CCOO sindikatuak amiantoaren arriskuak ekiditeko neurriak proposatu dizkio Gasteizko Udalari
·Datozen 30 urteetan material horren eraginez 10.000 pertsona inguru hil daitezkeela esan du
GASTEIZ
Amiantoak eragiten dituen arriskuen aurkako neurriak hartzeko, CCOOk proposamen bat aurkeztu zuen atzo Gasteizko Udalan. Hain zuzen ere, eraikuntza lanak egiteko orduan amiantoa erabili den eraikinen zerrenda egiteko eskatu dio sindikatuak Udalari.Proposamena CCOOko Lan Osasun arloko ordezkari Jesus Uzkudunek eta sindikatu horretako Eraikuntza arloko kide Julian Palmerok aurkeztu zuten. CCOOko lagunek jakinarazi zutenez, minbizia sor dezakeen material horren eraginez 10.000 pertsona inguru hil daitezke datozen 30 urteetan Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 500.000 Europar Batasunean. Testua Arabako hiriburuko Udalan bideratu ondoren, Uzkudunek adierazi zuen proposatzen duten zerrenda beharrezkoa dela herritarren artean «alarma» sor ez dadin, eta, aldi berean, material botatzeak ekidin ahal izateko.
Arrisku guneen identifikazioa Proposamenak, azken finean, plan konkretu bat aurrera eramateko eskatu du. Plan horrek arrisku guneak identifikatzea du helburu, baita zuntzen egoera gertutik zaintzea ere. Eraikuntzaren batean amiantozko zuntzak egoera kaskarrean egonez gero, material horiek kendu beharko liratekeela esan du CCOOk. Era berean, amiatoarengatik gaixotutakoen izenak Osalanera eramatea proposatu du sindikatuak. Badira beste proposamen batzuk ere plan horren barruan: informazio kanpaina egitea langileen eta herritarren artean, eta Udaltzaingoak legez kanpoko erabileren jarraipena egitea, besteren artean.
Nabarmentzekoa da amiantozko produktuen erabilera, ekoizpena eta salmenta debekatuta dagoela 2002. urteaz geroztik. CCOOren arabera, material horren ondoan lan egiten dutenei minbizia izateko arriskua zazpi aldiz handitzen zaie.
|