International Labour Organization delakoaren azken
txostenaren arabera, gaur egun langabe gehiago daude munduan orain dela hamar
urte baino. Okerrago oraindik, mundu osoan, nahiz eta Barneko Produktu Gordina
handitu, langabezia-tasa ez da jaitsi. Zeri dagokio langabezia?
Jakina denez, langabezia edo deflazioa, eskariaren
eskasiarekin loturik dago. Keynesen ustez, langabezia alboratzearren, eskariaren
urritasunari begiratu behar zaio. Hortaz, langabeziari aurre egiteko Keynesen
erremedioa: Estatuaren parte-hartzea eskari osoa handiagotzeko asmoz. Erremedioa
aspalditik jarri zen martxan. Kontua da beste arazo bat agertu zela: inflazioa.
Eta okerrena orain ezagutzen dugu: stagflazioa (langabezia gehi inflazioa).
Arazo bikoitz horri aspalditik eman dio erantzun
teorikoa Schmittek (Schmitt, 1984, “Inflation, Chômage et Malformations du
Capital”). Ekonomista horrek honako hau argudiatzen du: ondasunen produkzioan
parte hartzen duten faktore-kostuen ordainketak erosketan gastatuko den
diru-errenta sortzen duela. Horrek ez du esan nahi eskari osoaren prezioak
halabeharrez hornikuntzaren prezioa berdintzen duela. Izan ere, mozkina
produkzio-faktoreen kostuen gainetiko salmenten soberakoa da.
Modu honetan eskari osoa errenta-banaketaren teoria bati
dago loturik: mozkinak alokairuen birbanaketak dira, erosleek enpresei
transferitzen dizkietenak, prezioak faktore-kostuak baino handiagoak direnean.
Schmitten arabera, errentaren banaketan mozkinak
alokairuen birbanaketari dagozkio. Prezioak produkzio-faktoreen (langileen,
zentzu zabalean) kostuak baino handiagoak direnean, erosleengandik enpresetara
doaz mozkinak. Horrek honako hau esan nahi du: lan-indarrari ordaindutako
alokairuek, eta soilik haiek, output osorako ordaintzeko behar den diru-errenta
beharrezkoa eta nahikoa eratzen dutela. Beraz, funtsean, mozkinak eratzea eta
gastatzea alokairuen fluxu zirkularraren barnean sarturik daude: alokairuak
enpresek ordaintzen dituzte eta langileek eta (haiei alokairuak transferitzen
zaizkien heinean, langileen tokia hartzen duten) mozkin-irabazleek
ondasun-merkatuetan gastatzen dituzte.
Nahiz eta enpleguak output osoa ordaintzeko beharrezkoak
eta nahikoak diren alokairuak (hots, errentak) sortu, produkzioaren
errentagarritasuna merkatuen menpe geratzen da, hau da, erosketen menpe. Hortik
etorriko dira, etortzekotan, mozkinak.
Demagun ondoko kasu hau. Produkzio-maila baterako, eta,
ondorioz, enplegu-maila baterako (eta kontsumorako jarrera kontuan edukiz),
alokairu-irabazleak ez daude nahitaez prest produzitutako ondasunak enpresek
nahi duten mozkina barnean duen prezioan erosteko. Kasu honetan, enpresek beren
produkzioa murriztu egingo dute, eskain- tza eta eskariaren arteko ratio
egokiagoa segurtatzeko. Hortaz, enpresen mozkinak produkzio-faktoreen gaineko
prezioen gehikuntza dira, ez ekonomia osorako inolako errenta gehigarria.
Mozkinak alokairu transferituak dira, langileengandik enpresetara transferituak.
Schmitten teoria berri horren arabera, mozkinak ez dira alokairuei gehitu behar
zaien ezer; mozkinak langileengandik enpresetara, ondasunen salmentan,
transferitutako alokairuen parte bat dira. Mozkin-irabazleek langileen lekua
hartzen dute, alokairuak haiei transferitzen zaizkien heinean.
