Ikasle eta sindikatuen beste enbidoa Gobernuari, CPE ken dezan
·Senatuko eta Asanblea Nazionaleko UMPko taldeek kudeatuko dituzte Chiracek agindu dituen egokitzapenak
BAIONA
Gaur, Estatu frantseseko sektore publiko eta pribatuko langile sindikatu guztiak eta ikasle erakundeak berriro kaleratuko dira Gobernuari Lehen Lan Kontratua (LLK-CPE) ken dezala exijitzeko. Otsailaren 7az geroztik antzeko deialdia egiten duten bosgarren aldia da. Azken bietan joan den asteartekoan eta gaurkoan, gainera, lanuzteak egitera ere deitu dute. Astean, tokian tokiko mobilizazioek ez dute etenik izan. Hala, atzo bertan Baionan lizeoetako hainbat ikaslek elkarretaratzeak egin zituzten, joan den ostiralean Donibane Lohizuneko Ravel lizeoko 300 bat ikaslek egin zuten moduan.
Ostiralean Jacques Chirac presidentearen diskurtsoaren ondotik, UMPko buru izanik, Nicolas Sarkozyk hartu du bere gain krisiari aterabidea bilatzeko zeregina, nahiz eta, Dominique de Villepin gobernuburua agerian ez uzteko, Asanblea Nazionaleko eta Senatuko UMP taldeetako arduradunek kudeatuko dute atzo bertan indarrean sartu zuten legean aldaketak egiteko ardura.
Chiracek agindu zuen legean egokitzapenak egingo direla LLK-ko probaldia urtebetera jaisteko eta kaleratzeko arrazoiaz ugazabak langilea informatzera behartzeko. Norabide horretan, sindikatu eta ikasle eragileekin harremanetan hasteko lehen urratsak egin ditu UMPk. Haiek ez dute, haatik, atzera egin eta gaurko mobilizazio deialdia bere horretan mantendu dute.
Segik LLKren helburua «gazteak eskubiderik gabeko kolektiboa» bilakatzea dela salatu eta inposizio hau Euskal Herrian bizi den errealitatean ulertu behar dela adierazi du. «Euskal gazteak Euskal Herrian aske ikasi, bizi eta lan egiteko eskubidea» aldarrikatu eta gaur Baionan egingo duten mobilizaziora deitu du.
LABek «LLKren borrokatik ‘Berdintasun Aukera Planaren’ borrokara» pasatu behar dela eta belaunaldi eta lanbide guztietan eragina duela esan du.
|