HENDAIA
Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) elkarretaratzea egin zuen atzo Hendaian Gobernu frantsesak euskarazko irakaskuntzaren aurka egiten dituen erasoak salatzeko.EHBEk salatu zuenez, Estatu frantseseko Gobernuak aspaldian ekin zion frantsesa inposatu eta euskara desagerrarazteko lanari. «Ekinbide horrek ez du etenik, eta helburu genozida hori lortzeko bide ugari erabili baditu ere, hezkuntza sistemarena izan da erabiliena eta eraginkorrena ziurrenik», salatu zuten.
Hezkuntza sistema propiorik gabe eta frantsesa hizkuntza ofizial bakarra izanda, EHBEren ustez, estatua bere helburua lortzen ari da. «Ikusten dugun bezala, erasoek ez dute etenik, baina hori baino harago doa kontua: inposaketa estrukturala da», gogorarazi zuten. Ildo horretan, zera gaineratu zuten: «Zer egin estatua eta bere aparatuen oldarraldiaren aurrean? Epaile eta epaitegien erasoen aurrean? Bada Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikasle, irakasle, guraso eta herritar euskaltzaleak, gainontzeko euskal herrialdeetakoen laguntzarekin egiten ari direna: elkartu, erantzun eta eskola euskalduntzeko ahalegina egin».
Alde horretatik, azken urteetan aurrera eramandako hainbat ekimen gogorarazi zituzten. «Seaskako kideen eskari eta mobilizazioak; Hirusareta plataformak eskola publiko, pribatu eta ikastolak batuz zabaldutako lerroa; azken asteotan Bai Eskolak Euskalduntzeari sinadura kanpaina erraldoia martxan jarri izana. Euskal Herriak Bere Eskolak ekimen guzti horiek txalotu, babestu eta bertan parte hartzen ari direnekin bat egiten dugu», adierazi zuten.
EHBEk, era berean, bi eskaera egin zizkion Estatu frantseseko Gobernuari: batetik, euskara eta euskarazko irakaskuntzaren aurkako erasoak gelditzeko exijitu zion; bestetik, euskararen ofizialtasuna aitortu eta bermatuta, euskaldunduko duen eskolari bide egiteko eskatu zion.
Hala eta guztiz ere, EHBEk hezkuntza sistema propioa eta euskaldunduko duen eskola eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. Horretarako, baina, ezinbesteko jo zuten ikasle, irakasle, guraso eta herritarren laguntza aurrerantzean ere izatea.
EHBEk ez zuen ahaztu nahi izan AEK-k eskolaren bidez euskaldundu ez diren herritarrekin egiten duen lana. «Goraipatzekoa da euskaran biziraupen zein transmisioan egiten duen jarduna», adierazi zuten; izan ere, gogorarazi nahi izan zuten Euskal Herrian milaka direla euskara ezagutzeko hautua egiten duten herritarrak. «Herritar hauek eskolaren bidez bermatzen ez zaien eskubidea euren kabuz egikaritzen dute, oztopo guztien gainetik eta konbentzimentu osoz», gogorarazi zuten.
Elkarretaratzea ez ezik, EHBEk bi hilabetean egin ohi duen koordinazio bilera Hendaian egin zuen atzo Euskal Herriko iparraldeko hezkuntzaren inguruko egoeraren berri izateko, eta zehatzago, iparraldeko eskolek euskalduntzeko dituzten aukeren egoera ezagutzeko. Horretarako, hezkuntzako kide bat eta AEK-ko hainbat kideren testigantzak jaso zituzten EHBE-ko kideek bileran.