Azkoitiko Udalak ezarririko totemak arbuiatu dituzte
·AAAAPk salatu du kartelentzako totemak «jende gutxiko lekuetan» jarriko dituztela
Azkoitiko Adierazpen Askatasunaren Aldeko Plataformak Udalaren jarrera gaitzetsi du, kartelak edo pankartak jartzea debekatu ostean, Azkoitian elkarteen informazioa itsasteko totemak jartzeko erabakia hartu baitu. «Jende gutxi igarotzen den lekuetan jarri nahi ditu», salatu zuen.
AZKOITIA
Azkoitiko Udalak orain hiru urte onartu zuen Hiri Hondakin Solidoen Bilketari buruzko ordenantza, herriko kaleetan zehar kartelak ipintzea debekatu asmoz. Elkarte, mugimendu sozial eta politiko zein herritar ugari agertu ziren erabakiaren aurka, eta, ondorioz, Udalak herriko zenbait gunetan kartelak ezartzea ahalbidetuko duten totemak jarri nahi ditu.Azkoitiko Adierazpen Askatasunaren Aldeko Plataformak gogora ekarri zuen ordenantza herri guztian aplikatzea zela Udalaren hasierako asmoa, eta azkenean Azkoitiko kasko historikoan soilik ezartzea onartu bazuen ere, arauaren bidez adierazpen askatasunarekiko «urraketa garbia» eta «ideia batzuekiko zentsura» eragiten direla ziurtatu zuen. Totemak «jende gutxi» igarotzen den lekuetan kokatu nahi dituela salatu zuen, Plataformaren iritziz, informazioa «ahal den herritar gutxienengana» iristea baita Udalaren helburua. Izan ere, ordenantzako hiru artikuluk kartelak «Udalak horretarako egokitutako lekuetan soilik» ezarriko direla, eta esku-orriak «bota eta zabaltzea» zein pankartak jartzea debekatua dagoela arautzen dute. Pankarten debekuaren inguruan, AAAAPk zehaztu zuen «egun berezietan» eta Udalaren baimena eskuratuz soilik jarri daitezkeela. «Azken batean, alkateak erabakitzen du zein pankarta jarri daitekeen eta zein ez, gustatzen zaionaren arabera», azaldu zuen.
Bilera bakarra hiru urtetan
Plataformaren iritziz, Udalak ez du azkoitiarren hitza aintzat hartu. Azaldu zutenaren arabera, hiru urtetan behin bakarrik bildu dira Udalarekin:«Arauaren aurkako alegazio dezente aurkeztu ziren, sinadura bilketa erraldoiak eta kalejirak egin ditugu eta argi dugu ordenantzaren aurkako jarrera dagoela Azkoitian. Herriko talde gehienok hartzen dugu parte Plataforman, bi alderdi politiko daude eta elkarte sozial, kultural eta kirol taldeak ere badaude. Hala ere, Udalarekin bilera bakarra egitea lortu dugu», gaitzetsi zuen. Bigarren bilera egiteko eskaera «aspaldi» egin zutela azaldu eta Udalaren erantzunaren zain daudela jakinarazi zuen.
|