GASTEIZ
Lurzoruaren Legearen gaineko zuzenketa partzialak gaur Gasteizko Ganberan eztabaidatuko dituztela aintzat hartuta, Ezker Abertzaleak aurkezturiko «garrantzitsuenak» arbuiatuko dituztela aurreikusi zuen atzo aipatutako taldearen lege- biltzarkide Julian Martinezek.
Haatik, bertan, aipatutako lege proiektuaren aurka azaldu diren eragileen «ahotsa» izango dela, eta, ondorioz, gainontzeko alderdi politikoen zuzenketen eztabaidan ez dela sartuko nabarmendu zuen, eta haien kontra bozkatuko duela. Bestalde, lege proiektua salatzen jarraituko duela gaineratu zuen.
Negoziazio prozesuan Lakuako Etxebizitza sailburu Javier Madrazok Ezker Abertzalearekin ados jarri nahi zuela aipatu izana «makillaje hutsa» zela salatu zuen Martinezek. «Hirukoak legearen enborra hitzarturik zuen PSErekin eta Eudelekin, eta, beraz, Ezker Abertzalearekin adostu nahi zutena oso murritza zen», gogorarazi zuen Martinezek.
Beraz, Madrazok «ia itxita» zegoen planteamendua ekarri zuela nabarmendu zuen. «Puntuei eta komei baino gehiagori buruz hitz egin nahi genuen», esan zuen. «Hirukoak eraikitzaileen, bankuen eta promotoreen interesak defenditzen ditu», nabarmendu zuen Martinezek.
Azken asteetan, hainbat eragilerekin bildu eta haiek Lurzoruaren Legearen egitasmoa «oso gogor kritikatu» dutela jakinarazi zuen: «Gehienak bat datoz gurekin ez duela etxebizitzaren arazoa konponduko». Etxebizitza eskubidea ere ez duela bermatuko adierazi zuen legebiltzarkideak.