Esan ohi da pertsona dela harri berean estropezu egiten duen animalia bakarra. Pertsona batzuk, berriz, hamaika aldiz egiteko gai dira. Honatx Jaime Ignazio Del Burgo jauna, fran- kismoaren altzoan hazitako gizona, langileen zapalkuntzan trebatua, sosa leku batetik bestera nola pasatzen den ederki dakiena. UPNko kide anitzi galdetuz gero, jakinen genuke txaloa beharrean oinkada ozena emanen ziotela ipurdian. Del Burgok Nafarroa ahoan beti badauka ere, Madrilen ditu laguntzak. Haren benetako hiztegian ez da Nafarroa hitzik, España baizik.
Del Burgok argitaratu du berriki Martxoaren 11ri buruzko liburu bat. Politika fikziozko liburua omen da, baina egileak ziurtatzen du ikerketa sakonaren fruitua dela. Areago, espainiar Kongresuaren ikerketa batzordean zegoelarik, Pedro Jota Ramirezen errieta jaso zuen, ikasgaia ez zuelako menperatzen. Liburua aurkeztu zutelarik, “El Mundo”ren irakasleak aitortu zuen Del Burgo ikasleak jadanik ikasia zuela.
Del Burgok ez du esaten ETAk egin zituela Martxoaren 11ko erasoak, baina ulertarazten du zerikusia izan zuela. Haren ustean, ezin daiteke sinets Lavapieseko mairutxoak izan zirela sarraskiaren arduradunak. Lavapies Madrilgo auzo bat da, alde zaharrean kokatua, zeinean gaur egun musulman anitz bizi baitira. Auzo xumea da Lavapies, ez dut uste Del Burgok ongi ezagutzen duenik. Are gutiago han bizi diren musulmanak. Aipamena erabili du zalantzak zabaltzeko, PPk martxoko egun horietan izan zuen jarrera ergela zuritzeko.
Esanguratsua da justu une honetan Del Burgok Aznar zakarrontzira bidali zuen estrategiaren ikurra altxatzea. Pedro Jotak nahi duena esanen du, baina Del Burgok ez du deus ere ikasi. Ez du ulertu 2004ko porrotak ez duela atzera itzultzerik, ez oraingoz bederen. Ermuko Foruak Iruñean izan zuen lurjotzean protagonismo handia izan zuen, eta xixtu bizian doa Rajoyen alderdia amildegira daraman bidetik.
Euskal Herriarekiko obsesioa izan zen PPren erorketaren arrazoia. Eta obsesio berak laburtzen du Del Burgoren ibilbidea. Batere susmagarria ez zen Amadeo Marco konturatu zen. Del Burgok Euskal Herria gorrotatzen du, Nafarroa gorrotatzen du. ETAren su-etenak urduri eta ia deprimitua utzi du Del Burgo. Kezkatuta dago, eta ez dabil oker. Herriak hitza eta erabakia eskuratzen dituen heinean, egun zailak heldu dira harendako. -