Enpresaburuek mozkinak alokairu-irabazleen (langileen,
oro har) kontura bereganatzen dituzte. Izan ere, produzitutako ondasunen
(kontsumo-ondasunen eta kapital-ondasunen) erosketan mozkinak gastatzen
direnean, mozkinen birbanaketatik probetxu ateratzen duten agente ekonomikoek
(interesetan eta dibidenduetan) eta enpresaburuek ondasunak eskuratzen dituzte,
alokairu-irabazleek irabazi ordez.
Beraz, A alokairuak produzitutako ondasunak erosten
gastatzen dira zuzenki edo zeharka (hots, mozkinen forman). Baina enpresaburuek
ondasunetan mozkinak gastatu barik, mozkin horiek gorde ditzakete beren
enplegatuei alokairu gisa ordaintzeko. Kasu horretan, M mozkinak ez dira
gastatzen merkatuan hornitutako ondasunak erosteko: haiek A’ alokairu berriak
eratzen dituzte, berriki produzitutako ondasun gehigarriei dagozkienak. Hortaz,
M mozkinek eta mozkinetatik or- daindutako A’ alokairuek A’ berdintzen duen
eskaria definitzen dute, ekonomian (M+A’) eraturiko errentaren ordez. (M
transferitua da, langileei aurretik ordaindutako alokairuetatik).
Bide horretan eraturiko eskariaren urritasuna ez da,
berez, itzulezinezkoa, zeren, alokairu-irabazleek beren alokairu berriak
gastatzen dituzten heinean, enpresaburuek beren mozkinak berreskuratu egiten
baitituzte, eta haiek ondasunetan gasta baititzakete.
Baina baldin eta mozkinak behin eta berriz, eta
proportzio handietan, alokairuak ordaintzeko erabiltzen badira, eskariaren
urritasunak kalte egin diezaioke enpleguari.
Malformazio hori mozkinetatik egindako alokairuen
ordainketari dagokionez, Schmittek banku-sistemaren fluxu monetarioen eta
finantzarioen aldaketa sakona proposatzen du, errentaren gastua
mozkinak eta errenta eratzea alokairuak ordaintzea erabat
bereizirik. Bide horretatik, alokairuak ordaintzeak eta mozkin-gordailuak
bankugin- tzan bertan bereizten dira. Hortaz, langabeziari aurre egiteko,
lehendabizi bankugintzan ondoko bereizketa bat egin behar da: alde batetik,
dirua jaulkitzea alokairuak ordaintzearren, bestetik, bankuek
gauzatzen duten finantziazioa diru-gordailuak eta hura mailegatzea, bi
departamentu horiek bereiztea.
Eskari osoa eta eskaintza osoa ez dira egokitzen
prezioen eta alokairuen bitartez, alokairuen fluxu makroekonomikoen bidez
baizik. Langabezia, bere erarik patologikoenean, eskari osoaren gabeziari
dagokio. Beste hitz batez esanda, defla- zioa ez dagokio inolako azterketa
mikroekonomikori, ezta portaerazko inongo mekanismori edo eragileri ere. Izan
ere, ikuspuntu mikroekonomikotik esan litekeenaren kontra, eskari osoa ez du
zehazten agente ekonomikoek gastatu nahi duten errenta kopuruak, baizik eta
globalki eskuragarri dagoen errenta kopuruak. Azken artekari moduan, bankuek
maileguz ematen dute beraiei maileguz ematen zaiena. Are gehiago, partida
bikoitzeko kontabilitatearen arauen arabera, bankuek beren bezeroek
gordailuturiko kopuru zehatza besterik ezin dute maileguz eman. Aktiboen eta
pasiboen arteko beharrezko balantzeak erakusten du hori horrela dela. Ondorioz
hauxe esan behar da: aurrezki mikroekonomikoek ez dute sortzen inolako eskari
makroekonomikoren murrizketarik. Baina, orduan, nola izan daiteke eskari
korrontea eskaintza korrontea baino txikiagoa?
Produkzioak errenta sortzen badu eta errenta osoak
eskari osoa sorrarazten badu, nola egon daiteke desberdintasun numerikoa
eskaintza osoaren eta eskari osoaren artean? Eta baldin eta eskari osoaren
gabezia langabezia patologikoaren ezaugarria bada, nola adieraz daiteke
stagflazioa? Inflazioa eskaintza osoaren gaineko eskari osoaren gehitze gisa
definituz, gerta ote daiteke benetan eskari osoa, aldi berean, eskaintza osoa
baino handiagoa eta txikiagoa izatea?
