GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-03-25
Jabier Intxaurrondo (*) - Berastegiko baserritarra
Kalitatea eta nekazaritza politika

Azkenaldian asko hitz egin da ganaduaren munduari buruz. Hiltegien itxierak direla, sindikatuek eta Kalitatea Fundazioak egindako adierazpenak etab. eman dute zer esana.

Idatzi hau sinatzen dugunok baserritarrak gara eta Labela sortu zenetik, Labeleko ganadua gizentzen dugu. Gure kezka eta haserrea azaldu nahi dugu, labelak hartu duen bidearekin erabat etsita gaudelako.

Nekazarien ahotsak «garrantzi handia» duela diote Labeleko arduradunek komunikabideetan, baina errealitatea bestelakoa da oso: inork ez du gurekin ezertarako kontatu, ezta guk lagun eta lankide ditugun beste baserritarrekin ere. Zer eta nola egin behar ditugun esateko bai, baina zer iruditzen zaigun ez digute sekula galdetu.

Gure ustean, Labelak bertako haragia kalitatezko produktu bezala bereiztuz, kanpoko merkatutik desberdintzea izan behar du helburua. Gaur egun, ordea, badirudi Kalitatea Fundazioak produktibitatea primatzen duela, guretzat oinarrizkoak diren baldintzen gainetik. Haragiaren komertzializazioa hobetu beharraren aitzakiaz, gutxi batzuen interes partikularrak bultzatu dira lotsagabeki.

Bestalde, Labeleko ganadua gizentzeak esfortzu handiagoa suposatzen digu baserritarrei. Betebeharrak asko dira, gutxitan kalitatearekin zerikusia dutenak eta gehienetan irizpide komertzialetan oinarritutakoak, horrek ekoizpen kosteen igoera suposatzen digularik, baina salmenta prezio altuagorik ez.

Zergatik jarraitzen dugu labelean, beraz? Baserritarrik gabe, dudarik gabe, ez litzateke labelik egongo (nahiz eta despatxu dotorean egoten diren zenbait ez diren ohartu horrekin). Erantzuna Labelaren filosofian sinesten dugula da, eta euskal baserrietako ekoizpena babesteko derrigorrezko tresna deritzogula. Baina edozein ezinbesteko tresna esku okerretan eroriz gero, harekin lortutako emaitzak ere okerrak izaten dira.

Labeleko ekoizle bezala, ez dugu ezagutzen Kalitatea Fundazioko barne-funtzionamendua. Ez dakigu nork markatzen dituen kalitateko irizpideak, ezta gure produktuak komertzializatzeko bideak nortzuk erabakitzen dituzten, baina badakigu behintzat ez garela baserritarrok, hala izan balitz, oso egoera ezberdinean egongo baikinen momentu honetan.

Merkatu masifikatu batean «diferentziatzea» eta «kontsumitzaileei bertako kalitatezko nekazaritza produktuak eskaintzea» dutela helburutzat diote. Guk ere bat egiten dugu honekin. Arazoa da etiketan oinarritu dutela diferentziazio hori, eta horren ondorioz, gaur egun Labela, baserritarrentzat bezala, kontsumitzailearentzat ez da erreferentzia. Haragiaren kasuan adibidez, erreferentzia harakina da, baina ez Labela bera.

Helburua gure produktua diferentziatzea bada, ahalegin guztiak jarri beharko ditugu horretan, eta Kalitatea Fundazioa momentu honetan guztiz kontrako norabidean ari da, hau da, kanpokoa imitatzen, haiekin kon- petitu ahal izateko.

