- Errugbia (Heineken Kopa)
Biarritzek hilaren 22an hartuko du Bath Anoetan
·16.00etan hasita jokatuko dute finalerdietako norgehiagoka
DONOSTIA
Biarritz eta Bath hilaren 22an larunbata neurtuko dira Anoetan, Donostian, Europako Kopako finalerdiak jokatzeko. Norgehiagoka 16.00etatik aurrera izango da, eta irabazleak finala jokatuko du, Europako Federazioak atzo baieztatu zuenaren arabera.
Biarritzek lan handia eginda lortu zuen finaletan sartzea; batez ere bigarren zatian atzean oso seguru aritu zen, eta Bobok lehen zatian lortutako entseguari etekin latza atera zion. Zuri-gorriek iaz ere finalerdiak jokatu zituzten, baina orduan Parisen izan ziren Stade Françaisen zelaian, eta azkeneko unean, garaipena eskuetan izan eta gero galdu zuten. Aurten dena alde dute, etxean arituko baitira, eta berriro ere giro aparta izango da Anoetan. Partida atzokoa baino garrantzitsuagoa izango da, eta giro ezin hobea egongo da. Garrantzitsua izango baita talde euskaldun bat izatea Galesen jokatuko duten final handian.
Hala ere, Biarritzek orain beste partida garrantzitsu batzuk izango ditu finalerdietan aurretik, eta horietan lehena Tolosa izango da asteburuan. Partida hori Akizen jokatuko dute, Agileran sar daitezkeen baino sarrera eskari handiagoa baita. Biarritzen zelaia berritze lanetan dago. 7.000 ikusle inguru sartzen dira gaur egun, eta Biarritzek Akizera eramateko erabakia hartu du, Frantziako Federazioak Frantziako Ligako partida Gipuzkoan jokatzeko baimenik ez baitu ematen. Biarritz egun Frantziako Ligako txapelduna da, eta Tolosa, Europako txapelduna, nahiz eta azken-laurdenetan kanpoan geratu den.
Bestetik, ez dirudi Lievremontek Donostian izan zuen lesioa larria denik, eta azkenean litekeena da Tolosaren aurkako partidarako ere jokatzeko moduan izatea.
|