U.A.
DONOSTIA
Lehen Mailako Binakako Txapelketa Martinez de Irujok eta Eulatek irabazi zuten igandean, eta gaur Bigarren Mailako pilotariei iritsi zaie hitzordua. Izan ere, arratsaldeko bostetatik aurrera maila horretako txapela eskuratzeko borrokatuko dute Larralde-Arizmendi eta Arretxe II-Begino bikoteek Iruñeko Labriten.
Lehen Mailakoan gertatu bezala, Aspeko eta Asegarceko bikote bana izango da finalean. Hala ere, sistemak hala behartuta iritsi dira partida erabakigarrienera Larralde-Arizmendi eta Arretxe II-Begino. Izan ere, txapelketa bi multzotan banatu zuten antolatzaileek, finalera enpresa bakoitzeko bikote bana iritsiko zela ziurtatuta.
Aspeko bikoteak ezustean lortu zuen finalerako txartela, Eibarko enpresaren multzoko finaleanApezetxea eta Auxkin 22-20 mendean hartu ostean.
Iker Arretxe eta Aritz Begino, aldiz, erraz gailendu ziren Asegarceren multzoan. Bikote nafarrak 22-10 hartu zituen mendean Retegi Bi eta Mendizabal II.a, eta final handirako txartela eskuratu zuten.
Gaurko neurketan, aldiz, Asegarceko bikotea izango da faborito. Begino sasoi onean dago, eskuinarekin min handia egiten du, eta aurrean Arretxe II.ak tantoa amaitzeko aukera asko izango ditu.