BERGARA
20 urte besterik ez du Julen Goikoetxeak, baina heldutasuna iritsi zaio aspaldi. Izan ere, maila erakutsi du jubeniletik, eta amateurretan bi urte eman ondoren, aukera izan zuen jauzia emateko profesionaletara. Halere, ikasketei Ingeniaritza Elektronikoa eman zien lehentasuna eta urratsak jauziak baino nahiago ditu.
Alfus-Tedes taldean hasi du denboraldia, eta ekainean, azterketak amaiturik, Orbean arituko da, Euskaltel-Euskadin ibilbidea amaitzeko 2007. urtean. «Nire erabakia izan zen. Proposamen hori egin nien Euskaltel-Euskadi taldeko arduradunei eta haiek onartu zuten, eta Orbearen aukera eskaini zidaten», jakinarazi du.
Lasaitasuna nahi du Ondarroakoak. «Egunetik egunera hobekuntza nahi dut, profesionaletan maila minimoa emateko».
Egia esan, ongi aritu da denboraldiko lehendabiziko lasterketetan; 5. sailkatu zen Soraluzen eta Lizarran, eta igandean 2.a izan zen Gorlan. «Niretzat irabaztea bezala izan da, Intxaustik gaur egun duen maila ikusita. Edonola ere, gustuko dut Intxausti alboan izatea, ezbairik gabe».
Goikoetxea hirugarren urtekoa da, eta Intxausti, berriz, bigarrenekoa, baina sekulako maila ematen dute tropelean. «Adinak ez du lotura zuzenik emaitzekin; aitzitik, bakoitzaren gorputzaldia da», esan du.
Balentziaga Memoriala du hurrengo jomuga Goikoetxeak, Bidasoako Itzulia, berriz, du buruan. «Ondo ibiltzea eta garapena izatea» ditu helburu nagusiak.
Garcia Oblanca, Etxarri, Toribio, Lana, eta Intxausti, noski, nabarmendu ditu. «Seguros Bilbao taldeak oso ondo egiten ditu gauzak», gehitu du.
Azken urtea du Arrasateko Unibertsitatean. «Orain arte dena dut gaindituta. Aurten ikasgai gutxiago hartu dut bizikletan ondo aritzeko. Baldintzak ez dira aproposenak kirolarientzat, hainbat arlotan, baina, hala ere, hori onartzen dut».
Amateur hiru urteak Alfus-Tedesen elastikoarekin lehiatu da, Carlos Canalesen aginduetara. «Horrek esan nahi du portaera ona izan dela, baita harremana ere. Nire ikasketak onartu dituzte beti, eta inoiz ez didate oztoporik jarri. Lasaitasuna eman dit Txatok».
Etapa hori ekainean bukatuko da, profesional ibilbidea hasteko. «Beldurra ez diot, errespetua bai. Unibertsitatean aurreneko eguna bezala da; urduri zaude», esan du.
Azkenik, ametsa beteko du hurrengo urtean, Euskaltel-Euskadi taldean. «Euskaldun batentzat gauza handiena da; etxeko taldea da eta euskaldunak gara».