Aldekoak eta kontrakoak asko ditu, baina bera entzun
eta hotz geratzen direnak gutxi. Ezaugarri oso nabarmenak dituen bertsolaria da,
bere pentsakera eta bizimodua ere oso nabarmenak direlako seguru asko. Gogor
aritu zen igandeko finalean ere, baina gutxitan erakutsi duen alde samurrena ere
agertu zuen, azken agurrean txapela amari eskainita. Bidean, hori bai, poto bat
egin zuen eta ia-ia txapela galtzeko zorian izan zen.
Gustura geratu al zinen egindako lanarekin?
Ni nahikoa gustura geratu nintzen. Handian eta txikian gustura jardun nuen, baina “Mainontzi”ren doinuan galdu egin nintzen, ez nuen apenas ideiarik burura ekartzen eta deseroso sentitu nintzen.
Kartzelakoan pena potoarena.
Neu ez nintzen ohartu potoaz. Poto hori erabakigarria izan zela uste dut puntuak emateko orduan. Bi puntuei erantzuterakoan ere bizi-bizi ibili nintzen eta nahikoa bertso onak izan zirela uste dut.
Bertso fuerteak izan zirela esango genuke, bai Aste Santuari buruzkoa bai Jesukristori buruzkoa.
Atzo aritu ziren nire inguruko zenbait bertso horiek juzkatzen, eta esan zidatenez, beste urteetan baino zertxobait makarragoa izan zen saioa, eta nire bertso horiek ez dut uste lekuz kanpo zeudenik. Beharbada egon dira bertso maila hobea eman duten finalak, baina giroa oso beroa zegoen eta jendea pozik atera zen inpresioa dut.
Zenbatgarren txapela duzu, laugarrena?
Bai, laugarren txapela dut. Manolo Arotzenak ere lau dituela uste dut eta Amets Arzallusek hiru izango ditu.
Asko prestatu al duzu txapelketa?
Prestatu baino gehiago pentsatu egin dut txapelketan. Askoz ere gehiago prestatu nuen Euskal Herrikoa. Sekulako gogoa neukan txapelketa honetarako, eta horrek ere lagunduko zidala pentsatzen dut puntu erdi hori ateratzen.
Euskal Herrikotik kanporatu izanaren arantza kentzeko balioko al dizu txapelak?
Txapelik atera ez banu, uste dut porrotaren sentipena izango nuela. Txapela jantziz, zertxobait arintzen dudala pentsatzen dut Euskal Herrikoan jasan nuen porrota.
Ama ere pozik edukiko duzu azken agurrean bota zenion bertsoarekin.
Lehendik erabakita neukan amari kantatuko niola, nahiz eta txapela eskainiko nion edo ez zalantzak nituen, noski.Kartzelako gaian ez zenuen zalantzarik
izan. Preso dituzun lagunengana jo zenuen.
Gaiak iradoki zezakeen bakarrik geratzen den pertsona helduago baten kasua, baina nik hurbiletik bizi izan dudan zerbait denez, neure koadrilako kontu errealago hori aukeratu nuen, gure belaunaldiarentzat gertuago dagoena. Eta uste dut Lur dantzalekuan entzuten zeuden askok eta askok gauza bera izan zutela buruan gaia entzun zutenean.
Zer moduz zabiltza plaza aldetik azkenaldi honetan?
Asteburuetan plaza dezente egiten ari naiz. Bertso afariak dira asko eta bertso bazkariak ere bai. Jokin eta Fredirekin nabil askotan, baina Igor edo Unairekin ere kantatu izan dut. Bertso afari eta bertso poteoa da gehien gustatzen zaidana.
Fredirekin eta Jokinekin afinitaterik baduzu, beraz?
Afinitate asko. Bertsolaritza bizitzeko modua da gehien elkartzen gaituena.Nik esango nuke bizitza ulertzeko modu bat
duzula eta gero bertsokeran islatzen dela hori.
Bertsolaritzan umore gehiago ikusten dut nire bizimoduan baino. Hori horrela da zoritxarrez. Bertsolaritza nahikoa txou moduan ulertzen dut. Umorea lantzeko bide bezala ulertzen dugu gehienbat bertsoa. Bide horretatik gabiltza Zaharrak Berri Txoun. Nire bizimoduan ez du umoreak horrenbeste leku.
Zure bizimoduan, dena den, bada halako
koherentzia bat, ideia batzuen arabera bizi nahi bat.
Ez dakit. Inposatua dagoen hori zalantzan jartzen duzun unetik modu desberdin batean bizi zara eta bertsotan ere agian horrek izan du eraginik.
Jarraitzen al duzu inguruan aldekoak eta
kontrakoak sentitzen?
Hori beti sentitu dut; politikoki dudan ideologiaz, gainera. Badut kontrakoak ditudalako sentsazioa, baina konturatzen ari naiz jende hori ere ohartu dela nire helburua bertsotan egitea bakarrik zela eta ez inor izorratzea, eta esango nuke beste begirada batekin ikusten nautela orain.
Bertsotan egiteko modu horretan bide bat
irekitzen ari zaren sentipenik ba al duzu?
Ez dut uste hainbeste denik. Beti pentsatu izan dut xumea izatean dagoela askotan handitasuna. Ez dut uste bertsolaritza derrigor bi mila entzuleren aurrean egin beharreko zerbait denik. Eta bertso bazkari edo afari batean edo taberna batean sartzen den bertsozale kopuru batentzat kantatzea ere gauza handia dela pentsatzen dut. Saio xume horiei benetako balioa ematen ikasi dut.
Gero eta kantaera sentituagoa nabari zaizu.
Zer garrantzi du kantaerak?
Saiatzen naiz melodiak sentimenduak ez ezabatzen. Barrenari askatzen utziz kantatzen saiatzen naiz, batzuetan melodia azkartuz edo makalduz.
Zure kantaera muturreraino eramanda,
neurria ezabatzera irits al zintezke?
Ez dut uste. Beste kulturetako inprobisazioetan, hip-hopean esaterako, neurririk ez dute, eta horiek esan izan didate neurriaren mende bizi garela, baina bertsolaritzak errima eta neurria bereak dituela uste dut eta ez dut asmorik hori hausteko. Orain, txapelketatik kanpo banago, ez zait inporta silaba bat gehiago edo gutxiagorekin kantzea. -