioak nor bere begiradarekin hartzea, hain zuzen. Horregatik pintatzen zituen paisaiak Regoyosek eta horregatik erakarri zuen gizona Kantauri itsasoaren argi bereziak.

Emaztearekin batera hartu zuen gela “Hotel de la Bahía” izenekoan. Une zoriontsuak izan omen ziren horiek Regoyosen bizitzan. Indartsu eta baikor sentitzen zen pintorea. Eta indar horren seinale da egun horietan egin zuen lana. Hiru-lau egunetan, «Hegaluze-txalupen irteera» izeneko koadroa pintatu zuen. Ekinaldi bakarrean ia-ia. Eta pozik geratu zen lanarekin, gainera. Harro zegoen koadroaz eta halaxe esaten zien lagunei ere, huraxe zela beharbada ordura arteko haren koadrorik onena. Horren harro zegoen Regoyos koadroarekin ezen ez zuen koadroa saldu nahi izan bizitza osoan, eta berarekin batera eramaten zuen, egun zoriontsu haien oroigarri gisa edo.

Artista hil eta koadroa Gregorio Ibarrak erosi zuen. Baina galdu egin zen 1936ko gerran. Geroztik ez zuten haren aztarnarik atera. Misterioa sortu zen, non egongo koadroa, desegin egingo zen edo bazterren batean geratuko zen. Koadroaren entzutea handitzen joan zen. «Melankolia handiko koadroa zen; itsaso zabala zeru gorrizta tragiko distiratsuaren azpian. Eta hantxe txalupen bela handiak, bandera hori erraldoiak bailiran, prozesio amaigabea dardara egiten duen uraren gainean». Horrelaxe deskribatu zuen Rodrigo Soriano kritikariak. Juan de la Encina berriz koadroaren zirriborroa egiten ahalegindu zen. Baina hortxe galdu da haren ubera.

Misteriozko nobelak horren modako diren honetan neure buruari esan diot ez legokeela gaizki koadroaren inguruko intrigazko nobela bat idaztea. Baina niri benetan beste misterio batek galtzen dit osasuna. Aste Santua bazen, nola pinta zitzakeen hegaluze-txalupak? Hegaluzea San Pedro ondoren harrapatzen da-eta? Nahastu egin zen halakoa gizona, edo bene-benetan egun zoriontsuak igaro zituen, tamaina horretako despisteak izateko adinakoak. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de viviendas sin luz e inundaciones a causa del fuerte viento y la lluvia
Ekonomia
«El problema está en que las empresas no compran máquina-herramienta»
Mundua
El ex presidente yugoslavo fallece en la cárcel del TPIY
Kirolak
La unión y la experiencia hacen la fuerza
Euskal Herria
Milaka lagun sakabanaketaren aurka.
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea