Euskal besta egun eta mende hasieran ikusteko aukera
·Euskal Museoak Pablo Tillacen irudiak eta egungo argazkiak erakusten ditu
Apirilaren 30era arte, Baionako Euskal Museoan «Euskal Herriko bestaren inguruko begiradak, Pablo Tillacetik gaur egunera arte» erakusketa izango da. Mende hasieran Tillacek egin zituen irudiek erakusten duten errealitatearen egungo begirada eskaintzen da aurtengo inauterietako argazki eta bideoen bidez.
BAIONA
Bestak gizartea elkartzeko eta erlazioak indartzeko unea dira, baita komunitatearen sentimendua indartzeko ere. Sentimendu hori, eta, beraz, jaiak euskal kulturan sakon atxikiak izan dira. Urtearen garapena eta urtaroen ibilera markatzen duten besta horiek mendeetan iraun eta gero, XX. mendean galera larriak jaso zituzten, baita aldaketa sakonak ere. 1970. urteaz geroztik, jaiek euskal identitatea baieztatzeko duten garrantziaz jabetuta, herri askotan tradizioak berriro indarrean jartzen saiatu dira. Horretarako, Pablo Tillac bezala ezaguna zen Jean-Paul Tillacen lana oso garrantzitsua izan da. Ia mende erdiz Kanbon bizi izan zen margolariak Euskal Herri herrikoia irudikatu zuen bere lanetan, eta jaiak eta jokoek toki handia hartzen dute bere lanean. 60ko hamarkadan, Jean Haritchelar Baionako Euskal Museoko zuzendari zenean, eta artista hil baino lehen, bere lanak erosi zizkion. Egun 500 bat margo gordetzen dira museoan, eta horietarik batzuk erakusketa honetan dira ikusgai. Tillacen margoek garai bateko inauteri eta maskaraden testigantza ekartzen dute gure egunetara; horregatik, obren balio artistikoaren gainetik duten balio etnografikoa nabarmendu daiteke. Zentzu horretan antolatua izan da erakusketa, koadroen ondoan gaur egungo testigantza eskaintzen duten argazkiak eta bideoak ere ikusgai baitira erakusketan barna. Argazki guztiak 2006ko inauterietan eginak izan dira. Francis Blaise Urdiñarbeko maskaradara joan da aurten, eta han Tillacen irudietan agertzen diren irudiak argazkitan hartzen saiatu da. Horrela, 1930. urte inguruko kantinera bibotedun gizon bat dela ikus daiteke, garai horretan neskek ez baitzuten parte hartzeko eskubiderik; aldiz, aurten Urdiñarbeko maskaradan neska gazte bat izan da kantinera. Thierry Truffautek inauteriei buruz egindako bestelako argazki eta bideoak ere izanen dira esposizio-denboran. Erakusketa honen eraketa eta antolakuntzarekin, museoko arduradunek euskal kulturan eta gizartean jaiek duten garrantzia nabarmendu nahi izan dute.
Inauteriei buruzko hitzaldia museoan
I. E. BAIONAErakusketaren gaiari lotuta hitzaldi bat eskainiko du Thierry Truffaut antropologo eta inauterietan berezitutako ikerlariak. Apirilaren 2an izango da hitzaldia arratsaldeko hiruretan, Euskal Museoan bertan, Dagourette etxean. Sarrera doan izango da. «Egonaldiak eta berreskuratzeak Euskal Herriko inauterietan» du izena Truffautek eskainiko duen hitzaldiak. Antropologoaren mintzaldi horrekin, Euskal Museoak eskaintzen duen «Euskal Herriko bestaren inguruko begiradak, Pablo Tillacetik gaur egunera arte» erakusketan dauden irudiak hobeki ulertaraztea dute helburu, baita gizarteak irudiek duten sinbologiaren berri izatea ere. Hitzaldiaren izenburuak inauteriek izan duten historiari egiten dio erreferentzia, XX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan inauterien tradizioa galdu egin baitzen. Mendearen bukaeran, herri askotan berreskuratzen saiatu ziren. Berreskuratze horretan oso garrantzitsuak izan ziren Tillacen margoak, transmisioa hautsia izan zen tokietan lehen zena ezagutzera emateko, hain zuzen.
|