GUADALAJARA
Asier Altunaren “Sarean”ek film laburrik onenari dagokion saria irabazi du (Mexicoko) Guadalajarako XXI. Nazioarteko Zinemaldian. 7.000 dolarreko saria da.
“Sarean” immigrazioari buruzko film labur-laburra da, bost minutukoa. Orain dela hamar egun justu aurkeztu zuen Asier Altunak lehenengo aldiz, Donostian, Zinea eta Giza Eskubideen Topaketetan.
“Boga-boga” eta “Itsasoa laino dago” soinu-bandak lagun, arrantzaleak portutik atera dira eta sareak bota dituzte. Ikusleak dokumental etnologiko bat dela pentsa dezake, baina, arrantzaleak sareak biltzen hasten direnean, oso oker dagoela ikusiko du.
«Tranpa bat da», aitortu du Asier Altunak, eta horren zergatia ere azaldu du: «Izugarri gogorrak diren arren, hainbat irudik ez dute gugan beharko luketen inpaktua, horrelakoak sarri ikustearen ondorioz, immunizatuta omen gaudelako. Immunitate horren lozorrotik ateratzeko moduko zaplazteko gisa planteatu dut filma».
“Sarean” joan den udan filmatu zuen Altunak, Pasaian, «etxeko giroan», eta muntatu ere hala egin du, «lasai-lasai».
“Sarean” ez da Asier Altunak Guadalajaran Zinemaldian aurkeztu duen film bakarra. Izan ere, Telmo Esnalekin batean, “Aupa Etxebeste!” arrakastatsua ere aurkeztu du.