Schmitten arabera, inflazioak eta deflazioak, berez,
jatorri komuna dute kapital-metaketaren prozesu patologikoa, zeinak
elkarrekin bateragarriak izatea lortzen baitu. Horrek ez du esan nahi, hala ere,
bi anomaliak halabeharrez konkomitanteak direnik.
Inflazioa da gure sistema monetarioen
desfuntzionaltasunaren lehen anomalia. Mozkin inbertituen gordailu berrituak
numerikoki eskari osoa gehitzen du, eta sisteman eskuragarri dagoen unitate
monetario bakoitzean erosteko ahalmenaren galera eragiten du. Inflazioak
anomalia bakarra izaten segituko du, inbertsioak mozkingarriak izaten jarraitzen
duen bitartean, hau da, interes-tasa naturala merkatuko interes-tasa baino
handiagoa den artean, Wicksell-ek aspaldian erakutsi zuen moduan (1898/1965,
Interests and Prices). Hala ere, egoera hori behin-behinekoa da. Izan ere,
kapital finkoaren amortizazioak gainmetaketaren prozesua dagoela esan nahi
baitu. Horrela, kapitala gero eta arinago handitzen da; horrek mozkinen eta
kapitalen arteko ratioa txikiagotu egiten du nahitaez. Ratio hori merkatuko
interes-tasara hurbiltzen denean, enpresek utzi egiten diote beren mozkinen
kopuru osoa ondasun instrumentalen produkzioan (hots, kapital finkoan)
inbertitzeari. Kapitalean gehitze handiegia zeinak hura ordaintzea ezinezko
bilakatuko baitu alboratzearren, enpresen multzoak bere mozkinen parte bat
kontsumo-ondasunen produkzioan inbertitzen du. Horrek gehitu egiten du
ondasun-merkatuan ondasunen eskaintza osoa, eta hura erostea finantzatzeko
errenta eskuragarria aldatu gabe uzten da.
Banku-kontabilitatean departamentu finantzarioa eta
kapitalaren departamentua (hirugarren departamentua, berau) bereizirik ez
daudenean, inbertsioak errenta erreal bat errenta nominal huts batez ordezkatzea
eragiten du. Kapital-metaketaren prozesuaren maila goiztiarrean hori gertatzen
de- nean, gehitze nominalak inflazioa baino ez du ondorioztatzen. Hala ere,
geroagoko maila batean gertatzen bada, kapital finkoko ondasunen produkzioa
neurri batean alokairu-ondasunen pro- dukzioak ordezkatzen duenean, gehitze
nominala ez da gai eskaintza errealeko gehikuntzara iristeko. Kontsumo-ondasun
berriak erosteak erosketa-ahalmen positiboa behar du, eta errenta erabat
nominalak ez du ahalmen hori. Beraz, deflazioa kapital-metaketaren prozesu
patologikotik dator. Prozesu hori maila jakin batera iritsiz gero gertatzen da,
non kapital finkoak ezin baitu gehiago hazi lehen handitu zen abiaduran.
Kapitalaren gainmetaketa (eskari osoaren hedadura
inflaziogilearen bereizgarria) eta kapital-metaketaren gutxitzea (eskaintza
osoan gehikuntza deflaziogilearen bereizgarria) biak gertatzen dira errentaren
eta kapitalaren bereizketa logikoa ez delako islatzen bankuetako
kontabilitate-egituran. Hortaz, anomalia inflaziogileari eta deflaziogileari
amaiera emateko, halabeharrezkoa da kontabilitatean moneta-erreforma egitea,
alegia bankugintzan hiru departamentu bereiztea: departamentu monetarioa,
departamentu finantzarioa eta kapital finkoari dagokion hirugarren
departamentua. (Arazo sakon horretaz sakontzeko ikus “Langabeziaren aurka:
bankugintzaren garrantzia”, 2005, Elhuyar). -