BILBO
«Hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku dago!» leloa izango du datorren apirilaren 2an Santurtzin izango den III. Hizkuntza Eskubideen Egunak. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak atzo eman zituen hitzorduaren nondik norakoak. «Aurreko bi urteetan herri txiki eta euskaldunetara jo bagenuen ere lehen eta bigarren edizioak Lesakan eta Oiartzunen izan ziren hurrenez hurren, aurtengoan herri handi eta nahikoa erdaldundura jo dugu», agertu zuen.
«Horrek badu bere esanahia, euskaldun guztioi Euskal Herri osoan hizkuntza eskubide berberak dagozkigula aldarrikatu nahi dugu, herri euskaldunean edo erdaldunean bizita ere», eman zuen aditzera EHEk.
Santurtziko hitzordua goizeko 11.00etan abiatuko da, Hizkuntza Eskubideen Aldeko III. Nazio Bilkurarekin. «Hizkuntza eskubideen egoerari buruz arituko gara, iaztik hona izan diren hizkuntza eskubideen urraketa nabarmenak azaldu eta, era berean, horien alde egindako lan eta borroken berri emango dugu», esan zuten. Horrez gain, euskara ezagutzeko eskubidea eskola bidez bermatzeko moduez, egungo egoeraz eta egitasmo berriez ere jardungo dute bilkura horretan.
EHE taldeak bilkura horretan parte hartzeko gonbida-pena egin die alderdi eta sindikatu abertzaleei, gazte mu- gimenduari, ikasle mugimenduari eta herritar guztiei, besteren artean.
Ordu berean zabalduko da Euskaraz Bizi Gunea. Bertan, euskalgintzaren materiala eta egitasmoez gain, hainbat erakusketa izango dira. Haurrentzako jolasak, tailerrak eta gaztelu puzgarriak ere izango dira aipatu gunean.
Behin bilkura amaituta, manifestazioa egingo dute eguerdiko 13.00etan udale-txeko plazatik abiatuta. «Hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku dago» izango da martxaren leloa eta Santurtziko kaian amaituko da.
Herri bazkaria 14.30ean izango da propio horretarako prestatutako karpa nagusian. Arratsaldean ere izango da zerekin gozatu Santurtzin; 16.00etan haurrentzako jolasak izango dira, eta Ene Bada taldearen emanaldiarekin biribilduko da eguna.