GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-30
Korrontzi taldeak zuzeneko indarra eta dantzarako gogoa diskora eraman du
Euren gurasoei entzunez jakin dute Korrontziren berri. Ez zuten trikitilaria ezagutu, baina badakite igandero Mungiako plazara joaten zela txanpon batzuen truke soinu txikia lagun fandango eta arin-arinak jotzera. Erritmo haiexek dituzte euren doinuen oinarri, eta haren omenez bere izena hartu dute taldearentzat. Folk doinuak Euskal Herrian ez ezik hemendik kanpo ere zabaltzeko irrikan, zuzeneko doinuak grabatu eta lehen diskoa besapean dutela datoz.

BILBO

Trikitilarien izena ez ezik haien izana ere gogoan dute Korrontzi taldeko kideek. Fandangoa eta arin-arin erritmoak oinarritzat hartu eta soinu txikia, mandolina, alboka eta beste hainbat musika tresnarekin elkartu dituzte, eta erritmo bizi eta dantzagarriak sortu.

Duela bi urte eman zituen lehenengo pausoak boskoteak. Agus Barandiaran (ahotsa eta trikitia), Mikel Romero (mandolina, gitarrak eta koroak), Ander Garzia (baxua eta koroak), Iker Lope de Bergara (alboka, whistlea, txistua, txirula, karamiloa, flauta eta koroak) eta Pedro Martinez (bateria eta perkusioa) dira taldekideak.

Lehen biak trikiti mundutik datoz eta gainerakoek beste musika mota batzuk jorratu dituzte. Hala ere, guztiek dute musika alorrean eskarmentua. «Denok, aurretik, gure bidea egina dugu musikan ­azaldu du Agusek­. Mikel eta biok hasi ginen fandango eta arin-arin erritmoak hartu eta konposizio berriak sortzen. Guztira hamabi kantu osatu genituen eta ondoren beste taldekideekin hasi ginen doinuak lantzen».

Plazaz plaza hasi ziren emanaldiak egiten. Horien artean, aipagarriena, Getxo Folk jaialdian joan den urtean eman zuten kontzertua. «Kristorena izan zen eszenatoki handian jo ahal izatea», esan du.

Denak dantzan

Euren musika definitzeko eskatu eta «dantzagarria» hitza aukeratu du. Horixe da Agusek taldearen zuzeneko emanaldietatik nabarmentzen duena, entzuleek, emanaldiak aurrera egin ahala, dantzan bukatzen dutela. «Antzoki itxietan aritzen garenean ere, azkenean, jendeak zutik eta dantzan amaitzen du. Horrek animatu egiten zaitu aurrera egitera», gaineratu du.

Zuzeneko dantza-giro hori disko batean islatzea erabaki zuten iazko udan, bai eta dozena bat kantu grabatu ere Mungiako Lamina estudioetan. Ordutik hilabete dezente pasatu dira baina azkenean lortu dute lehen lanak argia ikustea. Bi diskoetxek aterako dute diskoa, Baga-Biga zigiluak Euskal Herrian eta Nubenegrak atzerrian. «Gure musika euskal folkaren adierazgarri da eta guretzat garrantzitsua da Euskal Herritik kanpo ere ezagutaraztea. Hemengo diskoetxeek ez dute horretarako azpiegiturarik, eta horregatik jo genuen Madrilgo Nubenegra diskoetxera. Pozik gaude, kanpora ateratzeko garantia da diskoa haiekin kaleratzea», adierazi du.

Diskoan entzun daitezkeen piezak zuzeneko saioetarako sortuak zituzten eta grabaziorako hainbat aldaketa egin beharrean izan dira. «Kantuak kontzertuetara begira eginak ziren eta apur bat aldatu egin ditugu; interesgarria izan da prozesua», esan du.

Taldearen izena daraman diskoaren aurkezpen kontzertua hurrengo apirilaren 23an izango da, Gatikako frontoian. Oraindik ez dute atzerrian emanaldirik egin, baina badituzte oraindik guztiz konfirmatu gabe dauden datak, Irlanda eta Madril aldean.

Diskoa atera arteko bidea luze joan da Mungia, Barakaldo, Bilbo eta Pirgoko (Errioxa) gazteentzat, baina orain zuzenekoak egiten jarraitzeko asmotan dira. «Azken hilabeteotan kantu berriak ere egin ditugu eta horiek ere joko ditugu kontzertuetan», gaineratu du Agusek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Este no es el camino
Jendartea
Un acercamiento nacional al transporte
Euskal Herria
El Friendship insiste en reclamar la implicación de la UE
Euskal Herria
López pide a Ibarretxe «que siga apoyando» a Zapatero
Euskal Herria
Esperan que Zapatero y Chirac vean una multitud en Bilbo
Euskal Herria
EPPK respalda la marcha y llama a la «acumulación de fuerzas»
Euskal Herria
Grande-Marlaska envía a prisión a Otegi hasta que abone 250.000 euros de fianza
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea