Larunbatean abiatuko da Arabako Bertso Txapelketa
Nafarroakoa Elizondon artean bukatu gabe delarik hasiko da larunbatean, Laudion, Arabako Bertsolari Txapelketa. Bi kanporaketa eta bi finalaurreko jokatuko dira, eta finala maiatzaren 27an egingo da Gasteizen. Asier Otamendiren aurka saiatuko dira beste behin finalean sartuko diren beste bostak. Bi kanporaketak Laudion eta Aramaion jokatuko dira, eta finalaurrekoak Agurainen eta Dulantzin. Kanporaketa biak afalondoan jokatuko dira.
DONOSTIA
Laudion jokatuko da larunbat honetan Arabako Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa. Andere Arriolabengoa, Rikardo Gonzalez de Durana, Felipe Zelaieta, Josu Ormaetxea, Jagoba Apaolaza, Unai Atxa, Ruben Sanchez eta Mikel Herran izango dira kantuan.Bi kanporaketa eta bi finalaurreko izango ditu txapelketak. Bigarrena Aramaion jokatuko da apirilaren 8an. Alberto Martinez Betto, Izar Mendiguren, Iker Agirre, Hodei Lopez de Arkaute, Xabier Lasa Lander Meaza, Ainara Balantzategi eta Orlando Arreitunandia izango dira kantuan. Kanporaketa biak afalondoan egingo dira. Afaritarako izena emateko 675707971 telefonora deitu behar da (Naroa Sasieta) edo arababertsozale.com helbidera idatzi. Kanporaketa bakoitzean punturik gehien ateratzen duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta beste lau ere puntuen arabera sailkatuko dira. Hortik ateratzen den seikoteari iazko finalean sartu ziren beste seiak gehitu behar zaizkio. Hamabiko horrek jokatuko ditu ondoren egingo diren bi finalaurrekoak, eta hortik erdiak sailkatuko dira finalerako.
Iazko finalistak lanean Finalaurrekoak jokatzeko erabiliko den sistema konplexuagoa da. Agurainen maiatzaren 7an jokatuko den lehen finalaurrekoan kanporaketan bigarren, laugarren eta seigarren geratu direnak iazko finalean lehen, hirugarren eta bosgarren geratu zirenen kontra neurtuko dira. Hiru finalistak Asier Otamendi, Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre izango dira. Hurrengo finalaurrekoa Dulantzin izango da maiatzaren 13an eta hor sailkapeneko lehen, hirugarren eta bosgarren geratuko direnak neurtuko dira iazko finalean bigarren, laugarren eta seigarren geratu zirenen aurka (Oihane Perea, Juan Mari Juaristi eta Zigor Enbeita). Unai Atxa, Mikel Herran eta Ainara Balantzategi dira txapelketa estreinatuko dutenak. Horiek eta besteek nahikoa lan izango dute urtea joan eta urtea etorri txapela janzten duen Asier Otamendi estu hartzen.
|