GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-30
Urola Kostako Lurraldeko Zatiko Plana aurkeztu dute Lakuak eta Aldundiak
Urola Kostako Lurraldearen Zatiko Plana onartuta dago. Bertan, 50 jarduera jasotzen dira; besteren artean, egungo tren sarea bikoiztea, Urola haraneko trenbidea eraberritzea eta 11.500 etxebizitza eraikitzea aurrez ikusten du, 3.900 babes ofizialekoak.

DONOSTIA

Urola Kostako Lurraldearen Zatiko Plana aurkeztu zuten atzo, Lakuako Gobernuak behin betiko onartu ostean. Aurkezpenean, Lakuako Lurralde Antolamendu zuzendari Martin Arregirrek parte hartu zuen, eta haren esanetan, planaren xede nagusietakoa «kostaldearen eta barneko aldearen arteko oreka lortzea» da, eta horretarako 50 jarduera batzen ditu.

Arregik, era berean, Urola Kostako inguru funtzionalak Gipuzkoan duen garrantzia nabarmendu zuen «gainerako alde funtzionalekin egiten baitu muga». Halaber, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Zumaia, Orio, Zestoa, Getaria, Aia, Errezil, Aizarnazabal eta Beizamak osatutako eremu funtzionalak hazkunde-tasa naturalik handiena duela gogorarazi zuten; egun 66.500 pertsona hartzen ditu.

Azpiegitura arloan hainbat jarduera batu ditu onartu berri duten planak. «Trenbidea bultzatu nahi du plan honek», nabarmendu zuen Gipuzkoako Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapen diputatuak, Koldo Azkoitiak. «2018rako bi trenbide-ardatz izan nahi dira, eta bidaiarientzako eta salgaientzako garraio egokia jarri nahi da», azaldu zuen. Egun zerbitzua ematen duen Iparraldeko ardatzean sarea bikoiztea aurrez ikusita dago, «modu horretan, zerbitzuen maiztasuna hobetzeko». Era berean, Aia-Orioko trenbide pasagunea kentzea eta Zarauzko herriguneko tartea hobetzea ere jasotzen da planean. «Mendebaldeko ardatzean Urola haraneko trenbidea osorik berreskuratzea espero dugu, eta Azpeitian eta Azkoitian ibilbide eta geraleku berriak egitea», jakinarazi zuen Azkoitiak.

Bide sareari dagokionez, A-8 zehaztu da planean ibilbide luzeko ardatz moduan, «eta Oriotik lotunea izango du».

Urola Kostako barneko garraioari dagokionez, Zarauzko hegoaldeko eta Zumaiako saihesbidea eta Meagaseko errepidea osorik birmoldatzea proposatu da. Bestetik, Zestoako saihesbidea eraikitzea, Zestoa eta Azpeitia arteko errepidea, Azpeitiko saihesbidearen hegoaldeko jarraipena eta GI-631 errepidea Zumarragaraino hobetzea jasotzen da planean.

Herriguneen antolamentuaren gainean ere hainbat jarduera zehaztu dira. Helburua, Arregik azaldu zuenez, herrigune garrantzitsuenak finkatzea eta zaharkiturik geratu diren eremuak eraberritzea da. Hori dela-eta, besteren artean, Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarna, Azpeiti eta Azkoitiko hirigune historikoak osorik birgaitzea aurrez ikusi da. Etxebizitzei dagokienez, orotara, 11.500 eraikitzeko asmoa dago, horietako 3.900 babes ofizialekoak, eta beste 500 etxebizitza eraberritzeko. Planak, era berean, jarduera ekonomikoak kokatzeko beharrezkoa den lurzorua gordetzea ere proposatzen du.

Ekipamendu ugari eraikitzea eta aurretik daudenak finkatzea ere proposatu du atzo aurkeztutako planak. Besteren artean, «Zarauzko eremu funtzionalean Kulturagunea egitea eta Getariako portuaren inguruan Elkanoren irudiaren inguruko zentro tematikoa egitea» dira jasotzen diren jarduerak.

Natur baliabideen arloan ingurunearen «kalitate bikaina aitortzea» da helburua. Beste hainbat alderdirekin batera Pagoetako Parke Naturala eta Inurritzako Biotopo Babestua bereziki zaintzea ditu xede. Era berean, nekazaritzarako egokienak diren eta interes hidrologikoa duten eremuak babestuko dituztela aitortu zuen Arregik.



Abian da Tolosaldeko plana
M.E.

DONOSTIA

Lakuako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrańagak Urola Kostako Lurraldeko Zatiko Plana onartu izanaren garrantzia nabarmendu zuen. Haren esanetan, hainbat erakunderen lanaren fruitu da, eta, batez ere, Urola Kos- tako bizilagunen mesederako bada ere, «gipuzkoar guztien onerako izango da».

Herrialdeko gainerako planei dagokienez, atzo nabarmendu zutenez, Tolosaldeko Lurraldearen Zatiko Plana ere abian da. Lakuako Lurralde Antolamendu zuzendariak, Martin Arregik, ez zuen xehetasun gehiegirik eman nahi izan, oraindik ere jendaurrean baitago ikusgai. Hala ere, «eredu polizentrikoa bultzatzea» proposatzen duela adierazi zuen. «Tolosa-Ibarraldea indartzea ekarriko luke, batez ere, ekonomian, administrazioan eta kulturan», azaldu zuen.

Arregiren esanetan, modu horretan, abian dira Gipuzkoako lurraldeko plan guztiak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Este no es el camino
Jendartea
Un acercamiento nacional al transporte
Euskal Herria
El Friendship insiste en reclamar la implicación de la UE
Euskal Herria
López pide a Ibarretxe «que siga apoyando» a Zapatero
Euskal Herria
Esperan que Zapatero y Chirac vean una multitud en Bilbo
Euskal Herria
EPPK respalda la marcha y llama a la «acumulación de fuerzas»
Euskal Herria
Grande-Marlaska envía a prisión a Otegi hasta que abone 250.000 euros de fianza
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea