Oihana LLORENTE | Ikasle Abertzaleak taldeko kidea
«Bolognaren bidez, pakete osoa saltzen digute hobekuntza gutxi batzuen truke»
Europa osoko ikasleak bildu ziren Bakaikun, Bologna prozesuaren gaineko eztabaida abiatzeko asmoarekin. Bertan izan zen Oihana Llorente IAko kidea, eta, azaldu duenez, ikasle mugimenduak aktibatzea ezinbestekoa da hezkuntza sistemaren prozesu homogeneizatzailea gelditzeko. Ostegunean egingo duten Baterajotze Nazionalari buruz, euskal ikasleen eskubideen lekuan lekuko azterketa egin eta garatzeko premia nabarmendu du.
Europako Ikasleen Foroan parte hartu ostean, Oihana
Llorentek Bologna prozesu homogeneizatzailea baztertu du, eta euskal ikasleei
eragiten dien hezkuntza sistema errotik aldatu behar dela nabarmendu du.
Italiatik, Kataluniatik, Galiziatik, Alemaniatik, Greziatik, Portugaldik,
Norvegiatik eta Estatu espainoletik eta frantsetik etorritako ikasleak Bakaikun
bildu zituen foroaz ere jardun da. Herrialde horietako hezkuntza sistemak
ezberdinak izanda ere, IAko kideak azaldu du Bologna prozesuarekin «guztiz
desdos» daudela adierazi dutela.
Zeintzuk izan dira Europako ikasleen
bilkuran atera dituzuen ondorio nagusiak? Bakaikuko Deklarazioa egin dugu bertan bildu garen
ikasle guztien artean. Batetik, guztiok batzen gaituen testuingurua finkatu dugu
egungo eredu neoliberalaren arabera eraikitzen ari diren hezkuntza sistema
ikasleon ikuspegitik aztertuta. Hezkuntzak herritarren zerbitzura eta
herritarren eskura egon behar duela esaten dugu, eta uko egin diogu Europa osoan
hezkuntza homogeneizatzaile bat izateari. Bestetik, pribatizazioaren aurkako
jarrera hartu dugu, hezkuntzak ez baitu elite baten esku egon behar; herri
bakoitzak erabaki behar du zer-nolako hezkuntza eredua eraiki nahi duen, eta
horretarako herri-eztabaida beharrezkoa da. Bitarte horretan, Bologna prozesua
eta horrek ekarri dituen legeak gelditzea eta Europako ikasle mugimenduak
aktibatzea beharrezkoa ikusten dugu.
Aipatu duzun Europako hezkuntza ereduen homogeneizazioak zer ondorio ekarriko dituela aurreikusten duzue?
Batetik, Euskal Herrian bizi dugun egoera dela-eta, bi curriculum ditugu: frantsesa eta espainola. Bologna prozesuak aurrera egiten badu, ikasketa guztiak Europa osoan zehar homologatu ahal izango dira, eta horrek edukien homogeneizazioa dakar. Beraz, Euskal Herrian hiru curriculum inposatu izango genituzke: Europakoa, frantsesa eta espainola. Bestalde, Europako hizkuntzak izango lirateke nagusi, eta euskara, egun bigarren mailan izanik, etorkizunean hirugarren mailan egongo da.
Jakinduria merkaturatzea, unibertsitate elitista, prekarietatea areagotuko duen hezkuntza sistema... Ezer positiborik ba al du Bologna prozesuak?
Euskal Herriko unibertsitateetan aldaketa baten beharra ezinbestekoa dela ikusten dugu; egun dugun hezkuntza ereduak okerrera egitea oso zaila dela ikusten dugu, eta Bologna prozesuak zenbait hobekuntza ekartzen dituela egia da, pedagogia aldetik nagusiki. Halere, pakete guztia saltzen digute hobekuntza gutxi batzuen truke.
Bolognak aurrera egingo balu, zer aldaketa gertatuko lirateke euskal ikasleei eragiten dieten LOU eta LMD legeetan?
Printzipioz, Bologna prozesua aplikatzeko lehen pausoak dira. Eskubide demokratikoak urratzea, ikasleek gero eta pisu txikiagoa edukitzea, dezentralizazioa kentzea... Halako legeak estatu guztietan egin dira Bologna prozesura abiatzeko. Hezkuntza sistema ezberdinetatik etorritako
ikasleen bilkura izanik, ba al zen desberdintasunik Bologna prozesuari buruzko
azterketan? Harritu gintuen orain zazpi urte ziurrenik euskaldunok eta norvegiarrek ezer komunean ez izateak. Bologna prozesuak ikasleen arteko harremana sendotu du arazo komun bat dugulako. Prozesuak denoi eragiten digu Europa eraikitzeko baina herri bakoitzak bere egoera du.
Ostegunera begira, bederatzi arrazoi aurkeztu dituzue; ikasleei urratzen zaizkien bederatzi eskubideak.
Urteak daramatzagu gure eskubideen alde kalera ateratzen. Euskal Ikasleon Eskubideen karta hor daukagu, 9 eskubide aintzat hartzen dituena edozein ikasmaila eta ikas-adarretan. Lekuan lekuko azterketak egin dira eta gure dinamika da ikastetxe bakoitzak borroka propioa sortzea. Apirilaren 6an Baterajotze Nazionala daukagu.
Hezkuntza prozesuan subjektu izateko eskubidea ere aldarrikatzen duzue. Zer parte-hartze du ikasleak hezkuntza sistemaren bilakaeran?
Ikasleak edukien irensletzat jotzen gaituzte; azken egunean dena memorizatzen duena soilik da ikasle fina. Gure ustez, beste eskola eredu bat behar da benetan subjektu izaten eta ikasten duguna praktikan jartzen ikasteko, beste balio mota batzuk jorratu eta ikasleria ikastetxean parte hartzera bultzatzeko. Horren adibide da ikasturte amaieran egiten diren baxoa eta selektibitatea. Hiru egunean bi urtean ikasitakoa azterketa baten bidez kontrolatzen da, eta horren arabera hurrengo ikasmailarako ateak ireki edo ixten zaizkigu ikasleoi. -
|