- Harri-zulatzaileen apustua -
Mende bat geroago dena prest desafiorako
·Trapagarango taldea eta Jaizubikoa igande eguerdian neurtuko dira Azpeitian
DONOSTIA
Mende bat pasatu eta gero, berriro ere harri-zulatzaileen apustua izango da ikusgai Azpeitiko zezen-plazan igande eguerdian. Azkeneko apustu hura ere Azpeitian izan zen, eta orduan ere bizkaitarrak eta gipuzkoarrak izan ziren. Igandean Trapagaran eta Jaizubia Hondarribikoa izango dira aurrez aurre, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan. Talde bakoitzak hiru kide izango ditu.Liburuei begira jarrita, orain dela 100 urte baino gehiago izan zuen kirol horrek indarra, eta liburuei begira jarrita, aizkoraren eta segaren pare jartzen dute. Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen ospea, eta garai hartan ere apustu handiak egiten omen zituzten. Gero, galdu egin zen, eta urte asko desagertuta egon ostean, orain dela zortzi urte Bizkaian berreskuratu zuten. Indar handia hartu du herrialde horretan, eta gaur egun, 100 lizentzia inguru ditu. Sokatira bakarrik dago bere parean, gainerakoak, aizkora, sega eta harri-jasotzea batuta, askoz ere lizentzia gutxiagorekin baitaude. Gipuzkoan iaz hasi ziren; ez zuten Euskal Herriko Ligan parte hartu, baina bai Euskal Herriko Txapelketan, bai bakarka, bai taldeka. Bakarkakoan, Aritz Isuskizak eraman zuen txapela, eta hortik sortu da desafioa. Normalean ordu erdiko lana izaten dute, baina igandean ordubete izango da, eta udaberriko bero honekin bakarren batek gorriak ikus ditzake. Kirol hori, gainera, Gipuzkoan nahiko ezezaguna da, eta agian apustu horrek herrialde horretan ere antzinako kirol hori indartzeko balio dezake. Apustuari begira, bi taldeek garbi dute berak direla faborito. Trapagaranen ustez, berak dira faborito, eta Jaizubiaren ustez, berak. Hala ere, kezka iraupena da, batez ere, bizkaitarrentzat. «Normalean ordu erdian aritzen gara, eta hor badakigu ongi moldatzen garela. Ligako txapeldunak gara, eta horrek ez gaitu kezkatzen. Bigarren ordu erdia, ordea, oso luzea izan daiteke. Gainera, eskuen kontua dago; pilotariek ibiltzen dituzten takoak jartzen ditugu eskuetan, baina, hala ere, horrenbeste denbora eskuan barrena hartuta, oso gaizki pasa dezakegu», esan zuen Fertxi Garcia taldeko izarrak.
Gipuzkoarrak, lasai
Gipuzkoarrak, ordea, horrek ez ditu kezkatzen. «Haiek akaso teknikoki hobeak izango dira; eta indarra, berriz, asko dute, baina zalantzak ditugu ordubete iraungo ote duten. Guk badakigu iraungo dugula. Iraupenak ez gaitu kezkatzen», esan zuen Aritz Isuskizak, Jaizubiko taldekideak. Apustuak bereziak izaten direla esaten da beti, ez dutela lehiaketekin zer ikusirik izaten, eta Trapagaranen hori nabaritzen ari direla onartzen du Garciak. «Hemen bai. Herrian ez dago beste konturik. Denek bizi dute desafio hau, eta guk ere nabaritzen dugu. Lehiaketetan ez bezalako giroa dago alde honetan», adierazi du. Jaizubia aldetik, horrelakorik ez omen dute. «Egia esan, ikaragarri saiatu gara giroa pizten, baina hemen ez dago horrelako girorik, eta presioa guk jartzen duguna bakarrik dugu, beste edozein lehiaketarakoa bezalaxe», esan zuen. Desafioa gipuzkoarrek bota zuten, eta horren nondik norakoa ere esan zigun Isuskizak: «Bakarkakoan ongi ibiltzen baginen, desafioa bota behar geniela esan zigun entranatzaileak. Irabazi egin genuen eta hortik atera zen. Egia esan behar bada, ez nuen bakarkakoa irabazterik pentsatzen. Ongi ibiltzea bai, baina ez irabaztea. Horrek indar handia ematen dizu aurrera jaraitzeko». Aizkoran egurrak izaten duen bezalaxe, hemen harriak ere zer ikusi handia izaten du: «Dudarik gabe. Harri batetik bestera aldea egoten da, eta aizkorarako bezalaxe, biguna beti errazagoa izaten da. Hala ere, apustu honetan, ordu erdi pasatakoan harria aldatu egin behar dugu, eta, alde horretatik, gauzak berdinean izango dira», esan zuen Fertxi Garciak. Trapagaranek askoz ere eskarmentu handiagoa dauka, baina Jaizubiaren agerpena oso ona izan da: «Begira, guk zortzi urte daramatzagu kirol honetan, eta beti ongi aritu izan gara.Jaizubia iaz hasi zen, eta Bilboko festetan aritu ginen denak batera lehen aldiz, ez baitzuten Ligan parte hartu. Laugarren geratu ziren, eta talde berri batentzat oso ona da hori. Gainera, bakarkakoan, txapela jantzi zuten. Gehienek beste kirol bat egin dute aurretik, eta hori nabaritzen da». Jaizubiko kideak itxaropenez beteta doaz apustura: «Sekulako gogoarekin goaz. Iazko emaitzak ikusita, denboraldi honetarako itxaropen handiak hartu ditugu, eta ilusio handiarekin gaude. Irabazten badugu, berriz, pentsa nola jarriko garen», esan zuen Isuskizak.
Bizkaian sekulako ikusmina piztu da
J.L.
DONOSTIA Igandeko apustuak sekulako ikusmina piztu du, eta 500 edo 600 ikusle inguru etorriko dira herrialde horretatik. «Hemen, Trapagaranen, eta inguruko herrietan ez dago beste konturik. Autobus mordo bat bete ditugu jadanik, eta beren autoetan joango direnak ere asko izango dira. Berez, kanpoan arituko gara, baina gutxienez erdiak gure aldekoak izango dira», esan zuen Fertxi Garciak, Trapagarango kideak. Gipuzkoa aldean, berriz, ez du horrelako girorik piztu: «Asko mugitu gara alde batetik bestera jendea inguratzen, baina ez dugu lortu giro handirik pizterik. Gu animatzera joango direnak inguruko jendea da, eta asko uste dut konpromisoz joango direla. Gipuzkoan ez dauka Bizkaian daukan indarrik, eta hori nabaritu egiten da», adierazi zuen Aritz Isuskizak, Jaizubiko kideak. Apustu hori jokatzen ari diren bitartean, Aimar Irigoienek ere marka ahalegina egingo du harria jasotzen, eta errezildarrak berak bakarrik eramaten duen jendetza kontuan hartuta, garbi dago Azpeitiko zezen-plazak itxura bikaina izango duela. 1.000 ikusletik gora izango dira han. Batzuk beren taldea animatzera, beste batzuk Irigoien animatzera, eta sekula ikusi ez dutenak eta kuriositatez kirol hori ezagutu nahi dutenak ere joango dira, sarrerak ez baitituzte garestiak jarri; izan ere, 15 euroan egongo baitira salgai.
|