DONOSTIA
Donibane Lohizunek berdinean amaitu zuen bigarren faseko hirugarren partida eta lehen itzuliko azkenekoa. 22-22 amaitu zen Massyren, sailkapeneko lehengoaren, aurkako neurketa 1.000 ikusleren aurrean.
Partida estua izan zen, eta azkenean bietako inork ezin izan zuen garaipenik eskuratu. Euskaldunek entsegu bakarra egin zuten, eta talde osoak egin zuen bultzaka-bultzaka. Haisagerrek transformazio bat eta lau zigor-kolpe gauzatu zituen. Donibane Lohizune hirugarren dago 5 punturekin. Hala ere, lehen itzulian hiru partidatik bi etxetik kanpo jokatu ditu.
Bigarren Mailan, seigarren multzoan, euskal derbia izan zen Baigorrin Nafarroaren eta Angeluren artean, eta etxekoek 32 eta 17 irabazi zuten. Zelanek egin zuen lehendabiziko entsegua, eta zigorrengatik etorri zen bigarrena. Zelanek bi transformazio eta bost zigor-kolpe egin zituen, eta Amestoik zigor-kolpe bat gauzatu zuen. Guillotek egin zuen Angeluren entsegu; eta Olasok, berriz, lau zigor-kolpe.
Bokalek 13-6 irabazi zion Orteseri. Lamothek entsegua egin zuen, eta berak bi zigor-kolpe eta transformazio bat egin zituen. Sailkapenean, Bokale lehenengo dago 43 punturekin; Nafarroa bigarren, puntu kopuru berarekin, eta Angelu azkenbigarren dago 28 punturekin.
Zazpigarren multzoan, 9 eta 9 berdindu zuen Maulek Astaracekin, eta lehen postua galdu du sailkapenean. Orain, bigarren jarri da 45 punturekin.
Gaztedik doi-doi lortu du Ohorezko B Mailarako igoera fasean aurrera jarraitzea, Bartzelonan 33-18 galdu baitu. Azkenean, puntu batengatik sailkatu da Cornellarekin azken kanporaketa jokatzeko