Donostiar bat larri zauritu dute «skin»ek Zaragozan
ZARAGOZA
Polizia espainolak bost gazte atxilotu zituen iragan igandean Zaragozan, goizaldean donostiar gazte bati eraso egin eta larriki zauritzeagatik.
Erasoa igande goizaldeko 3.00ak inguruan gertatu zen, Zaragozako María Zambrano kalean. Ordu hartan, 29 urteko Ramón Redondo gipuzkoarra bakarrik zihoan, eta inolako eztabaidarik izan gabe gazte talde batek adreilu batekin eta burdin zati batekin poliziak jakinarazi zuenez, estoldetatik hartua, gogor jo zuen buruan.
Polizia gertaerak jazo zireneko lekura joan zenerako donostiarra baino ez zegoen bertan, eta hark emandako deskribapenei esker atzeman ahal izan zituen esandakoarekin bat zetozen bost gazte: Hospitalet de Llobregateko 20 urteko Juan Antonio I.R., 23 urteko José Alberto B.R. zaragozarra, 18 urteko Gemma P.B. zaragozarra eta adin txikikoak diren beste bi lagun. Poliziaren iturrien arabera, bost horiek skin estetika jarraitzen zutenak ziren, eta dagoeneko epailearen aurrera eramanak izateko zain daude.
Zauritua, aldiz, Zaragozako Servet erietxera eraman behar izan zuten, eta oraindik ere egoera larrian da.
Horren aurrean, Gipuzkoako Ezker Batua taldeak «eraso bortitza» salatzeaz gain, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ez-arauzko proposamen bat aurkeztuko zuela aurreratu zuen, haiek ere, salaketa egiteaz gain, eraso egin diotenaren hurbilekoei elkartasuna adieraz diezaieten.
|