Kulturen arteko loturak kantu, musika, dantza eta antzerkiaren bidez landuak
·Apirilaren 7an, 8an eta 9an izanen da Zuberoako Bildoze eta Gotaine herrietan XVII. Xiru jaialdia
XVII. Xiru jaialdia eginen dute ondoko apirilaren 7a eta 9a bitartean. Hiru egunez, lekuko eta kanpoko artistak antolatzaileek aukeraturiko «kulturen arteko topaketa» gaiari erantzuten saiatuko dira dantza, olerki, musika, kantu eta antzerkiaren bidez. Besteren artean, apirilaren 7an Bildozeko plazan izanen dira «Kültüren plaza 64 130» ikusgarria emateko. Bildozen Portugaldik etorritako immigrazioak sortu duen kultur aniztasuna aipatzen du.
BAIONA
Kulturen arteko loturak norberak nola bizi dituen aztertu nahi izan dute Xiru jaialdiko antolatzaileek aurten. Apirilaren 7tik 9ra, errealitate berezi hori kultur emanaldien bidez landuko dute.«Askok egunero bizi duten egoera hori kantu, hizkera eta dantzaren bidez aipatu nahi genuke jaialdian, eta hari erantzun berezi bat eman nahi genioke», esan zuen MixelEtxe- kopar jaialdiko antolatzaileak. Hizkuntz gutxituak eta frantsesa, baserri eremua eta hiritarrak eta erbestetik sorturiko kulturak aipatuko dituzte hiru egun horietan. Horretarako, ikusgarri berezia eginen dute apirilaren 7an, Bildozen. Jaialdiaren ekitaldi nagusiak Gotainen eginen badituzte ere, urtero bezala, lehenengo egunean Zuberoako beste herri batean izanen dira. Iaz Larrainen zeuden; aurten, berriz, Bildozen izanen dira. Herriaren hautaketa jaialdiaren gaiari azkarki lotua dago. Mixel Etxekoparrek argitu zuen: «Portugaldik etorritako immigrazio azkarra izan du Bildozek. Kultur aniztasuna egunero bizi duen herri bat aukeratu nahi izan dugu. Portugalgo eta frantses elebitasuna azkarki errotua da herri horretan».
Bildozeko plazan Apirilaren 7an, herritarrekin landuriko “Kültüren plaza 64 130” ikusgarria emanen dute. «Herriko haurrekin aurretik lan bat abiatua dugu. CD bat kaleratu dugu, eta, nolabait, ikusgarria lan hori guztia bururatzeko heldu da», esan zuen. “Kültüren plaza 64 130” lanak, beraz, kultur bikoitza dituzten artistak bilduko ditu herritarrekin batera. «Kultur bikoitza izanik, hizkuntza berezi bat sortzen da. Bildozen, egunero, euskal, frantses eta portuges kulturak elkarrekin gurutzatzen dira. Eta artistek kantuaren, musikaren eta antzerkiaren bidez trukaketa hori agerian jarriko dute», gehitu zuen antolatzaileak.
Mixel Etxekoparrek berak landu du obra, eta Tokia antzerki taldea, Suak piroteknia elkarteko kideak eta Beñat Achiary eta Samir Elook kantariak arituko dira harekin batera. Kultur aniztasunaren gaia berriz ere jorratuko dute biharamunean, goizeko hamar eta erdietan Gotainen eginen duten mintzaldian. «Bi kultura, nola, zendako ez?» gaia Xiruko artisten lekukotasunaren bidez aipatuko dute.
Sorkuntzak nagusi Urteroko ildoari jarraituz, Xiru jaialdia sorkuntzen erakusleihoa izanen da aurten ere. Apirilaren 8an, arratseko bederatzietan, “Oiherkoren Trajeria” pastoralaren aitzin aurkezpen laburra egiteaz gain, beste bi ikusgarri berezi emanen dituzte. Ronnie Lynn Patterson jazz piano-jotzailea entzuten ahalko da Mixel Etxekopar eta Beñat Achiaryrekin, eta jaialdirako sorturiko hirukotea da. «Jazzaren bidez euskal kantua bisitatuko dugu», adierazi zuen Etxekoparrek.
Eta, ondotik, Villenave d’Ascq herri frantseseko Farid Berki eta Christophe Jean dantzari eta antzerkilarien “Oud” ikusgarria emanen dute.
«Oiherkoren Trajeria» pastorala uztailaren 8an
Iazko udan sorturiko Hebendik taldeak lehenengo ikusgarria azalduko du aurtengo udan. Titika Rekalt-ek idatziriko testuaren inguruan elkarteko artistek pastoral berezi bat lantzea erabaki dute. Saioak egiten hasi dira, eta Xiru jaialdia baliatuko dute pastoralaren aitzin azalpen bat egiteko. Ikusgarria, osorik, Ahuskin antzeztuko dute datorren uztailaren 8an. Ondotik bigarren emanaldia izanen da. -
Uztaro elkartearen obra «Utürzabala» ibilaldian
BAIONA Azken hiru urteotan egin duten bezala, Iribarneko oihanetan “Ütürzabala” arte ibilaldia antolatu dute iganderako Xiru jaialdiaren karietara. Bertan, artista batek jaialdiko gaiarekin zer ikusia duten obrak ikusgai jartzen ditu, eta aurten Uztaro taldearen aldia izanen da. «Kirol ibilaldi bat da leku hori, eta azken hiru urteotan tokia baliatu dugu obrak azaltzeko; artistek urtero obra bat uzten dugu bertan. Aurtengoarekin hiru obra erraldoi ikusgai izanen dira bertan», erran zuen Mixel Etxekoparrek. Taldea Gonzalo Etxebarriak eta Eric Gelos artistek osatzen dute, eta 2 metro luze, metro 1 zabal eta 80 zentimetro altu den mahai bat landu dute. «Oihan horretan dauden aurreko bi obrek bertikalitatea azaltzen dute nagusiki; guk nahiago izan dugu eskultura horizontal bat egin. Eta, egunero inguruan ditugun gauzei garrantzia eman nahi izan diegu», azaldu zuten artistek. Gainera, eskultura jartzearekin batera, Uztaro taldearen lantegietan lanean ari diren ikasleen obren erakusketa izanen da. Eskoletako haurrek egindako maketak eta tokian berean Atharratzeko ikasleek eginen dituzten instalazioen erakusketa izanen da hura. Erakusketaren bisita igandean eginen da musikaren, dantzen, olerkiaren eta ipuin kontalaritzaren bidez. Horretarako, Mixel Etxekoparrekin batera, Samir eta Ilhame Elook kantariak, Bus Rouge fanfarrea, Rene Martinez kontalaria eta Renat Jurie eta JeanPierre Laffitte kantariak izanen dira.
|