GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-03-12
Prekarietatea, lan arazoa baino gehiago
LABek eta Segik prekarietatearen aurka borrokatzeko beste eredu bat jarri nahi dute abian, bien arteko elkarlanean oinarrituta: lantokietako gatazkak prekarietatearen aurpegi guztiak agerian uzteko baliatu nahi dituzte. Oraingoz, posible den ikusteko, estrategia hori Irungo garbitzaileen greban aplikatu dute.

Aliantza Estrategikoa izenarekin ezagutzen den ekimen bateratua 2002. urteko ekainean hitzartu zuten LABek eta Segik. Egitasmo horretan beste urrats bat emateko eta gazteek eta langileek bizi duten egoerari modu eraginkorrean erantzuteko helburuarekin, sindikatuak eta gazte erakundeak elkarlan estrategiko hori gaurkotu eta zorroztu dute.

Beste gauza batzuen artean, prekarietatearen aurkako borrokari beste dimentsio bat ematea erabaki dute. Hain zuzen ere, lan mundua baino harago doan problematika izanik, lan baldintza kaskarren eraginez enpresetan gertatzen diren gatazkak prekarietatearen aurpegi guztiak agerian uzteko baliatu nahi dituzte. Lantokiko egoera zehatz bat salatuko lukete horrela, baina baita etxebizitzaren problematika, aisialdiaren merkantilizazioa, neurrigabeko kontsumoa, ingurumenaren aurkako erasoak edota antzeko arazoak ere.

Dena dela, borroka eredu horrek funtziona dezakeen ala ez ikusteko, LABi eta Segiri txostenetan idatzitakoa errealitatera eramatea baino ez zitzaien geratzen. Hori dela-eta, joan den urtarrilaz geroztik greban diren Irungo Udaleko azpikontratetako garbitzaileen borroka aukeratu dute esku artean duten estrategia berriaren gauzatze praktikoa egiteko. «Estrategia hau praktikara eramateko ordua zen. Herrietan zer borroka zeuden begiratzen ibili ginen, azkenean Irungoa hautatu genuen. Gatazka hori egokia dela iruditzen zaigu, hainbat arrazoigatik: greba mugagabea delako, emakumeak gehiengoa direlako, lan baldintza txarretan daudelakoŠ azken batean, prekarietatea era gordinenean agertzen delako», jakinarazi zuten Aliantza Estrategikoaren bultzatzaileek.

Greban dauden langileen artean ELAk du gehiengoa; LABek eta ESK-k, berriz, gutxiengoa. Egoeraren azterketa egin ostean, indar banaketa horren eraginez grebalarien adierazpenetan «hutsune ideologikoa» dagoela ondorioztatu zuten LABeko eta Segiko lagunek. ELAren diskurtsoa soldatara eta antzeko elementuetara soilik mugatzen dela ikusi zuten, baita Aliantza Estrategikoaren bitartez gizarteratu nahi dituzten problematikak erabat ahaztuta dituztela ere. «Erresistentzia kaxa dela-eta, ELA oso eroso sentitzen da. Grebarekin jarraituko dute aspertu arte, eta gero zerbait hitzartuko dute gatazkari amaiera ipintzeko, Basauriko garbitasun grebarekin edo Gasteizko Caballito enpresarekin gertatu zen bezala», esplikatu zuten.

Horrela gauzak, LABen ordezkaritza baliatuz, Irungo grebari «kutsu ideologikoa» eman eta prekarietatea lantokiko egoera zehatz bat baino gehiago dela irudikatzea lortu nahi dute. «Guretzat prekarietatea zerbait orokorragoa da, lan mundutik harago doana. Horixe da Aliantza Estrategikoaren filosofia. Indar metaketen bidez aplikatuko genuke, bakoitzak bere eremuan lan eginez. Adibidez, Segik gaztetxeko jendea erakarriko luke. LABek, ordea, Irun Herria Udal taldea. Garbitzaileen egoera salatzeaz gain, prekarietatearen ondorioez hitz egingo lukete guztiek», nabar- mendu zuten.

Bono-laguntzak

Eredu hori alderantziz ere aplika daitekeela adierazi zuten LABeko eta Segiko lagunek. «Adibidez, gaztetxea hustuko balute, hori salatzeko estrategia berbera erabiliko genuke. Hau da, okupazioa aldarrikatzeko orduan, garbitzaileen sostengua ere eskatuko genuke, prekarietatea baitago arazo horien atzean», gaineratu zuten.

Oraingoz, eredu horren gauzatze praktikoaren lehen fasean daude. «Ekimen propioak antolatu ditugu: kartelak egin, egunkarietara gutunak bidali eta elkarretaratzeetara deitu. Jose Antonio Santano alkatearen etxe aurrean bildu ginen joan den egunean», gogorarazi zuten, eta indar metaketa bigarren fase batean landuko dela iragarri zuten.

Era berean, Aliantza Estrategikoarekin bono-laguntzak ere bultzatuko dituztela aurreratu zuten, hots, LABek bost eurotan saltzen dituen txartelak. Euskal Herrian greban dauden afiliatuak laguntzeko baliatuko dute bildutako dirua, «erresistentzia kaxa soziala» bailitzan. -

IRUN


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Miles de viviendas sin luz e inundaciones a causa del fuerte viento y la lluvia
Ekonomia
«El problema estį en que las empresas no compran mįquina-herramienta»
Mundua
El ex presidente yugoslavo fallece en la cįrcel del TPIY
Kirolak
La unión y la experiencia hacen la fuerza
Euskal Herria
Milaka lagun sakabanaketaren aurka.
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea