PNBk kanpaina egingo du alderdia ezagutarazteko
·Euskal nortasuna eta beren proiektua azaltzeko 30.000 liburuxka banatuko ditu hiru lurraldetan
BAIONA
Euzko Alderdi Jeltzalea-Parti Nationaliste Basque sortu zutenetik hamar urte igaro diren arren, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan beren alderdia ez denez «aski ezaguna», komunikazio kanpaina sendoa egitea deliberatu du PNBk. Hori adierazi dute Ramuntxo Camblong, Aitor Arandia eta Michel Duluc alderdikideek. Arandiak azaldu duenez, alderdi batek funts propioekin tamainako kanpaina egiten duen lehen aldia da.
50.000 euroko kostua
50.000 euro inguru kostatuko den kanpainaren leloa «Zu zira egiazko euskal indarra» da, eta, besteren artean, iragarki tauletan ezartzeko bi kartel, hainbat irrati eta telebistatan iragarkiak eta hiru lurraldetan banatuko dituzten 30.000 liburuxkak izango dira euskarriak. Beren proiektu politikoa ezagutarazteaz gain, PNBk euskal nortasuna nola ulertzen duen ere agertuko du kanpaina horretan. Izan ere, jeltzaleek azaldu dute: «Jendeak ikuspegi oso etnikotik hartzen du alderdia, eta guk azaldu nahi diegu euskal herritarra izatea hemen bizitzeko aukera egitea dela, eta ez dela, uste duten bezala, euskaraz jakin behar».
|