DONOSTIA
Segi gazte erakundeko kideak Algortako eta Gasteizko batzokiak okupatzen saiatu ziren atzo arratsaldeko azken orduan. Algortan, gainera, hitzezko konfrontamenduak izan zituzten une horretan batzokian zeudenekin. Azpeitian ere bertako batzokia kartelez josi zuten protesta modura.Iruñean, UPNko egoitza parean elkarretaratzea egin zuten, alderdi horrek eta EAJ alderdiak gazteen beharrei ez dietela erantzuten salatzeko eta batek zein besteak euskal gazteriarekiko duten «jarrera bortitza» kritikatzeko.
Gazteek «kolektibo aske gisa» bizi eta antolatzeko ukapena bizi dutela agertu zuen Segik. «Kaletik makilakadaka botatzen gaituzten poliziaz inguraturik bizi gara, kamera kontrolatzailez bete dizkigute plazak eta polizia armatuaz inguratu dituzte gure ikastetxeak», gaineratu zuen.
«Herri borondatea eta Euskal Herriaren ukazioan sostengatzen diren politikari eta alderdien eskutik gara gazteok zanpatuak», esan zuen gazte era- kundeak, eta EAJ alderdia jo zuen erantzule modura. «EAJk eta bere Poliziak gazteak jipoitzen gaituzte, guda tribunal baten zerbitzura diren epaitegi zigortzaileetara bidaltzen gaituzte, gaztetxeak botatzen dituzte...», agertu zuen, besteren artean. Horiek hala, dei zuzena bidali zion EAJri: «Bortizkeria alde batera utz dezan eta behingoz herri honetako gazteon hitza, beharrak eta eskubideak errespeta ditzan».
«Horren guztiaren parean, independentzia eta askatasuna da gazteok borrokarako dugun bidea», agertu zuen erakundeak. Hartara, independentzia esparruak irabazten jarraitzeko «borondate irmoa» agertu zuen.
Gaztetxeen aurkako erasoak
Protesta ekintza horiek helburu zuten batez ere azken boladan izan diren gaztetxeen aurkako erasoak salatzea. Segik agertu zuenez, «Euskal Herrian gaztetxeak bortizki desalojatu eta suntsitzen» ari dira etengabe. «Eraso hauek polizia armatuaren bidez egiten dituzte, bortizkeriarik larriena erabiliz». «Gure eremuetatik bortizkeriaz botatzen gaituzten horiek, gazteon aurka bortizkeriarik larriena darabilten horiek, beren Polizia armatua eta inkisizio epaitegiak izan daitezela herri honetatik desalojatuak», aldarrikatu zuenSegik.
Espekulazioa ere kritikatu zuen: «Ez bizitokirik, ez gazteok beharrezko ditugun gune komunik, ez kalean egoteko eskubiderik ez dugu».