Giltzurrunaren kasua da adibiderik garbiena. Labeleko komertzial nagusiak giltzurruna kentzen hasi zirenean (buruko batez beste 60 euro gutxiago ordainduz baserritarrari), baserritar, albaitari, harakin eta haragi sektoreko beste hainbat jende erabaki horren kontra azaldu ginen, giltzurruna kentzeak kalitate galera suposatzeaz gain, diferentziazioaren kontrako neurri zuzena zela salatuz. Giokela markak egin duen bezala, giltzurruna kentzea galaraztea eskatu genion Kalitatea Fundazioari, baina badirudi marka txiki eta «pribatu» batek baserritarra babesteko egin duena Labelak ezin duela egin. Noski kanpoko haragiarekin konpetitu ahal izateko komertzial batzuk hartutako erabakia baitzen.

Hiltegiak ixtea ez dagokiela diote, bestalde. Oraingoan ere, ohi duzuen bezala, zuek harria bota eta segidan eskua ezkutatu duzue. Hiltegiak ixtearen estrategia Gurokela enpresa bultzatzea dela argi geratu denean, eta Kalitatea Fundazioko hainbat arduradun Gurokela bultzatzen publikoki azaldu direnean, nor nahi dute engainatu?

German Muruamendiaraz Kalitatea Fundazioko jerente eta Bergarako Udaletxeko Alkateorde denak Oñatiko hiltegia ixtearen aldeko boza eman zuela ondo dakigu baserritarrok, eta Bergarako Udala izan dela Oñatiko hiltegia ixteko indarrik handiena egin duena ere bai, Bergarako biztanleak direnean erabiltzaile nagusiak. Nork markatzen ditu Bergarako Udalean haragi sektoreari buruzko irizpideak? Alkateak?

Haragi ekoizle bezala, eta gipuzkoar bezala, haragiari buruz aritu gara. Arabar patatari buruzko edo Gernikako piperrari buruzko ezagutza handiegirik ez dugu, baina bertako baserritarren ahotik etsipen bera somatzen da, eta Labeldun produktu ezberdin guztietan gauza bera pasatzen ari dela ikusteak akatsa goi-goitik datorrela erakusten digu, nahiz eta lehen aitortu bezala, barreneko tripak ez ditugun ezagutzen.

Esan dugun bezala, Labelaren filosofia zuzena da, baina zuzendaritza esku okerretan erori denez, baserritarren eta kontsumitzaileen babeserako behar lukeen tresna gutxi batzuen diru iturri bihurtu da, nekazaritzan behin eta berriz gertatzen den moduan.

Politika honen ondorioak nabarmenak dira. Baserritar kopurua beherantz, eta batez besteko adina, berriz, gorantz. Horiek dira azken urteotan bultzatu den nekazaritza politikaren ondorioak; ukaezinak, eztabaidaezinak. Nekazariekin kontatu gabe egiten den nekazaritza politika baten ondorioak.

Honegatik guztiarengatik Labeleko arduradunei eskatzen diegu lehenbailehen utz ditzatela euren karguak, beraiek baitira porrot honen erantzule nagusiak. Labelak zuzendaritza berria behar du, interes komertzial partikularrak alde batera utziko dituena eta baserritarren iritzia eta beharrak errespe- tatuko dituena. -

(*) Sinatzaileak: Jabier Intxaurrondo (Berastegi); Pedro Lasagabaster (Eskoriatza); Agustin Artola (Amezketa); eta Juan Antonio Galarraga (Arama). Baserritarrak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Primero las bases y luego los plazos
Euskal Herria
Agentes sociales llaman a reforzar el proceso en la marcha de Bilbo
Euskal Herria
Ibarretxe anuncia una mesa tras el verano y el PSE le descalifica al instante
Euskal Herria
Zapatero solicitará luz verde antes del verano
Euskal Herria
Ana López, compañera de Sainz, queda libre
Euskal Herria
Balza considera «adecuada, justificada y proporcionada» la carga del 3-M
Ekonomia
La plantilla de VW pide a la dirección que «mueva ficha»
Ekonomia
Villepin insiste en los CPE en la «primera etapa de diálogo» con los sindicatos
Euskal Herria
Batasuna considera que la tarea prioritaria es acordar las bases de la Mesa de Solución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea