Aberri Egun bateratua egingo dute hainbat gaztek Hazparnen
HAZPARNE
Hazparne aldeko gazte talde batek (indar politikoetako kideak, sindikatuetakoak, bestelako mugimenduetakoak...) Aberri Egun «askotariko, bateratu eta herrikoia» antolatuko du herri horretan, atzo prentsaurrekoan jakinarazi zutenez. Hartara, Nazio Garapenerako Biltzarrak (NGB) eginiko deiari erantzun nahi izan diote gazte horiek.Agerraldian, sustatzaileek azaldu zuten ekimen hori ez direla bultzatzen ari indar politiko eta mugimendu ezberdinetako ordezkari gisa, maila pertsonalean baizik. «Gure alderdi eta mugimenduak ez dira kontsultatuak izan, eta, beraz, ez dute deus ikustekorik proiektu honekin», zehaztu zuten. Mahaian ziren Izturitzeko Cecile Etchart (ABko boto-emailea), Heletako Olivier Bibens (Batasuneko boto-emailea), Beskoitzeko Mattin Olçomendy (Segiko kidea), Makeako Mikel Funosas (ESAITeko kidea), Aiherrako Thierry Mirande (LAB sindikatukoa), Hazparneko Maialen Amestoy (Demo taldeko sostengatzailea), Izturitzeko Jon Oihenart (Artean presoen sostengu komiteko kidea), Hazparneko Katti Pochelu (Gaztetxeen kolektibokoa), Aiherrako Herve Parachou (ELBkoa) eta Aiherrako Ramuntxo Christy (independentea). «Proiektu hau oinarrizko militante talde batek dugu abiatu, guretzat Aberri Eguna ezin baita alderdien eta zatiketaren eguna izan», adierazi zuten, eta honakoa gaineratu: «Urte osoan bakoitzak gure alderdian edo mugimenduan lan egiten dugu; urtean behin, elkarrekin, batzen gaituen aberria ospatu nahi dugu:Euskal Herria». Aberri Egunerako leloa aukeratu dute «Euskal Herria, nazioa», eta herritarrei dei egin zieten egun horretan etxeetan ikurrina jar dezaten. Egitaraua ondokoa da: 13.00-etan aperitifa, 14.00etan bazkaria, 17.00etan ekitaldia eta 18.00etan erromeria.
|