GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-03-28
18/98ko auzia, guztiz errealitatetik kanpo

18/98 auziko prozesuak aurrera jarraitzen du Auzitegi Nazional espainolean, oraingo honetan, desobedientzia zibilari dagokion atalarekin. Atzo hasi ziren deklaratzen gizarte mugimenduan urte luzez aritu diren euskal he- rritarrak: ekologia, antimilitarismoa, feminismoa, gazte ekimenak... Euskal Herriak duen elkartze sarea oparoa da, eta bere ekarpenari erreparatu gabe ezin da ulertu egun gure herriak bizi duen abagune historikoa. Atzotik epai-gelan diren hainbat auziperatu zenbait giza taldetan aritutako eskarmentu handiko militanteak dira. Anjeles Murillo epailea aurrean zeukala, zera adierazi zuen lehen deklaratzea egokitu zitzaion auziperatuak, Mikel Zuloagak: «Tamalgarria da demokraziarentzat agiri bat idazteagatik pertsona bat espetxera joan ahal izatea» .

Joan den astean, Ekin erakunde politikoan aritzeagatik auziperatuak izan diren herritarrek beren militantzia eta Euskal Herriaren aldeko borrokaren zilegitasuna aldarrikatu zuten bezala, gizarte eta herri askeak eratzeko bidean berritzaile izateko beharra argi geratu zen atzoko agerraldietan. Epaimahaiari zaila egingo zaio atal hauetan, eta besteetan, entzundakoa ulertzea. Hala nola, badirela euskal herritarrak etekin ekonomikorik atera gabe hainbat ekimenetan lan mardula egiten dutenak, edota dirua ezeren truke ematen dutenak argitalpenak, fundazioak eta era askotako tresnak abian jartzeko. Hori guztia Euskal Herriaren altxorra da eta gatazka bortitzaren aitzakiaz itzalean utzi nahi izan duten herri baten historia zati garrantzitsua.

Egun irudikatzen den egoera berriak aukera eman behar luke gertakizunen aurrean irakurketa zehatza egiteko, baita iragan hurbilari eskuzabaltasunez begiratzeko ere. Bistan da, 18/98 bezalako auziak eratzerako orduan, Estatuak herri baten izaera eta herri horren sektore zabal baten aukera politikoa desitxuratzea zuela helburu. Izan ere, eszenatokiaren aldaketa dela-medio, auziak berak zuen balioa helburu hori lortzeko bidean desagertu da.

18/98ko auzia jatorriz politikoa izanik, egoera politikoaren eraginaren menpe kokatu beharra dago. Ondorioz,Lopez Aguilar ministroak eginiko azken adierazpenak, justiziak ibilbide beretik jarraituko duela iragarriz, errealitatetik kanpo daude. PPrekin bildu aurretik «mezu irmoa» izatea logikoa bada ere, Madrilek eta Parisek jakin badakite prozesu demokratikoak aurrera egin ahala, ezker abertzalea suntsitzeko sorturiko ez ohiko tresna guztiak bide bazterrean geratu beharko direla. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
PSOE y PP guardan posiciones antes de la cita entre líderes
Euskal Herria
ETArekin zerikusia egotzita, bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak
Euskal Herria
Zuloaga explica que «Piztu» era un marco de reflexión para los organismos sociales
Ekonomia
Protestas y paros auguran un «martes negro» para París
Jendartea
Las afecciones a flora y fauna obligan a modificar el proyecto de esquí de Larra
Euskal Herria
«Hay que parar esa especie de carrera de mesas e iniciativas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea